Eredua aldatzeko unea da

Erabiltzailearen aurpegia Kike Fernandez de Pinedo eta Eva Lopez de Arroyabe, EH Bilduko batzarkideak 2022ko mai. 2a, 10:30

Uztaraba plana aurkeztu du EH Bilduk.

EH Bilduk plan bat proposatzea erabaki du: Uztaraba. Eztabaidara irekitako ibilbide-orria, lurraldean benetako elikadura-subiranotasuna lortzeko jarraitu beharreko bidea adosteko eta bistaratzeko.

Duela bi urte norbaitek kontatu izan baligu azken boladan bizi duguna, ez genukeen sinetsiko. Duela bi hilabete kontatu izan baligute  zer zegoen iristeko, ez genuen sinetsiko. Gaur datozen asteetarako etorkizunerako iragarpen bat egitea kostako litzaiguke. Izan ere, hainbat faktoreren pilaketak erne jartzen gaitu eta bestelako egoera sozioekonomiko baterako prestatzera behartzen gaitu, ezinbestean. Gertaeren abiadurak birkokatu, eta erabaki sakonak, premiazkoak, estrategikoak eta modu partekatuan hartzera behartzen gaitu.

Nekazaritzako elikagaien sistema globalaren kolapso nabarmen baten aurrean gaude, eta agerian geratu da huts egin duela, kontraesanez betea, errukigabea dela ekoizten duten pertsonekin, eta baita kontsumitzen dutenekin ere, sinestea zaila bada ere.

"Korporazio handien anbizio ekonomikoak muga guztiak gainditu ditu"

Gaur egungo sistema jasangarria omen da, errespetuzkoa bide da, eta eraginkorra dela errepikatzen digute, baina gezurra da. Merkatuen liberalizazioa ez da eraginkorra izan. 2022an elikagaien hornidurarik eza, energia-hornidurako arazoak, garraioko arazoak eta lehengai eskasia pairatu ditugu; beraz, alertan jartzea, daukaguna berrikustea eta ziurtasuna, segurtasuna eta ongizatea eskainiko diguten alternatibak bilatzea dagokigu. Azken hamarkadetan nekazaritza-eredu eredugarria bezala saldu digutena, gaur egun lurra lantzen dutenen premiei ere ez die erantzuten, ez da gai biztanleria modu zuzen eta orekatuan elikatzeko, eta desberdintasun ekonomiko eta sozialak areagotu ditu, hirien eta herrien arteko aldea handituz, hiri handien eta lurraldearen artekoa, asfaltoaren eta lurraren artekoa... Korporazio handien anbizio ekonomikoak muga guztiak gainditu ditu, eta pertsona behartsu eta mendeko ugariren arrastoa utzi du. Mugitzeko garaia da, eta nekazaritzako elikagaien sistema solidario, atsegin eta bidezkoa proposatzekoa.

Dagoeneko hemen dagoen klima-aldaketaren egoerari beste faktore batzuk gehitzen badizkiogu, hala nola egungo energia-krisia eta kostuen igoera orokortua, argi ikusiko dugu erabakiak hartzeko unea iritsia dela. Planeta bakarra daukagu, eta ez du ahaztuko nola tratatzen dugun; beraz, elikagaiak ekoizteaz gain, lehentasuna du lurra, animaliak eta pertsonak babesteak. Datuak hor daude: EAEn kontsumitzen dugun energiaren % 45 garraioak sortzen du, eta zati handi bat elikadura-sistema globalizatuari zor zaio, erregai fosiletan, plastikoetan eta gainerakoetan oinarritutako sargaiez gain. Klimarekiko konpromisoak elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko modua aldatzea eskatzen digu, eta modu jasangarrian egitea. Ez dezagun ahaztu Europako “baserritik mahairako” estrategiak 2030erako ekoizpenaren % 25 ekologikoa izatea markatzen duela. Honen aurrean ezin ditugu besoak gurutzatu. Mugitzea tokatzen zaigu.

"Funtsezkoa da neurri zehatzak hartzea, lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintza eredu bat lehenetsiz"

Horregatik, EH Bilduk plan bat proposatzea erabaki du: Uztaraba. Eztabaidara irekitako ibilbide-orria, lurraldean benetako elikadura-subiranotasuna lortzeko jarraitu beharreko bidea adosteko eta bistaratzeko, posible delako. Asmo handiko plana da, bai, eta hiriaren eta lurraldearen arteko berregokitzapena eskatzen du, sozializazioaren eta landa-harrotasun kolektiboa berreskuratzearen bidez. Plan horren bidez, elikadura-autosufizientzia lokal eta ekologikoko helburu zehatzak lortu nahi dira, 2050. urtean Araban tokiko elikagaien kontsumoa % 80koa izan dadin. Zailtasunaren jakitun gara, baina egungo egoerak urratsak ematea, eta ausartak izatea eskatzen digu. Funtsezkoa da neurri zehatzak hartzea, lurrari lotutako nekazaritza- eta abeltzaintza-eredu bat lehenetsiz, ingurumenaren aldetik anbizio handikoa eta erakargarria, etorkizuneko belaunaldientzako bizimodu gisa. Sektore independente, autonomo eta errentagarri baten aldeko apustua egiten dugu, kalitatezko produktuen eskaintza handitu eta prezio duinean salduko dituena.

Ez du balio egungo nekazaritzako elikagaien sistemari berniz berde edo bioteknologiko bat emateak, beste eredu baterako trantsizioaren aldeko apustu irmoa egin behar da. Biraketa hori lortzeko, akordio zabalak eta borondate politikoa behar dira. Elikagai Kontseilu bat sortzea proposatzen dugu, eskualdeka, non administrazioak, lehen sektoreak, Landa Garapen Elkarteek, kooperatibek eta nekazaritzako elikagaien enpresek, tokiko erakundeek eta gizarte-eragileek parte hartuko duten, lurralde- eta eskualde-mailan estrategiak sortzeko. Aldaketen konplexutasunaz jabetuta, ezin dira neurri puntualetan geratu; aitzitik, modu egokian aldaketa bat bilatu behar dute nekazaritzako elikagaien ziklo osoan, tokiko elikagai osasungarrien ekoizpenean, eraldaketan, banaketan eta kontsumoan. Horrekin batera, ohiko nekazaritzatik sistema agroekologikoetaranzko trantsizio progresiboak erraztu behar dira, dibertsifikazio handiagoa bilatuz, baratzezaintzara eta produktuen dibertsifikaziora bideratutako hiri-inguruko espazioak sustatu, sarrera berriak, lur publikoa, trazabilitate soziala, nekazaritzako elikagaien zentro logistikoak, kontsumo-ohituren aldaketak, lurra lantzen duten pertsonen baldintza duinak, etab.

Ez da lan erraza, baina bide hori jorratu behar da. Araban, gainera, lurraldearen herena baino gehiago nekazaritza-lurra da. Egungo datuekin, gaur, zerealak, esnea, arrautzak, patatak eta beste elikagai batzuekin buruaskiak izan gaitezke lurraldean. Horrelako apustu batek lagunduko luke tokiko ekonomia sustatzen, merkataritza-sistema zuzenagoak lortzen, herri eta eskualde landatarrenak biziberritzen, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea bizirauten, estrategia klimatikoari aurre egiten, elikadura osasungarriagoa eta elikagarriagoa izaten, eta lurra eta biodibertsitatea hobetzen. Azken finean, planeta hoztuko genuke Arabatik, guztiok irabaziz. Merezi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago