Hezkuntza Legearen aurreproiektuak lantzen dituen atalen artean, itundutako ikastetxeak hezkuntzako zerbitzu publikoaren parte gisa hartzea da bere berritasun nagusia eta kezkagarriena. Ikastetxe publikoen antzeko estatusa ematen zaie, bien izaera parekatuz trikimailu juridiko-finantzarioen bidez, "kontratu-programak", kasu.
"Ikastetxe pribatu-itunduek finantzaketa publiko handiagoa eta estatus berri "herrikoiago" bat lortzen dute"
Era horretan, ikastetxe pribatu-itunduen eskariei erantzuten zaie. Hauek finantzaketa publiko handiagoa eta estatus berri "herrikoiago" bat lortzen dute, eufemismoz beteriko "Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko" batean sartuko baitira, baina titulartasun pribatuari eta ondareari eutsiz, euren —kasu gehienetan— izaera elitistarekin batera. Jokaldi trebea, iritzi publikoa nahastu nahian.
Testuan ez da kontuan hartzen gure hezkuntza-sistemak duen egiturazko anomalia, hain zuzen, eredu dual bat, publikoa eta pribatu-itundua, non sare bakoitzak ikasleen %50 inguruko proportzioan eskolatzen dituen. Sare publikoaren ehuneko hori oso urrun dago Europako Batasuneko herrialdeetan dagoen batez besteko %80tik. Izan ere, ongi finkatutako irakaskuntza sistema publikoak dituzte, beren hezkuntza sistemetan erreferente nagusi izanik, hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoa jasotzeko eskubidearen bermea izateaz gain. Eskola publikoa gizarte anitz eta demokratiko baten oinarrizko zutabea da desberdintasun sozialak murriztu nahi dituen herrialde batentzat, aukera berdintasuna bertatik eskaintzen duelako.
Aitzitik, aurreproiektuak onartu egiten du statu quo delakoa, eta normaltzat ematen du sare pribatu-itunduaren neurrigabeko presentzia hori, lege honekin are sendoagoa izango dena. Banaketa horri zuzentzeari eta sare publikoa sustatu eta bere eskolatze-tasa pixkanaka handitzen duten neurriak hartzeari (EBko mailen antzeko gehiengo kualifikatu bat lortu arte), uko egiten dio, ordea. Horretarako, ezinbestekoa litzateke hezkuntza publikoa indartzeko Plan Estrategiko bat burutzea, finantzaketa handiagoarekin batera. Besteak beste, Eskola Maparen diseinu berri bat sare publikoari lehentasuna emango liokeena, eskola-adinean dagoen populazio osoari behar adina plaza bermatuz, baita ikastetxe publikoak udalerri bakoitzean eskola publikoa eskainiz ere. Zoritxarrez, egun ez dago horrelakorik.
"Ez da aipatzen ikasle zaurgarriak eskolaratzean sortzen den segregazioaren arazo larria, gehienak ikastetxe publikoetan pilatzen direlako"
Bestalde, ez da aipatzen ikasle zaurgarriak eskolaratzean sortzen den segregazioaren arazo larria -jatorria, arrazoi sozioekonomikoak edo beste edozein arrazoi dela eta-, gehienak ikastetxe publikoetan pilatzen direlako. Hala, desoreka handia sortzen da, horrek gehiegizko esfortzuak egitera behartzen duelarik. Baina, ulertezina bada ere, Administrazioa geldirik eta beste aldera begiratzen du, bi sareen artean erabat desorekatutako matrikula jario hori fenomeno naturala balitz bezala, bera erantzule nagusia izanda.
Halaber, sare pribatu-itunduan gertatzen den legez kanpoko kuoten kobrantza ez da aipatu ere egiten, Lakuaren baimenarekin ahalbidetzen den arren. Finantzazio irregularreko praktika hau vox populi ezaguna bada ere, badirudi inoiz ez dela gauzatu, amnistia fiskalaren antzeko zerbaitek ezkutuan gordeta geratuko baita.
Beraz, zentro publikoen eta pribatu-itunduen arteko ustezko parekotasuna erakutsi nahi da, guztiz ezberdinak izan arren, edozein analisiak frogatzen duen bezala. Nahikoa da ikastetxeen atarian jartzea eta begiratzea.
Harrigarriena eta aldi berean etsigarriena zera da: Eusko Jaurlaritzak bere burua ezkerrekotzat duten indar politikoen babesa duela; publikotasunaren aldeko erakustaldia egiten dute esparru guztietan, hezkuntzan izan ezik. Zer du hezkuntzak hain ezberdin, arlo publikoa eta pribatua parekatu nahi izateko? Onartezina litzateke beste edozein esparrutan, neoliberalismoaren eredu garbiaren eredu bezala.
"Osasun arloan pentsaezina litzateke antzeko egoera bat, Osakidetza eta klinika eta ospitale pribatuak parekatuko zituen lege bat, alegia"
Osasun arloan pentsaezina litzateke antzeko egoera bat, Osakidetza eta klinika eta ospitale pribatuak parekatuko zituen lege bat, alegia. Eta paralelismoari jarraituz, noiz irakurri ahal izango dugu antzekorik Hezkuntzaren webgunean? "Osakidetzaren helburua pertsona guztiei osasun sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzea da. Gaur egun, euskal osasun publikoa euskal gizartearen lorpen kolektiboa da, erreferentziako eredua". Esan liteke Administrazioak ez duela bere burua ikusi nahi Euskal Eskola Publikoan, nahiz eta bere titularra eta arduradun nagusia izan.
Azken finean, lege honek hezkuntza sistema publikoaren desegite programatuaren hasiera dakar, sare pribatu-itunduaren onurarako, eskola publikoa gizarte-bazterkeria kasuak eskolatzeko ia soilik bideratuko lukeena. Eta horrelako amarruari legezko bidea emateko, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea indargabetzen da, eskola publikoa legezko estaldurarik gabe, bere kasa, utzita. Hori atzerakada larria da aitorpen instituzionalari dagokionez, ahaztu egiten delako guztion eskola dela, irekia, plurala eta desberdintasunen berdintzailea.
Bestela esanda, Euskal Eskola Publikoa urtu egiten da "Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko" iruzur horretan, ikastetxe pribatu-itunduen neurrira diseinatuta, egitura juridiko-finantzario berri bati esker hurrengo hamarkadetan beren etorkizun ekonomikoa diru publikoarekin bermatzeko. Paradoxikoki, lege hau pandemian zehar zerbitzu publikoen garrantzia funtsezko eremuetan egiaztatu denean iritsi da. Dirudienez, hezkuntza ez da funtsezko arloa lege hau sustatzen dutenentzat, saldu eta erosi daitekeen zerbitzu bat baizik, hezkuntza sistema publikoa baztertuta gelditzen bada ere.
Sinatzaileak: Eli Lamarka Iturbe, Jon Moñux Argote eta Iñaki Izagirre Iriondo, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen izenean.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.