Iritzia

Francisco Aita Santuari gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Memoria Gara 2022ko ots. 7a, 14:00

Memoria Gara plataformaren agerraldi bat, San Frantzisko elizaren parean. / ALEA

"Aita Santu, Gasteizko Elizbarrutiko Gotzaindegiaren aurrean bitartekari izatea eskatzen dizut, hiriari eta munduari irekitako Memorial proiektua gauzatu ahal izateko. Urteak daramatzate proiektu horren zain biktimek eta Gasteizko herritar guztiek".

Aita Santu maitea:

Memoria Gara elkartearen izenean idazten dizut. Talde horren helburu nagusia Gasteizko San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko biktimen memoria-zentro bihurtzea da.

Jarraian, gutun honen zergatia azalduko dizut.

"Elkartzeko eta batzarrak egiteko lekurik ez zegoenez, langile auzoetako apaiz askok beren parrokietako ateak ireki zituzten horretarako"

1970eko hamarkada nahasian, Espainian diktaduraren amaiera hurbil zegoela, Espainiako gizartea, eta bereziki euskal gizartea, mobilizatzen hasi zen demokrazia eta bizimodu hobe baten alde.

1975. eta 1976. urteetan, Gasteizko langile xumeak beren patroiei lan eta ekonomia hobekuntza batzuk eskatzen hasi ziren, garai hartan zituzten jornalak ozta-ozta iristen baitzitzaizkien bizitzeko. Nagusiek ez zituztenez haien eskaerak onartzen, hainbat mobilizazio eta greba egin ziren, horietako asko diktadurako poliziak zapalduak. Garai hartan elkartzeko eta batzarrak egiteko lekurik ez zegoenez, langile auzoetako apaiz askok beren parrokietako ateak ireki zituzten horretarako. Parrokia horietako bat Zaramagako langile auzoan dagoen San Frantzisko eliza izan zen.

Eliza horrek balio handia du arkitekturaren ikuspegitik ere, arkitektoaren (Luis Peña Gantxegi) ospeagatik eta agora edo fededunen bilera-plazaren diseinu iraultzaileagatik.

"Bost langile hil ziren. Ordutik, San Frantzisko eliza memoriaren eta oroitzapenaren ikur bihurtu da hiriko herritar guztientzat"

Testuinguru horretan, 1976ko martxoaren 3a iritsi zen. Langileek denbora asko zeramatzaten mobilizatzen. Animoak bero-bero zeuden. Greban zeuden langileen batzarra egin zen elizan. Eliza jendez gainezka zegoen. Bilera hasi zenean, Polizia agertu zen, eta balak eta ke-poteak botatzen hasi zen elizaren barruan eta kanpoan. Bost langile hil ziren. Ordutik, San Frantzisko eliza memoriaren eta oroitzapenaren ikur bihurtu da hiriko herritar guztientzat.

Badira urte batzuk eliza horretan mezarik egiten ez dela. Gaur egun, aldarea jaiotza batek hartzen du, eta konponketa asko behar dituen eraikina Gabonetan bi astez baino ez zaio irekitzen publiko urri bati. Duela zenbait urte, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak Gasteizko Elizbarrutiko Gotzaindegiari lokala lagatzeko eskatu zion, bisita gidatuak eta hainbat ekitaldi egiteko. Gotzaindegiak leku barregarri eta xehe bat utzi zuen eraikinaren izkinetako batean, eta erdiko nabetik burdinazko barrotez osatutako hesi batez bereizi zuen.

Egoera hori ez da aldatu gaur egun, baina, Martxoak 3 Elkartearen mobilizazioari eta Memoria Garari esker, eliza Memorial bihurtzeko proiektu bat dago. Proiektu hau Euskadiko erakunde guztiek babesten dute (Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala).

"Elizbarrutiak, batez ere Gotzainak eta Carlos Garcia Llata Bikarioak, ez diote uzten prozesua luzatu eta egitasmoari era guztietako oztopoak jartzeari"

Ildo horretan, harremanak izan dira Juan Carlos Elizalde Elizbarrutiko Gotzainarekin, eta hori, hasiera batean, bat dator proiektuarekin. Hala ere, Elizbarrutiak, batez ere Gotzainak eta Carlos Garcia Llata Bikarioak, ez diote uzten prozesua luzatu eta egitasmoari era guztietako oztopoak jartzeari.

Bere jarreraren azken froga, hainbestetako bat, proposamen teknikoak egiteko diziplina anitzeko dozena bat adituk eliza barrutik aztertzeari uko egitea da.

Horregatik, Aita Santu, Gasteizko Elizbarrutiko Gotzaindegiaren aurrean bitartekari izatea eskatzen dizut, Memoria Gara elkartearen izenean, hiriari eta munduari irekitako Memorial proiektua gauzatu ahal izateko. Urteak daramatzate proiektu horren zain biktimek eta Gasteizko herritar guztiek.

Zure arretagatik eskerrak emanez, jaso ezazu besarkada handi bat gure partetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago