Iritzia

Luis Aranburu udal musika eskola: euskaraz ikasteko ezintasuna

Erabiltzailearen aurpegia Miren Argote eta Iñaki Iratzoki 2022ko aza. 8a, 16:00

Luis Aranburu udal musika eskola, Gasteizko Hedegile kalean. / Argazkia: GOOGLE MAPS

"Eskatu nahi dugu beharrezko planifikazioa egin dadila, baliabideak jarriz eta beharrezkoak diren neurriak hartuz ume guztiek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten".

Luis Aranburu udal musika eskolako guraso talde bat gara, eta kezka handiz ikusten dugu gaur egun eskolan euskaraz ikasteko dauden zailtasunak.

"Sei talde eskaintzen dira gazteleraz, eta bakarra euskaraz"

Sei eta zortzi urte arteko neska-mutilek, esaterako, oso-oso zail dute Musika Lengoaia ikasgaia euskaraz ikasi ahal izatea. Ikasgai hori musika ikasi nahi duten ume guztiek derrigorrean egin beharrekoa izanik, ez dago inolako orekarik hizkuntzei dagokienez: sei talde eskaintzen dira gazteleraz, Hedegile kaleko egoitza nagusian; eta bakarra euskaraz, egoitza nagusitik kanpo, Uruñuelan.

2021eko ikasturtearen amaieran, egoera honen berri jakin genuenean, gure desadostatsuna adierazi genuen, eta ume guztiek euskaraz ikasi ahal izateko baliabideak eta planifikazioa eskatu genituen. Banakako talde aldaketa batzuk egin ziren, baina aldaketa esanguratsurik ez: sei talde gazteleraz eta bakarra euskaraz.

Horregatik, honakoa eskatu nahi dugu:

  • Udal musika eskolan beharrezko planifikazioa egin dadila, baliabideak jarriz eta beharrezkoak diren neurriak hartuz ume guztiek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten.
  • 2023-24 ikasturtea hasteko oraindik ere hamar hilabete falta diren honetan, gaia landu dadila, goian aipatutako desoreka nabarmen hori ez dadin errepikatu 23-24 ikasturtean.

Gure eskaera ulertuko duzuelakoan,

Miren Argote eta Iñaki Iratzoki, beste 90 sinatzaileren izenean (gehienak bertan ikasten duten umeen gurasoenak, batzuk bertan musika ikasten ari direnenak, atxikimendua adierazi dioten herritarrenak...).

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago