ELA ez dator bat Laudioko Udaleko langile ohiaren hizkuntza eskakizunaren inguruko Gasteizko epaitegiaren ebazpenarekin. Ebazpena epailearen ikuspegi euskarafoboaren emaitza izan da, eta uste dugu egoera horrek agerian utzi duela bi auziri lehenbailehen heltzeko premia: langileen behin-behinekotasunarekin amaitzea eta hizkuntza eskubideei bermatzeko akordioa inoiz baino beharrezkoagoa da.
Laudioko langile ohiaren hizkuntza eskakizunari buruzko epaiak agerian utzi du behin-behinekotasunarekin amaitu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko akordioa inoiz baino beharrezkoagoa dela
Gogoratu dezagun egun gure udaletako langileen %40 behin-behineko edo bitarteko egoeran daudela; horietako asko iruzurrean, lanpostu estrukturalak betetzen, eta lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizunik gabe.
"Langileen behin-behinekotasunarekin amaitzea eta hizkuntza eskubideei bermatzeko akordioa inoiz baino beharrezkoagoa da"
ELA behin-behineko langile horien lanpostuak kontsolidatzeko borrokan dabil azken hilabeteotan, eta sindikatuak argi du borroka horren bidez herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea ere bermatu behar dela.
Izan ere, bi alderdi horiek uztartzea ezinbestekoa da, kaleratze bidegabeak eta zerbitzu publikoen pribatizazioa saihesteaz gain, hizkuntza eskubideak ere bermatzeko.
Gainera, epaileak erabilitako argudioak guztiz iraingarriak dira. Euskara hizkuntza zaila denaren argudioak ez du inolako balio teknikorik, eta iraingarria ere bada euskaraz ikasteko esfortzua egin duten langile guztientzat zein euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrentzat.
Epaitegiek berriro ezartzen dizkiote mugak euskararen garapenari. Legea beraiek ari dira egiten, ez parlamentu edo erakundeek, eta kasu honetan ikuspegi erabat euskarafoboa gailendu da.
"Ezinbestekoa da 10-15 urtetan administrazioak erabat euskalduntzeko akordioa erdiestea; horretarako ausardia politikoa behar da"
Gure ustez, instituzioek ez dute orain arte egoera hau konpontzeko inolako borondaterik eduki.
Horregatik, ELAren ustez ezinbestekoa da 10-15 urtetan administrazioak erabat euskalduntzeko akordioa erdiestea. Epe horretan erretiroa hartuko duten milaka langile publikoek aukera ematen dute hori erabaki traumatikorik hartu gabe lortzeko, baina horretarako ausardia politikoa behar da.
Aldi berean, behin-behineko milaka langile publikoen egoera konpontzeko akordioa ere beharrezkoa da. ELAk bi printzipio hartuko ditu aintzat prozesu horretan: kaleratzerik ez izatea eta langile publikoek euskara ikasteko ibilbide bat egitea, horretarako administrazioek behar dituzten baliabideak ezarrita.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.