Iritzia

Iruña-Veleia auzia ez da amaitu

Erabiltzailearen aurpegia Iruña-Veleia Martxan 2022ko urr. 26a, 11:58

Iruña-Veleia aztarnategia, Iruña Okan. / Argazkia: GOOGLE EARTH

"Inskripzio berri bat aurkitu genuen martxoan, harresia garbitu zutenean. Harremana eduki dezake Eliseo Gilen taldeak topatutako beste hamabi inskripzioekin, faltsutzat eman direnak".

Iruña-Veleiako ostraken auzia zoritxarrez ez da amaitu, eta Ana Del Val Arabako Kultur Diputatuak ondo asko daki. Izan ere, aurtengo maiatzean berarekin bilera bat izan genuen, bertan grafitoei hiru froga arkeometriko egitea eta ostrakak aurkitutako lekuen inguruan kata kontrolatuak egitea eskatu genion.

Froga arkeometriko horien bitartez, grafitoak benetakoak edo faltsuak diren behin betiko argi genezake.

  1. Karbonato kaltzikoen analitika: ostraka batzuetan, hainbat hizki karbonato kaltzikoz estaliak daude, eta, karbonatoa benetakoa bada, azpian idatzitakoa ere bai.
  2. C-14 froga, hizkiak dituzten hezurretan: hauen adina argituko digute.
  3. Termoluminiszentzia froga: esaldi idatziak dituzten adreiluak noiz egosi ziren esango digu.

Froga horiek egiteari uko egin zion Diputatuak, epaiketa bat egin dela argudiatuz. Saiatu ginen azaltzen epaiketa horretan faltsutzat jotzeko froga bakarra Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko Navarro jaunak aurkeztutakoa izan zela, eta ez zirela egin goian aipatutako hiru horiek, ezinbestekoak direnak.

"Navarrok erabilitako sistema ez da sekula grafito batzuk benetakoak diren ala ez argitzeko erabili"

Navarrok erabilitako sistema hori ez da sekula grafito batzuk benetakoak diren ala ez argitzeko erabili. Aurkeztu zuen frogaren arabera, hainbat metal modernoren arrastoak topatzen ziren grafitoetan. Dena den, lekuko frogarik ez zuen egin; benetakoak direla argitu den garaiko beste pieza batzuetan metal modernorik aurkitzen den ala ez eta ze kantitatetan jakin ahal izateko.

Izan ere, piezak garbitu eta manipulatzean arrastoak geratzen dira beti. Gainera, ez zuen kontraste frogarik egin; hau da, ez zuen argitu pieza bat gaur egun faltsutzean zenbat metal arrasto uzten dituen. Epaiketan Albisu perituak agertu zuenez, gutxienez Navarro jaunak topatutakoa baino hamar bider metal moderno arrasto gehiago agertu ohi dira.

Beraz, ez dugu uste auzi hau argitua dagoenik. Horrez gain, hilabeteko lehen igandero goizeko hamaiketan egiten dugun bisitan, inskripzio berri bat aurkitu genuen martxoan, harresia garbitu zutenean. Bertan, "ATA" irakurtzen da, eta gurutze bat du gainean. Horren berri eman genion Ana Del Vali, babestu eta ikertu dezan eskatuz. Berak baietz erantzun zigun arren, gaur egun baserik gabe jarraitzen du oraindik, eta, ziurrenik, ikertu gabe. Guk, gure aldetik, harlauza honen berri eman diogu epigrafista bati, eta berau babesteko konpromisoa hartzen dugu; inskripzio horrek harremana eduki baitezake aztarnategian Eliseo Gilen taldeak topatutako beste hamabi "ATA" inskripzioekin, faltsutzat eman direnak.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago