Iritzia

Ordenagailuen mailegu eredua, xahutzearen kulturaren adierazle

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko institutu bateko gurasoak 2022ko mai. 20a, 10:00

Chromebook gailu bat. / Argazkia: GOOGLE

"Eusko Jaurlaritzak gailu baten mailegua eskaintzen du ikasle bakoitzeko: DBHn Chromebook-ak, eta Batxilergoan Windows sistema eragilearekin. Guk ez dugu beste ordenagailu bat izan nahi, iazkoarekin soberan dugulako".

Gasteizko institutu bateko DBHko ikasleen guraso talde bat gara, eta gure kezka zuekin partekatzeko idazten dizuegu.

Iaz, ikastetxeak erabaki zuen DBHko 1. mailako ikasleak hasiko zirela Chromebook-arekin lan egiten, eta ordenagailua erosi behar izan genuen.

"Maileguaren kontratua atzera botatzeak berekin dakar beste dispositibo bat lortzeko aukerarik ez izatea hurrengo lau urteetan"

Aurten, Digitalizaziorako Europako Funtsa dela eta, Eusko Jaurlaritzak gailu baten mailegua eskaintzen du ikasle bakoitzeko: DBHn Chromebook-ak, eta Batxilergoan Windows sistema eragilearekin. Guk ez dugu beste ordenagailu bat izan nahi, iazkoarekin soberan dugulako. Mailegukoa hartzen badugu, etxean gordetzeko izango litzateke.

Bestalde, argitu digute maileguaren kontratua atzera botatzeak berekin dakarrela Eusko Jaurlaritzatik beste dispositibo bat lortzeko aukerarik ez izatea hurrengo lau urteetan, ikasleak ikastetxe berean jarraitzen duen bitartean. Horrek suposatzen du Batxilergoan, behintzat 1. mailan, ez dugula aukerarik izango banatuko dituzten ordenagailuak (Windows) izateko.

Orduan, atera daitekeen ondorioa honako hau da:

"Xahutzearen kulturaren adierazlea da. Eta, gainera, hori ez da oso eredu hezitzailea gure seme-alabentzat"

Hartu ordenagailua behar ez duzunean, behar izango duzunean ez duzulako aukerarik izango. Jarrera hori zentzugabea iruditzen zaigu eta ez dator bat izan beharko genukeen kontsumo arduratsuarekin. Xahutzearen kulturaren adierazlea da. Eta, gainera, hori ez da oso eredu hezitzailea gure seme-alabentzat.

Gailu pila bat erosi dira, eta badakigu zer dakarren horiek ekoizteak, erabiltzeak eta deuseztatzeak: energia eta agortzen ari diren elementuak eta materialak kontsumitzea.

Gure kezka ulertuko duzuelakoan, har ezazue agur bero bat.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago