Arabarron memoria

Zeintzuk dira sarraskiaren biktimen eskubideak bermatzeko "beste mekanismo" horiek?

Erabiltzailearen aurpegia Martxoak 3 Elkartea 2022ko mar. 23a, 12:47

Martxoaren 3ko biktimen omenezko monolitoa, aurtengo omenaldian. / ALEA

"PSOEk ez du inoiz borondate politiko argirik izan gaiari heltzeko, Estatuak egindako urraketa aitortzeko eta erantzukizunak argitzeko. Beste mekanismo horiek zeintzuk diren publikoki azaltzeko eskatzen diogu".

PSOEren inkoherentzia eta hipokrisia salatzen dugu. Izan ere, sarraskiaren urteurrenean eraildakoen omenezko monolitora loreekin joan eta egun gutxira, Espainiako Kongresuko Bozeramaileen Batzordean erakutsitako jarrerarekin, duela 46 urtetik eskatzen ari garen Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubideari ate guztiak ixten jarraitzen du.

"PSOEren jarrera anbiguoa izan da beti; Egia ezagutzearen, Justizia egitearen eta sarraskiaren biktimen erreparazioan laguntzearen aurkakoa"

Madrilgo Kongresuko sozialisten bozeramaileak bere taldearen jarrera justifikatu du, "beste mekanismo batzuk" daudela esanez.

Zein mekanismoz ari zara? Elkarte hau era guztietara saiatu da, maila politikoan, judizialean eta instituzionalean, bai barruan, bai nazioartean, eta PSOEren jarrera anbiguoa izan da beti; Egia ezagutzearen, Justizia egitearen eta sarraskiaren biktimen erreparazioan laguntzearen aurkakoa. PSOEk ez du inoiz borondate politiko argirik izan gaiari heltzeko, Estatuak egindako urraketa aitortzeko eta erantzukizunak argitzeko.

Horregatik, adierazpen horiei erantzunez, eraildakoen senideak, zaurituak eta poliziaren jarduera kriminal hartatik bizirik atera ziren pertsonak biltzen dituen kolektibo gisa, "beste mekanismo" horiek zeintzuk diren publikoki azaltzeko eskatzen diogu PSOEri, loreetatik ekintzetara pasatzeko unea delako. Bada garaia Espainiako zigorgabetasun eredu jasanezin horrekin amaitzeko. Ezinezkoa da bizikidetza demokratikoa eraikitzea estatu-indarkeriaren biktimok pairatzen dugun diskriminazio eta utzikeria instituzionalaren gainean.

"Ezinezkoa da bizikidetza demokratikoa eraikitzea estatu-indarkeriaren biktimen diskriminazio eta utzikeria instituzionalaren gainean"

Ez da PSE-PSOEk horrela jokatzen duen lehen aldia. Martxoaren 3an bertan, Eusko Legebiltzarrean atzera bota zuen Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren "erantzukizun politiko eta penala ikertzeko eta argitzeko" Espainiako Gobernuari beharrezko neurriak har zitzala eskatzeko proposamena. Orduan, PSEk zioen ekimenak "zalantzazko sinesgarritasuna" zuela.

Era berean, Arabako Batzar Nagusietan antzeko ekimen bat ez zuen babestu, ezta Gasteizko Udaleko beste adierazpen instituzional bat ere, PSNk Iruñeko Udalean babestu zuen arren. Baina irainen eta inkoherentzien zerrendak ez du mugarik. PSEk eta EAJk behin eta berriz batu dituzte euren botoak gizateriaren aurkako krimenengatik frankismoaren aurkako kereila arabar bat martxan jartzea eragozteko.

Horra zer gertatu den. Horregatik guztiagatik, tematzen jarraituko dugu eta ez dugu etsiko ahanzturara kondenatu nahi gaituen lotsaren horma hau hausteko ahaleginean. Ez dute lortuko eta lanean jarraituko dugu, ez baikaude bakarrik injustiziaren aurkako borroka honetan. Pertsona eta gizarte eragile askok laguntzen digute hasiera-hasieratik zigorgabetasunaren aurkako borroka honetan.

"PSEk eta EAJk behin eta berriz batu dituzte euren botoak frankismoaren aurkako kereila arabar bat martxan jartzea eragozteko"

Gero eta handiagoa da jasotzen ditugun elkartasuna eta atxikimenduak. Ildo horretan, eskerrak eman nahi dizkizuegu aurkeztutako ekimen guztiengatik, horien alde bozkatu duzuen talde politikoen babesagatik, bai eta egitateak argitzeko eta sarraskiaren erantzukizun politikoak argitzeko gure eskubideetan aurrera egiteko beste ahalegin batzuengatik ere.

Lanean jarraituko dugu. M3MORIA daukagu eta EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA eskatzen ditugu.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago