Aurreskulari eta emakume, herriak nahi al gaitu?

Erabiltzailearen aurpegia

"Has gaitezen mamuei izarak kentzen eta biluztu ditzagun bizi ditugun erasoak dantzan".

Zur eta lur geratu nintzen aurresku bat emakume izateagatik bertan behera utzi zidaten lehenengo aldian. Telefono dei batekin hasi zen guztia, eskaintzen genuen zerbitzuari buruz galdezka deitu zuen pertsona batek. Nik horren barneratuta neuzkan azalpenak eman nizkion eta berak gu kontratatu nahi gintuela ulertzera eman zuen. Data, ordua eta lekua esan zidan, baina deia amaitzear zegoela, nik esandako esaldi baten harira ulertu zuen dantzaria ni nintzela, emakume bat. Harrituta, ni ez nindutela nahi esan zidan eta ea gizonezkoa izateko aukerarik ez ote genuen galdetu ere. Ezetz esan nion; baina inertziaz ea gizon aurreskularirik dei nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Egoera hori izanik, interesatuta ez zeudela esan eta eskerrak emanez agurtu zen.

"Nire generoak dantzari bezala definitzen ez nauela oihukatzeko beharra. Dantzaria naizela oihukatzeko beharra eta dantzan nire gorputza erraminta bat besterik ez dela adierazteko beharra"

Ni momentu horretan ezin sinetsi nengoen, ez nuen ulertzen gertatu berri zitzaidana, baina aurrera egitea erabaki nuen neure burua konbentzituz galtzen ateratzen zirenak haiek zirela; "Ellos se lo pierden" famatua buruan grabatu nuen (hortik aurrerako beste askotan bezala). Aurreko eguneko azken dei honetara arte, nire barnean zeozerk klik egin eta gutxietsia sentitu nintzenean. Izan ere, nire generoaren arabera nire dantzatzeko modua epaitua izaten ari da, nire gaitasunak aurreskua dantzatzeko nahikoak izango ez balira bezala.

Aurreskua kontratatzeko deitu zuten azken aldi honetan ez nintzen neu izan telefonoz mintzatu zena bezeroarekin, eta bitartekoak dantzaria emakumezkoa edo gizonezkoa nahi zuen galdegin zion. Imajinatu galdera hau beste ezaugarri batekin planteatuta: dantzariak azal beltza edo txuria izatea nahi? Bertan argi eta garbi ikusten dugu diskriminazioa (arrazakeria). Bezeroaren erantzuna, beste behin, gizonezko aurreskularia nahi zuela izan zen, eta honen berri izan nuenean nire barruan zeozer apurtu zen. Barruan milaka sentimendu nituen, baina indartsuena oihu egiteko gogoa. XXI mendean gaudela eta generoaren aurreiritziari buelta bat eman behar zaiola oihukatzeko beharra. Nire generoak dantzari bezala definitzen ez nauela oihukatzeko beharra. Dantzaria naizela oihukatzeko beharra eta dantzan nire gorputza erraminta bat besterik ez dela adierazteko beharra.

"Tradizioaren aitzakiaren atzean ezkutatzeak gaur egun jada ez du balio, ikusleari transmititzen diogunaren erantzukizun zuzena dugu, eta ikuskizunek aldaketa beharra dute gizarteak bezala aurrera egiteko"

2020ko azaroan Karla Agirre eta Amaia Marinek dinamizatutako Euskal dantzatik feminismora tailerrean parte hartzeko aukera izan nuen honelako hainbat gai lantzeko espazio batean. Gizarte eraikuntzari buruzko ideia bat pasa zitzaidan burutik, zergatik eskatzen dituzte gizonezkoak aurreskuak dantzatzeko? Eskatzaileak, orokorrean, ezkontzarako argazkia besterik ez du nahi, eta argazki hori gizonezko batek irudikatzea. Argazki perfektua zuriz eta gorriz jantzitako gizonezko dantzari batek osatzen du, postureoa ote? Beraz, zer da gaur egun ikusleak jasotzen duena? Ikusleak zabaldutako aurreskuaren irudia gizonezkoa denaren erantzukizuna dauka? Ala gurea da erantzukizuna, dantzari eta dantza talde bezala eskaintzen dugun dantzaren inguruko diskurtso eta irudiagatik? Gorputzen katalogo bat egin behar ahal dugu? Dantzatik aldenduz modelo desfile bat bihurtuta? Izan ere, emanaldi askotan plazaratzen ditugun dantzetan gizonezkoek gizon rolari (indartsu eta dibertigarria) lotutako dantzak eta emakumezkoek emakume rolari (lasaia eta ahula) lotutakoak soilik egiteak ondorio zuzen bat du ikuslearengan. Tradizioaren aitzakiaren atzean ezkutatzeak gaur egun jada ez du balio, ikusleari transmititzen diogunaren erantzukizun zuzena dugu, eta ikuskizunek aldaketa beharra dute gizarteak bezala aurrera egiteko.

 

Oier Araolazaren Genero-identitatea Euskal Dantza tradizionalaren eraikuntzan lanean ikus daiteke euskal emakumeen dantzaren historia debekuek, ukazioek, estereotipoek eta rolek markatua eta definitua izan dela. Dantzaren munduan generoaren kontzeptua suntsitzeari buruzko eztabaidarako momentua iritsi da. Diskriminazio honen berri izateak etorkizunean nola jokatu nahi dugun hausnartzera eramaten gaitu, beharra hor dago. Agian diskriminazio positiboa bultzatu behar dugu? Edo dantzariak indibiduo bezala tratatu haien generoan pentsatu gabe? Zer da transmititu nahi duguna? Gizonezkoek indarra errepresentatzen dute eta emakumezkoek fintasuna? Ala generoaz aparte dantzariari berari eman behar zaio garrantzia? Zein da dantzarion papera? Eta zein aurresku bat egiteko deitzen zaituztenena?

Has gaitezen mamuei izarak kentzen eta biluztu ditzagun bizi ditugun erasoak dantzan, josi ditzagun dantzarion sare feministak eta jarraitu dezagun iragana buruan izanda orainean dantzan. Ni aurreskulari, emakume eta feminista naiz, zuk zer izan nahi duzu?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide