Eskerrik asko, Sorne

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko ots. 8a, 13:38

Lantzale kultur taldeko kidea izan zen Sorne Fernandez de Retana –erdian–, besteak beste, Xabier Agirre edota Jeni Prietorekin./ ALEA

"Gertutasunagatik, bere entzuteko gaitasunagatik, bere irribarreagatik..."

Eskerrik asko bizitzari Sorne bezalako irakasleak oparitzeagatik. Bere gertutasunagatik, bere entzuteko gaitasunagatik, bere irribarreagatik, euskara eta gure kulturarekiko maitasunagatik...

Momentu batez triste jarri banaiz ere, zeinen oroitzapen ederrak ditudan ohartzean, poztasuna tristurari gailendu zaio, bere irribarrea buruan dudalarik.

Zazpi urterekin hasi nintzen kontserbatorioan. Sorne lengoaia musikaleko irakaslea zen, eta euskaraz irakasten zuen bakarra, gainera. Zoritxarrez, nire piano eskolek bere klaseekin kointziditzen zutenez, ezin izan nuen berarekin ikasi. Gerora, Gradu Erdiko lehenengo mailan, biolina bigarren instrumentu gisa aukeratu eta berarekin ikasteko plazera izan nuen. Eta ez horrenbeste instrumentuagatik, inoiz ez baizitzaidan biolina gehiegi gustatu. Eta ez nuen batere ondo jotzen. Baina berarekin dena errazagoa zen, eta oso gustora joaten nintzen.

Euskara eta politikari buruz berarekin hitz egitea oso gustoko nuen. Beti aipatzen nizkion nire iritzi eta hauteskunde aurreikuspenak, eta adi-adi entzuten ninduen irribarre goxo batekin.

Biolin kontzertuak "merendola" ederrekin ospatzen genituen, eta nahiz eta primeran aritu ez, beti zuen hitz politen bat edo besarkada bat emateko.

Duela zazpi bat urte, kontserbatorioa amaitu eta urte batzuetara, Dendarabako aretoan topo egin genuen berriro ere. Haur abesbatza zuzentzen nuen garai hartan. Kontzertua amaitu ostean niregana hurbildu eta besarkada handi bat emanez zeinen harro zegoen esan zidan. Beti bezala, gertutasun eta samurtasunez.

Zu bezalako irakasleei esker izan dut argi beti irakasle bokazioa. Irakasle onenak gogoratzen ditugun horiek omen dira, eta nik beti izango zaitut gogoan, Sorne.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago