Iritzia

Irakasleen lan baldintzak, noizko?

Erabiltzailearen aurpegia STEILAS sindikatua 2021ko aza. 24a, 10:00

STEILAS sindikatuko kideak Eusko Legebiltzarrean. / STEILAS

"EAEko hezkuntza sistema baldintzatuko duen adostasunik egongo bada, ikasleen ongizate eta irakasleen baldintzen hobekuntzari lotuta dago, batak bestea gabe ez baitu etorkizunik".

Hezkuntza Sailaren aldetik lan hitzarmen berri batera iristeko presazko plangintza batekin hasi dugu ikasturtea. Izan duten presa antzeman bai, baina akordio batera iristeko edukirik ez dugu ikusten.

STEILASen argi dugu EAEko hezkuntza sistema baldintzatuko duen adostasunik egongo bada, ikasleen ongizate eta irakasleen baldintzen hobekuntzari lotuta dagoela, batak bestea gabe ez baitu etorkizunik.

"Presa antzeman bai, baina akordio batera iristeko edukirik ez dugu ikusten"

Hori horrela, joan den ikasturtean duela hamaika urte iraungitako lan hitzarmena berritzeko negoziazioa hasi genuen. Orain arte esan dezakegu gobernuak ez duela zintzotasunez jokatu eta ez duela lan baldintzak hobetzeko asmo irmorik adierazi.

Bitartean, Hezkuntza Sailak sindikatuekin negoziazioan zebilela adierazi du medio bat baino gehiagotan, errealitatea makilatuz eta benetako edukirik mahai gainean jarri gabe. STEILASen argi dugu hezkuntza publikoko irakasleekiko esker oneko hitzak izatea ez dela nahikoa, benetako esker-ematea langileen lan eta bizi kalitatean zein hezkuntza publikoa indartzean aurrerapausoak ematea dela; eta oraingoz ez dago horren izpirik.

Proposamen asko helarazi dizkiogu Sailari. Horien artean, premiazkoa deritzogu pandemia garaian jaitsi ere egin ez diren ratioak jaistea. Zalantzarik gabe, jaitsiera horrek eragina izango luke Sailak hainbeste goraipatzen duen hezkuntza kalitatean.

Hezkuntza kalitatea eta baldintzak hobetzearren ere, plantillak gazteberritzea ezinbestekoa da. Horretarako erretiro adina jaitsi behar da, gobernuak eskumena duen esparruetan erabakiak hartuz eta, bitartean, adinagatiko eskola orduen murrizketa erreal bat bideratuz. Badaude tresnak aspaldi murriztu zitzaizkigun lan baldintzak berreskuratzeko, besteak beste, gure eros ahalmena eguneratzeko garaia da. Izan ere, 2010. urtean soldataren %5 jaitsi zigutenetik gaur egunera, eros ahalmena %17 inguru jaitsi zaigu.

"Ratio, erretiro eta eros ahalmena berreskuratzeaz hitz egin egin behar dugu akordio batera iristeko"

Laburbilduz, ratio, erretiro eta eros ahalmena berreskuratzeaz hitz egin egin behar dugu akordio batera iristeko. Bestela, akordiorik gabe, hitzarmen berria hankamotz jaioko litzateke.

Beraz, hezkuntza komunitateari jakinarazten diogu, baita Hezkuntza Sailari ere, arduratsu jokatuko dugula eta negoziazioari ekiteko gogotsu gaudela, baina ez gaitzatela nahastu denbora galtzeko edukirik gabeko bileratan. Ikastetxeentzat erabakiak hartzea premiazkoa da, eta gu horien alde borrokatzeko prest egongo gara, esan bezala hezkuntza sistemaren etorkizuna ikasleen ongizatean eta bertako langileen baldintzei lotuta dagoelako.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago