IRITZIA

Urtaran, Mercedeseko akziodunen zerbitzura

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Herreros, ELA sindikatua 2022ko ira. 23a, 11:26

Gasteizko alkatearen eta Mercedesko nagusiaren arteko bilera. V/G

Gasteizko alkatearen eta EAJren papera argi geratu da beste behin: multinazionalarekiko morrontza, baldintzarik gabe, zernahiren kontura.

Kontaezinak dira erakunde publikoek Mercedes Benzen zerbitzura jartzen dituzten baliabideak, horren lekuko izan gara aurten. Eta komunikabideak erabiltzen dituzte ordezkaritza sindikalari presioa egiteko, grebarako eskubidea zalantzan jarriz eta langileak desmobilizatzen saiatuz. Hala egin zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak "gatazka saihesteko elkarrizketa" eskatu zuenean. Bere ustez, lortzea sindikatuen erantzukizuna zen inoizko inbertsiorik garrantzitsuena.

Ildo beretik doaz  Iñigo Urkullu lehendakariaren taldeak Alemaniara, Mercedesera, egindako bisita ofizialak, konpainiarekin baldintzarik gabeko lankidetza duela erakusteko, eta horrek are gehiago lausotzen du ordezkari politikoak eta patronala banatzen dituen lerro fina.

Nahiz eta inork gutxik uste duen Mercedesen inbertsio iragarpenak akordioa sinatzearen ondorio direnik, zenbaitek bake sozialaren testuingurua baliatu nahi dute propaganda politikorako: adibidez, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez zuen aukera hori pasatzen utzi eta berehala eman zion Mercedes Benzi baldintzarik gabeko babesa, Zabalganeko parkea eskainiz multinazionalak bertan lantegia zabal zezan.

Zabalgana parkea bezalako baliabide natural eta publiko bat, Gasteizko nortasuna osatzen duen eraztun berdearen zati bat, inolako zalantzarik gabe errekisatu ahal izateko aukera eskaini izanarekin bakarrik harritu beharko ginateke. Baina errealitatea da norabide neoliberal/kapitalistak, horrelako egoerak normalizatzeaz gain, legitimatu egiten dituela industria garapenaren eta enpleguaren izenean.

Azkenik, Mercedesek beste leku bat aukeratu du handitzeko, baina Gasteizko alkatearen eta EAJren papera argi geratu da beste behin: multinazionalarekiko morrontza, baldintzarik gabe, zernahiren kontura.

ELAren helburua euskal langileriaren lan baldintzak hobetzea da, negoziazio, enpresa eta sektore bakoitzean. EAJko ordezkari politikoek ere euren burua langile klasearen defendatzaile jotzen dute egunez egun eraikitzen duten sare klientelarra justifikatzeko ez beste helbururekin.

Aski da horrelako adierazpenak normalizatzea, horren azpian dagoena herritarren subiranotasuna eta ekintza sindikalaren askatasuna galtzea baita; eta ondorioak oso larriak izan daitezke.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago