Iritzia

Josean Galera diputatuari gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Mendiak Aske 2022ko mar. 9a, 12:30

Josean Galera, Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua (EAJ). / Argazkia: AFA-Quintas

"Ingurunearekiko erakusten duen mespretxuak eta harrokeriak energia enpresen interes korporatiboekiko duen atxikimendua argi adierazten dute, nahiz eta duen kargu publikoaren ardura Arabako natura ondarea sustatzea eta zaintzea beharko lukeen".

Arabako Mendiak Aske elkartetik Josean Galera Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza diputatuak joan den asteburuan komunikabide bati egindako adierazpenak arbuiatu nahi ditugu ("Espero dut inoiz damutu behar ez izatea Subillan gasa ez bilatzeagatik", El Correo egunkarian).

Pertsonaia honek natura ingurunearekiko erakusten duen mespretxuak eta harrokeriak energia enpresen interes korporatiboekiko duen atxikimendua argi adierazten dute, nahiz eta duen kargu publikoaren ardura Arabako natura ondarea sustatzea eta zaintzea beharko lukeen. Ingurumeneko Diputatuak energia berriztagarrien aldeko apustua egitea beste erremediorik ez dugula dioenean, ez du bere erantzukizunean fokurik jartzen, horrelako azpiegiturak ezarri ahal izateko oinordetzan utzi dizkiguten ekosistema helduak eta autoktonoak babestea dena.

Josean Galera, El Correo egunkarian: "Espero dut inoiz damutu behar ez izatea Subillan gasa ez bilatzeagatik"

EAJren kargu instituzionalek, PSEren konplizitatearekin, trantsizio energetikoa deiturikoan egiten ari diren apustua argia da: enpresa elektrikoak berriztagarrien merkatuan birkokatzea erraztu, urteetan ingurumen politikek egindako lana bertan behera utzita. Bai, Galera jauna, astero aurkitzen ditugu baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko berriztagarriak ez diren azpiegitura-proiektu berriak. Erakundeen aldetik mugarik ez duten ekimen pribatuen proiektuak, biodibertsitate balio izugarria mantentzen duten kokapenetan. Ez da zarata, errealitatea baizik.

Esan duzu Aixeindarrek atzera egin zuela Arkamu eta Iturrietako kokapenetan. Gogorarazten dizugu Aixeindar Iberdrolak %60an eta Eusko Jaurlaritzak %40an osatzen dutela, eta, balio immateriala duten eremuak finkatzen dituztela industrializatzeko asmoz. Beste izen baten azpian ezkutatutako instituzioen eskua da, hasiera batetik, ingurumenaren arlotik onartezinak diren kokalekuak proposatzen dituena. Gauza bera gertatzen da Azazetako Gasteizko Mendiekin, non, zuek (Aixeindarrek) sustatutako industria eoliko batek justifikazioa izan dezan, ez diozuen eremu horri Baliabide Naturalak Antolatzeko Planak ematen dion babesaren estalpea eman. Izan ere, ondo diozunez, egoera berrira egokitu beharra dago.

"Beste izen baten azpian ezkutatutako instituzioen eskua da ingurumenaren arlotik onartezinak diren kokalekuak proposatzen dituena"

Gauza bera gertatzen da Labrazako herriaren mendiaren industrializazioari dagokionez; izan ere, mendi horretan ere zure ideia nagusi hori da gailentzen dena, hau da, instalazioan gutxi gastatzea eta kilowattak etengabe sortzen direla bermatzea. Administrazio Batzarrak ez du onartzen jendea bizi den eremutik kilometro batera baino ez dagoen kokapen hori. Gainera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotakoaren aurka doa.

Galera jauna, argi dago proiektu horiek ez dutela hirigintza-araudia betetzen, nahiz eta zure administrazio makineria joko arauak aldatzen saiatzen hasia den jada. Denari egin dakioke lekua elektrikoen erresuman, zuek sustatzen dituzuen sustatzaileek hirigintza edo ingurumen muga gutxi aurkituko dituztelako; izan ere, azken horiek ere zuzendu egiten dira paperean, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurrien bitartez. Ez, Galera jauna, ez dizkiogu katuari bost oin bilatzen. Espezie guztien bizitzak aurrera jarrai dezan beharrezkoak izango diren balio ekosistemikoak gordeko dituen lurralde baten alde gaude.

"Beste energia eredu baten alde gaude, sakabanatua eta ez zentralizatua dena"

Bizi dugun energia krisia aurrerapenaren ideiari lotuta dagoen hazkunde esponentzial baten emaitza da, planetaren baliabide guztiak agortzen ari dena. Ideia hori energia korporazioen gehiegizko aberastasunean oinarritzen da, klase herrikoiak pobretzearen ondorioz. Are gehiago, Energiaren Nazioarteko Agentziak ere ohartarazi du elektrikentzat zerutik eroritako onura handiez, gasaren prezioa dela eta.

Zer eredu eskaintzen dute enpresa horiek beste energia mota baterako trantsizioa egin ahal izateko, hartara igarotzerakoan suntsitutako lurralde eta herriak utzi ondoren? Natura ondarearen suntsitzea eta pribatizatzea justifikatzeko gerra bat erabiltzea aitzakia maltzurra da, korporazio horien interesen aldeko iritzi egoera sortzeko.

Behin eta berriz diogu: beste energia eredu baten alde gaude, sakabanatua eta ez zentralizatua dena, gizarte kudeaketan oinarritua dagoena eta gune naturalak eta landa eremua babesten dituena.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago