Konpondu gabeko Iruña-Veleiaren arazoa oraindik Auzitegi Konstituzionalak hartuko duen erabakiaren menpe dago, zeren Eliseo Gilek, grafitoak aurkitu eta faltsutu izana leporatuta 2008ko azaroan aztarnategitik bota zuten arkeologo taldeko zuzendarikideak, babes-errekurtsoa aurkeztu baitzuen, epaitegiak "erruduntasunaren froga bat ere" aurkeztu gabe eta "aurkikuntza horiek faltsutzearen ondorio direla zientifikoki frogatu" gabe kondenatu duelako.
"Epaiak Eliseo Gil kondenatzen du, baina berak bere eskuz grafito garaikideak egin zituela behar bezala frogatu ez dela aitortzen du"
Izan ere, epaiketaren epaia bera kontraesanetan erortzen da: Eliseo Gil kondenatzen du, baina "berak bere eskuz grafito garaikideak egin zituela behar bezala frogatu ez dela" aitortzen du.
Baina kondenatzeko, grafitoak "berez edo hirugarren batzuen bidez" egin zituela gaineratzen du, eta hori ezinezkoa da, "behar bezala frogatu ez denez gero" berez egin ez zituelako, eta "hirugarren" horiek existitzen ez direlako, hamaika urteko prozesu judizialean ez baita identifikatu epaian bat-batean aipatutako hirugarrenik.
"Epaitegia erantzun horrekin konformatu eta ez zuen jo grafitoak grabatu direneko garaia zehazteko baliabideak badituzten laborategi adituengana"
Beraz, epaitegiak kondenatu egiten du baina ez du frogarik, nahiz eta 2012ko uztailean aditu-txosten bat eskatu zion Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari, grafitoei buruzko informazioa eskatzeko, zehazki "antzinatasuna". Baina Erakundeak "datatzeko teknikarik ez daukala" erantzun zion. Eta kitto, epaitegia erantzun horrekin konformatu eta ez zuen jo grafitoak grabatu direneko garaia zehazteko baliabideak badituzten laborategi adituengana.
Horren erraza izango zen konponbidea, baina benetako arazoa hauxe da: erakunde politiko, unibertsitario, zientifiko, kultural eta judizialek, zerbaitengatik, grafitoen datazioa egiterik nahi ez dutela, egia ezagutzeko bide bakarra bada ere.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.