Italiako Estatua izan zen Europako lehen herrialdea, iraila aldera, Covid Ziurtagiriaren derrigortasuna ezartzen. Hortik aurrera joan zen neurriaren aplikazioa eztabaida publikoan gero eta indar handiago batekin zabaltzen, nagusiki masa komunikabideek jendartean sortutako aldeko posizioaren bitartez, kontrako posizioa betiere txertoaren aurkako edota birusaren existentzia ukatzen dutenei esleitu diotelarik, modu guztiz interesatu batean.
"Pandemia kudeatzeko eredu burgesa eztabaidatik kanpo izatea lortu dute, gutxienez esfera mediatikoan"
Honekin, pandemia kudeatzeko eredu burgesa eztabaidatik kanpo izatea lortu dute (gutxienez esfera mediatikoan), beharrezkoa dugun osasun sistema indartsu eta unibertsalaren aldarrikapena politika parlamentarioan guztiz desagertua egon delarik.
Pandemia gure egunerokotasuna baldintzatzen hasi zenetik, GKSk egoera sanitario larriaren aitzakiapean ezarri nahi zituzten mota guztietako murrizketen aurkako (mugikortasuna, etxeratze-agindua, biltzeko eskubidea...) jarrera agertu du, ugariak izan direlarik bere mobilizazio zein salaketa formak, Euskal Herri osoan zehar.
Aurreko ikasturteko urrian, azaroan edota otsailean, kalera atera ginen komunistak, koiuntura ezberdinetan iritzi komun burgesarekin hautsi eta hainbat aldarrikapen mahaigaineratuz, telebistetatik saltzen ziguten interes orokor hura langileriarena ez zela ozen esanez. Interes orokorraz ari naizenean, existitzen den egoerari aterabidea emateko langileriaren interesak eta burgesiarenak bateragarriak diren ideiari egiten diot erreferentzia, kasu honetan gaitz handiago baten mehatxua erabilita: birusa.
"Berebiziko garrantzia du alderdi politikoen eta masa komunikabideen influentziatik kanpo kaleak hartzea"
Joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak baimen juridikoa eman zion EAJ-PSEren gobernuari EAEko hiru probintzietan Covid Ziurtagiria ezartzeko. Panorama politiko instituzionalean erabateko adostasuna ikusi izan dugu azken asteetan neurri honen ezarpenari dagokionez. Askoz jota neurriaren eraginkortasun maila izan da auzitan jarri dutena gutxi batzuek, inolaz ere ekar dezakeen kontrol mekanismo berritzaileen (eta sofistikatuagoen) ezarpen iraunkorra, osasun egoeraren argudioa erabilita. Osasunetik gutxi eta biztanleriaren kontrol sozialetik asko.
Horregatik, berebiziko garrantzia du alderdi politikoen eta masa komunikabideen influentziatik kanpo kaleak hartzea; horiekiko oposizioko postura argi bat adieraztea esparru guztietan. Bide horretan ekarpena egitera datoz ostiral honetan EAEko hiru hiriburuetan deitu diren mobilizazioak. Gure kasuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egingo dugu protesta, 19:30ean.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.