Arabako Mendiak Aske elkartetik erantzun eta salatu nahi dugu Gasteizko Mendietan zentral eoliko baten aldeko apustua, Arabako Foru Aldunditik bultzatzen ari dena Ingurumen Sailaren txosten teknikoei entzungor eginez. Txosten horiek ohartarazten dute zentral horrek mendilerro honetan kalte larri edo oso larriak eragingo lituzkeela. Era berean, txostenek aitortzen dute proiektu horrek eragin negatiboa izango lukeela, bai inguru horretako bizilagunen interesetan, bai gure ondare kultural eta natural pribilegiatuan.
"Txosten teknikoek ohartarazten dute zentral horrek mendilerro honetan kalte larri edo oso larriak eragingo lituzkeela"
Ramiro Gonzalezek eta Josean Galerak, Iberdrolaren interesen defentsan, ez dituzte betetzen nahitaez bete beharreko xedapenak. Horregatik, memoria freskatu nahi diegu, eta jarraitzen dugu esaten gaur egun ez dagoela kokapen hori ahalbidetzen duen gaikuntza-planik (LAP); beraz, zentral eoliko hori izapidetze-fasean sartzeak agindu hori ez betetzea dakar, eta, ondorioz, hasitako prozedura baliogabea izatea.
Duela hamabi urte, Arabako indar politiko guztiek akordioa lortu zuten, Araban energia berriztagarriak sustatzeko eta garatzeko. Bertan, horrelako proiektuak garatzeko baldintzak eta lekuak finkatu ziren, eta mendilerro horiek kanpo geratu ziren, faunari, paisaiari eta biodibertsitateari kalte egiten dietelako.
Zentral horrek Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) batean eraginik izango ez lukeela esaten duenean, Ramiro Gonzalezek gezurra dio. Era berean, KBEa ez da egungo legeriaren ingurumen arau babesle bakarra. Izan ere, natura eremuek eragin oso larria izango lukete, beste arau batzuek babesturik daudelarik, hala nola Natura 2000 Sarea, KBE ES2110016, Aldaiako mendiak, proiektu hori Zuazolako azpiestazioarekin lotuko lukeen sare elektrikoak eraginda. Sare horrek, aldi berean, Arabako Lautadako hariztiak zeharkatuko lituzke Ezkerekotxako basotik.
"Duela 12 urte, proiektuak garatzeko baldintzak eta lekuak finkatu ziren, eta mendilerro horiek kanpo geratu ziren"
Azpimarratu behar da, gainera, Gasteizko Mendietako Baliabide Naturalak Antolatzeko Proposamenaren barruan dagoela kokaleku hori, eta eremua babes arau espezifiko bat jasotzera bideratuta dagoela, oraindik ebatzi gabe dagoena.
Horrela, Eusko Jaurlaritzaren 2010eko otsailaren 12ko Aginduak, Gasteizko Mendietako Natura Baliabideen Antolamendurako Plana egiteko eta onartzeko prozedurari hasiera ematen dionak, honako hau ezartzen du 3. artikuluan: "Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, xedapen hau indarrean sartzen denetik ezin izango dira gauzatu Planaren xedeak lortzea eragotziko luketen gauzatzeak, baldin eta gauzatze horiek errealitate fisikoaren eta biologikoaren eraldaketa badakarte. Hori dela eta, ezin izango da errealitate fisikoa edo biologikoa eraldatzeko egintzak gauzatzeko gaitzen duen baimenik, lizentziarik edo emakidarik eman, eskumena duen foru-organoaren aldeko txostenik gabe".
Proiektatutako kokapena Gasteizko mendiei dagokie, eta berau, Arabako Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoan, Paisaia Aparteko bezala izendatutako eremua da, era berean Arabako Lautadan eta Mendialdean eragina duelarik. Paisaiari eragindako inpaktua oso larria izango litzateke.
Gainera, Europa eta Afrikaren arteko migrazio korridore nagusiaren zati denez, zentral eolikoak konektibitatea eta biodibertsitatea galtzea eragingo luke, baita habitat horiek zatikatzea ere, eta horrek Pirinioetako fauna Kantauriar mendikatekoarekin lotzeko funtsezko korridore ekologikoari eragingo lioke, eta baita alderantzizko bideari ere. Korridore horiek gehiago zatikatzeak ondorio oso kaltegarriak ekarriko lizkioke biodibertsitateari. Eskualde mailako korridore ekologikoak diren kokapenei ere eragingo lieke. Faunaren mugikortasunaz gain, milaka hegazti eta kiroptero hilko lirateke talka egitearen ondorioz.
"Faunaren mugikortasunaz gain, milaka hegazti eta kiroptero hilko lirateke talka egitearen ondorioz"
Floraren gaineko inpaktua ere garrantzitsua izango litzateke, eta pagadiei, hariztiei, artadiei, arantzadiei, txilardiei, belardiei, larre mesofiloei, laborantza eremuei eta abarri eragingo lieke, horiek guztiak Europan lehentasunezko intereseko habitat gisa hartzen diren eremu garrantzitsuak direlarik.
Era berean, Gasteizko Mendietako mendilerro osoan zentral eoliko berriak jartzen jarraitzeko planak salatzen ditugu, Okinatik Entzia mendilerroaren mugaraino, Azazeta mendateko errepidearen bi aldeetan. Hala adierazten dute gaur egun izapidetzen ari den energia berriztagarrien Lurralde Antolakuntza Planean (LAP) aurki daitezkeen mapek. Berriro ere informazioa ezkutatu nahi diete plan horiek bete-betean eragingo lieketen herriei.
Ramiro Gonzalezek joan den astelehenean Batzar Nagusietan egindako agerraldian esandakoak datu egiaztatu eta objektibo horiek zalantzan jartzen ditu. Oso garrantzitsua da gogoraraztea Azazetan aurreikusitako kokalekua Iturrietako Mendien mendilerroaren jarraipena dela, eta, beraz, haren ezaugarri berberak dituela, jarraipen naturala izanik, bai geologikoa (Miranda-Trebiñu Urbasa sinklinala), bai ekosistema funtzionala.
Horregatik, Ramiro Gonzalez eta Josean Galera foru diputatuek naturagune horiek beren komenentziara zatikatzeko behin eta berriz eskatu izana larritasun nabarmena duen zentzugabekeria iruditzen zaigu.
"Azazetako kokalekua Iturrietako Mendien mendilerroaren jarraipena da, eta, beraz, haren ezaugarri berberak ditu"
Publikoki eskatzen dizuegu natura gune horiek epe laburreko interes ekonomikoetatik babestu ditzazuela, Arabarako proiektatutako zentral hidroelektrikoen planekin egin duzuen bezala, tokiko administrazioen ingurumen irizpideen aurka doazela argudiatuta.
Bizitza ahalbidetzen duten baldintzen suntsipena ez da berriztagarria. Azpiegitura horiek aberastasuna mantentzen duten antzinako espazioak kaltetu gabe ezartzea da apustu koherentea. Hori da energia berriztagarria hedatzeko apustu logikoa.
Horregatik guztiagatik, Arabako Foru Aldundiari exijitzen diogu Gasteizko Mendietako (Azazetako) zentral eolikoa berehala geldiarazteko.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.