Epaile batek langile bat hizkuntza eskakizuneko baldintzatik salbuetsi izana euskaldunon komunitatearen aurkako erabakia da.
Bere lanposturako ezinbesteko baldintza zen hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik kaleratutako langile batek epaitegietara jo du Laudioko Udalean. Langileak hirugarren hizkuntza eskakizuna behar zuen bere lanpostuan aritzeko, eta, zortzi urteetan zehar kontratatuta egon zen bitartean, soilik lehenengo hizkuntza eskakizuna aurkeztu zuen. Gure harridurarako, Ana Maria Martinez Navas epaileak, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiko epaileak, langilea berriro kontratatzera behartu du Udala.
"Interneten inongo fidagarritasunik ez duten baieztapen batzuen kopia-pega egin ditu epaileak, bere teoria sustatzeko. Hitzez hitz"
Harridura baino, haserrea eragin digu epailearen argudioak: euskara oso zaila dela. Hain zuzen ere, munduko bosgarren hizkuntzarik zailena.
Ondorio horretara heltzeko ikerketa oraindik ere sumingarriagoa da: interneten inongo fidagarritasunik ez duten baieztapen batzuen kopia-pega egin ditu epaileak, bere teoria sustatzeko. Hitzez hitz.
Udal langileek euskara ikas dezaten aukera guztiak eman zaizkienean, epaile honek esan duena esatea ezin da ulertu, ez bada euskararen aurkako berezko gorrotoa duelako. Administrazioaren betebeharra da koofizialtasuna bermatzea, eta langile elebidunak dira betebehar hori bermatzeko gai diren bakarrak.
"Administrazioaren betebeharra da koofizialtasuna bermatzea, eta langile elebidunak dira betebehar hori bermatzeko gai diren bakarrak"
Baina honen atzetik arazo larriagoa eta estrukturalagoa dago. Euskararen normalizaziorako lege hura onartu zenetik 40 urte pasa dira, eta etsigarria da oraindik ere, 2022an, horrelako erasoak jasatea.
Euskarak ez du inongo blindaje legalik, eta, kasu honetan bezala, edozein ebazpen judizialak, edozein interes partikularrak, lurretik botatzen du udal batek eta udal horretako langile publikoek egin duten lana herritarrek duten hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatzeko eta zerbitzu publiko duina emateko.
Euskararen kontrako neurria baino gehiago da, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunon komunitatearen aurkako erabakia da, udalen autonomiaren aurkako erasoa da, injerentzia da, elkarbizitzaren kontrako sententzia da, komunitate ezberdinen berdintasunaren aurkako erabakia delako.
"Blindaje legala behar dugu, akordio zabalak eta lege propio bat hori bermatzen duena"
Inboluzio legalaren aurrean gaude. Legeriaren interpretazioa gero eta estuagoa eta euskararen kontrakoagoa da. Azken 40 urteetan legezkoa izan dena, orain debekatzen da. Blindaje legala behar dugu, akordio zabalak eta lege propio bat hori bermatzen duena. Hori lortu arte, gure hizkuntzan aritzeko eskubidearen kontrako eraso hauek pairatzen jarraituko dugu.
Dakigunez, Laudioko Udalak helegitea jarri dio epaiari. Espero dugu ebazpen honek ibilbide juridiko gehiagorik ez izatea.
LAB sindikatutik, euskal langileak ordezkatzen ditugun heinean, erabaki hauen aurrean tinko azalduko gara, esku artean ditugun salatzeko tresna guztiak erabiliz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.