Iritzia

Arabako Mendiak Aske elkartearen jakinarazpena

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Mendiak Aske 2022ko ira. 30a, 12:00

Arabako Mendiak Aske plataformak aurten egindako mendi martxetako bat. / Argazkia: A.M.A

"Proposatzen ari zaizkigun ereduak, orain EH Bilduko zuzendaritzaren eskutik, ez dio erantzuten natura gune horiek babesteari, eta enpresa transnazional energetikoen esku dagoen eredua jarraitzen du izaten".

Esparru politiko eta sozial desberdinetatik egin zaigun interpelazioari erantzunez, Arabako Mendiak Aske plataforma herrikoia, independentea eta afiliazio politikorik gabekoa dela gogorarazteko beharra ikusten dugu. Ultraeskuindarrei jokoa egiten diegula zein alderdi jakin bateko kide garela leporatzen digute; errealitatetik ezin urrunago daude.

"Gure helburua da euskal mendiak eta komunala defendatzea zentral eolikoak instalatzeak dakarren industrializazio eta suntsipenetik"

Gure helburua da euskal mendiak eta komunala defendatzea zentral eolikoak instalatzeak dakarren industrializazio eta suntsipenetik. Eredu energetiko sozial baten alde gaude, eraginkorra, sakabanatua, ez pribatizatzailea eta bioaniztasunaren suntsitzailea ez dena; hau da, orain arte egin diren proposamen guztiei alternatiboa.

Hasierako borroka ildo beretik jarraitzen dugu: "Ez mendietan", "Babestu maite duzun mendia". Proposatzen ari zaizkigun ereduak, orain EH Bilduko zuzendaritzaren eskutik, ez dio erantzuten natura gune horiek babesteari, eta enpresa transnazional energetikoen esku dagoen eredua jarraitzen du izaten. Ez dugu alternatiba bezala ikusten, planetaren muga biofisikoak alde batera uzten dituen eredu desarrollista baten jarraipena baizik. Eredu horrek zibilizazio krisi hau eragin du, eta, bere horretan jarraituz gero, egoera larriagotu baino ezin du egin.

"Mendiak bazterketa eremu izan behar dute azpiegitura erraldoi horientzako"

Ausardia eskatzen diegu politikariei krisi honi bere osotasunean heltzeko, gizarteari itxaropen faltsurik eman gabe. Energia berriztagarriek ezin dituzte erregai fosilak ordezkatu. Dena ezin da elektrifikatu. Natura ingurunea eta landa ingurunea dira gure biziraupenaren oinarriak.

Gure bizitzekin jarraitzeko lurraldea sakrifikatu behar dela saldu nahi digun dikotomia faltsuak bizitza ahalbidetzen duten baldintza ekologikoak suntsitzera garamatza. Gure ustez, alderdiek proposatzen dituzten epe laburreko estrategiek ez dute oparotasunik ekarriko lurraldera.

Sortu zenetik, energia berriztagarrien aldeko plataforma gara; aldiz, inposatutako oinarrien, estrategiaren eta hedapenaren aurka gaude. Eztabaidak, hitzaldiak, mobilizazioak eta mendi martxak antolatzen eta bultzatzen jarraitzen dugu; aldi berean alegazioak ere aurkezten ditugu eskumena duten erakundeen aurrean, proiektu horiek mendilerroetan eragingo lituzketen betirako kalte konponezinez ohartarazteko.

Horregatik diogu berriro ere mendiak bazterketa eremu izan behar dutela azpiegitura erraldoi horientzako.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago