Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren atxiloketa inkomunikatuaren eta espetxeratzearen aurrean, testu hau sinatzen dugun kazetari eta herri komunikabideok elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu Pablori eta haren senide, lagun eta kideei. Espetxeratzea bidegabea dela uste dugu, eta horregatik berehala aske uzteko eskatzen dugu.
"Espetxeratzea bidegabea dela uste dugu, eta horregatik berehala aske uzteko eskatzen dugu"
Gerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko. Hala ere, gerra guztietan bezala, kazetariak ere helburu militar bihurtzen dituzte. Badirudi ez dituztela lekuko deserosoak nahi eta prentsari eraso egiten diote, informazio askatasuna urratuz. Zentzu horretan, kezkagarriak dira Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen Europako Batasunaren deriba autoritarioa, eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak.
Euskal Herriak bertatik bertara ezagutzen du prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketa. Lurralde honetan komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituzte. Gainera, gaur egun, Espainiako Estatuan Mozal Legeak indarrean jarraitzen du, eta lege bidegabe horren bidez, testu hau sinatzen dugun hedabide eta kazetari askori isuna jarri digute edo jazarri gaituzte.
"Prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria da, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan"
Horregatik guztiagatik, ondo dakigu Pablo eta haren senideak sufritzen ari diren egoera oso latza eta makurra dela. Hori dela eta, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Europako erakundeei eta Pabloren askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu nahi diegu Pablo lehenbailehen etxera ekartzeko lanari ekin diezaiotela.
Askotan frogatu da presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela, horretarako egiazko indarra jartzen denean. Ziur gaude hala izango litzatekeela Pablo Errusian atxilotu izan balute. Beraz, berriz ere gogorarazi behar dugu prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan.
Pablo askatu!
Sinatzaileak
Manifestua sinatu duten hedabideak:
Ahotsa.info, Eguzki Irratia, ZuZeu, 97 irratia, Zintzilik irratia, Esan Erran irratia, Hala Bedi irratia, Aiaraldea Komunikabidea, Txapa irratia, Antxeta irratia,
Manifestua sinatu duten kazetariak:
Anakoz Amenabar (Arabako ALEA), Aritz Martinez de Luna (Arabako ALEA), Erlantz Anda (Arabako ALEA), Estitxu Ugarte (Arabako ALEA), Mikel Buruaga (Arabako ALEA), Amaia Lekunberri (ARGIA), Axier Lopez (ARGIA), Lander Arbelaitz (ARGIA), Jon Torner (ARGIA), Xabier Letona (ARGIA), Eneritz Arzallus (ARGIA), Jenofa Berhokoirigoin (ARGIA), Zigor Oleaga (ARGIA), Estitxu Eizagirre (ARGIA), Mikel Garcia (ARGIA), Pello Zubiria (ARGIA), Urko Apaolaza (ARGIA), Peru Iparragirre (ARGIA), Felix Thommen (Mediabask), Patrick Graciet (Mediabask), Ludivine Charniguet (Mediabask), Mikel Irastorza (Mediabask), Anaiz Aguirre (Mediabask), Willy Roux (Mediabask), Irati Esparza-Guimon (Mediabask), Claire Jomier (Mediabask), Goizeder Taberna (Mediabask), Oihana Larzabal (Radio France), Bixente Vrignon (Radio France) eta Iban Etxezaharreta (Radio France), Arantxa Idieder (Euskal Irratiak), Kriztof Arotzarena (Euskal Irratiak), Ihintza Arrieta (Euskal Irratiak), Karlos Zurutuza (freelance), Menane Oxandabaratz (Herria astekaria), Ane Zabala (BilboHiria irratia), Juan Kruz Lakasta (Euskalerria Irratia), Zubero (Euskalerria Irratia), Haritz Pascual Garjon (Euskalerria Irratia), Reyes Ilintxeta Jimenez (Euskalerria Irratia), Pello Argiñarena Urriza (Euskalerria Irratia), Iosu Ganuza Garcia (Euskalerria Irratia), Lohizune Amatria Zabalz (Euskalerria Irratia).