Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza... zerbitzu horien guztien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere, horien defentsan ahots asko altxatu dira aspalditik, eta pandemiaren eraginez areagotu egin dira.
"Familia askorentzat ez da hain erraza galderari erantzutea, erabaki hau hartzea eta ikastetxea aukeratzea"
Orain, EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator, eta familia askorentzat ez da hain erraza idatzi honen izenburuko galderari erantzutea, erabaki hau hartzea eta ikastetxea aukeratzea.
Gure sistema publiko-pribatu dual honetan aukeratzeko askatasunaz hitz egiten den bitartean, haien umeak inertziaz matrikulatuko ditu zenbait familiak, beste batzuk ondo aztertu eta hausnartutako aukera bat egingo dute; eta azkenek, ustez dagokien bakarrera joango dira. Baina bakoitzaren ezaugarriak direnak direla, kalitatezko hezkuntza nahi dugu familia guztiek.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok argi dugu erantzuna. Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde, guraso zein hezkuntza eragile moduan, balioan jarri eta dagokion lekuan kokatzeko. Eta galdera horren erantzunaren bila zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu:
Harro, unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doako oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra.
Harro, euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten dituelako, testuinguru guztietan eta euskal kultura, gurea, ardatz hartuta.
Harro, anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza egunero biziz ikasten delako, ez irakatsiz; ideologia, jatorri eta maila sozioekonomikoaren gainetik, pertsonekiko errespetuan oinarritzen da. Eskola publikoak gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie haurrei txiki-txikitatik; eskola publikoan aniztasuna aberastasuna da, pertsona gisa aberasten gaituena.
"Familiei eta gizarte osoari hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu"
Harro, inklusiboa delako: denona da, eta denontzat. Norbanako guzti-guztien garapen integralaz arduratzen baita, kolektiboa ahaztu gabe. Ezberdintasunak direnak direla, inor atzean uzten ez duen hezkuntza.
Harro, herritarra delako, gurea delako: komunitate osoarena izanik, urte askoren poderioz eta lanaren ondorioz familia, ikasle, irakasle, eta langileek eraiki dutena eta gaur egun eraikitzen jarraitzen duguna.
Harro, jendartearekin bat aldatzen doan eskola delako. Izan ere, partehartzailea baita eskola publikoa, partaidetza gune askorekin: guraso elkarteak, OOG (Ordezkaritza Organo Gorena), batzordeak... Bai barruko zein kanpoko ekarpenei irekia: herri eta auzoetan integratua.
Harro, elkartasunerako gune pribilegiatua delako. Elkarbizitzako eta elkar zaintzeko gunea.
Harro, berritzailea delako: hobekuntza eta proposamen anitzi irekia. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten da, talde lanari garrantzia emanez.
Harro, begirada feminista hezkuntza komunitatean zabaltzen ari delako. Hezkidetzarako aurrerapausoak ematen dituelako.
Harro, jasangarria delako: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen.
Azkenik, harro, Eskola Publikoak aipatutako ezaugarri guztiak betetzen dituen eskola delako eta gure seme-alaben hezkuntzaren bermea delako. Seme-alabarekin batera gurekin bertan parte hartu nahi al duzu?
Manolo Martinez eta Eli Lamarka Iturbe, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.