ETA edo hiltzeko plazera

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Rodriguez eta Nikolas Xamardo 2021ko aza. 3a, 13:12

ETAren jarduera armatuaren bukaeratik hamar urte bete berri dira.

"Salbuespenik gabe, ETAk hiltzeagatik hiltzen zuen ideiarekin gu zanpatzen saiatu dira; alegia, erailtzeko plazer hutsagatik hiltzen zuela esan nahi baita".

ETAren borroka armatuaren bukaerako hamargarren urteurrena dela eta, media estatal eta baskongadoen bonbardaketa desinformatua jasan dugu, Vox, PP, Ciudadanos eta EAJk txalotua berau. Haiek denak, salbuespenik gabe, ETAk hiltzeagatik hiltzen zuen ideiarekin gu zanpatzen saiatu dira; alegia, erailtzeko plazer hutsagatik hiltzen zuela esan nahi baita.

Haietako inork ez du ETAk bere jarduera armatua arrazoitzeko seinalatzen zituen motiboak aipatu. Ulergarria egiten zaigu media horiek ETAren jarduera armatuaren kontra egon izana eta egotea, baina, informazioari dagokionez, onargarria ez dena da ETAk bere jarduera armatua justifikatzeko emandako motiborik ez aipatzea, ezta horri zilegitasuna kentzeko ere.

"Onargarria ez dena da ETAk bere jarduera armatua justifikatzeko emandako motiborik ez aipatzea, ezta horri zilegitasuna kentzeko ere"

Beti bezala, Espainia inkisitorialak eta, bereziki, EAJk —zeinak bere prebendak ENAMen borrokari zor dizkion eta ez bere dohain negoziatzaileei—, Euskal Herriaren xede nazionalekiko erabat deslotutako ETA aurkeztu digute.

Zergatik jokatzen du horrela EAJk? Saldukeria egiten duenak (EAJ faxistei men egitea Santoñan) aukera dagoen guztietan jarraitzen du egiten. Eta egia egiten den uneetan, saldukerian ibilitakoak ez du kontsekuentea dena jasaten. Aitzitik, EAJ parte den estatu sakon hori ez da jabetzen portaera baztertzaile eta inkisitorial horrekin nahi duenaren kontrako efektua lortzen ari dela Euskal Herriaren zati garrantzitsu batean.

Oso argigarria izan da egiaztatzea Zapaterok EAJk eta haren propaganda medioek (EITB) baino hobeto ezagutzen duela Euskal Herria. Hauexek izan ziren haren hitzak: "ETA oso ahuldua? Beno, 3.000 atentatu egin zituzten eta 150.000 edo 200.000 boto zeuzkaten...".

Tira, lehen esandakoaren berresle, PPk eta Vox-ek EAJri Eusko Legebiltzarrean emandako zorionak eta PSOEri eginiko kritikak.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago