Iritzia

Udal gobernuaren denborarekiko pertzepzioa eta Salburuko bizilagunena ezberdina da

Erabiltzailearen aurpegia Salburuko Eskola Bideak 2022ko abu. 2a, 19:00

Salburua auzoko Errekabarri eskola publikoa, Iliada ibilbidean. / ALEA

"Urgentziazkoa zebrabide bat zabaltzean eta irisgarri egitean datza. Mugikortasun eta espazio publikoko arduradunen deirik jaso dugu atzerapenaren arrazoia azaltzeko? Ez. Errekabarriko ikasle eta gurasoek eta Salburuko bizilagunok ez dugu horrelakorik merezi".

Einsteinek argitu zuen bikien paradoxa erlatibitatearen teoria garatu ostean. Paradoxa hau gurera ekarrita ondokoan datza: Gasteizko gobernu taldeko kideak abiadura handiko espazio-ontzi batean Lurretik aldenduko balira, Gasteizera itzultzean bertako biztanleak baino gutxiago zahartu direla ikusiko lukete. Hau da, teoria honen arabera, denbora eta espazioaren neurriak erlatiboak dira, eta ez absolutuak. Eta hori da Salburuan eskola bideak gauzatu nahi ditugun auzokideen pertzepzioa: udal gobernuaren erlojuetan denbora motelago doala eta Lurretik aldendu ez baina Salburutik aldendu egin direla.

"Abuztuaren hasieran gaude, eta ez dugu aldaketarik ikusten Errekabarri eskolaren sarreran"

Salburuko eskolen inguruak seguruak izateko, moldaketak egin behar dira espazio publikoan. Udal gobernu taldeari 2021ean eskatu genizkion urgentziazko aldaketa minimo batzuk egitea eskolen inguruan dauden errepideetan. Urgentziaz, bai, eskolaren ingurutik pasatzen diren ume zein nagusiek segurtasunez eta autonomiaz eskolara joateko eskubidea dutelako.

Aldaketa batzuk egin ziren, baina ez udal gobernuak agindutako epeetan. Egiteko dauden obrak joan den 2021-2022 ikasturtean gauzatzeko konpromisoa hartu zuten. Hainbat atzerapenen ostean (edo udal gobernua espazio-ontzi batean bidaiatzen egon delako), Salburua eskolako obrak 2022ko irailean egingo direla esan digute, eta Errekabarri eskolan egin behar diren obrentzako data bat agindu ziguten: 2022ko ekainaren 15a. Abuztuaren hasieran gaude, eta ez dugu aldaketarik ikusten Errekabarri eskolaren sarreran.

"Udal gobernuari espazio-ontzitik jeitsi dadila eskatu nahi diogu. Ah! Eta obrak berehala has daitezela"

Hau irakurtzen ari zaren hori: aldaketa handiak ote diren galdetuko diozu zeure buruari. Ba ez, urgentziazkoa zebrabide bat zabaltzean eta irisgarri egitean datza. Mugikortasun eta espazio publikoko arduradunen deirik jaso dugu atzerapenaren arrazoia azaltzeko? Ez. Errekabarriko ikasle eta gurasoek, eta Salburuko bizilagunok ez dugu horrelakorik merezi. Gainera, atzerapenetara ohituta dagoen komunitatea gara, zazpi urtez eskola baten zain egon eta gero. Iliada kaleko zebrabide horren obrak irailean hasiko dira? Ziur asko. Eskolaren aurrean trafiko asko eta umeak eta autobusa... daudenean (kotxeen ilara bikoitzak ahaztu gabe), garairik korapilatsuena da obra batzuei hasiera emateko.

Eskola Bideak proiektuan gaudenok urtez urte eta pausoz pauso aurrera goaz, gure ahalmenen araberako ekimenak eginez, auzoko kaleetatik segurtasunez eta modu autonomoan ibiltzeko. Oinak eta burua Lurrean ditugu, eta udal gobernuari espazio-ontzitik jeitsi dadila eskatu nahi diogu. Ah! Eta obrak berehala has daitezela.

Sinatzailea: Salburuko Eskola Bideak taldea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago