Ikasturte berria. Hezkuntza sistemak zituen arazo "sistemikoak", urtebetez estali dituen Covidaren uholdea igaro ahala, azaleratu egin dira berriz; gure lotsak eta hutsak: eskola segregazioa eta euskararen ezagutza ez nahikoa. Biak gero eta nabarmenagoak, eta, nire ustez, txanpon bereko bi aldeak.
Eskola segregazioa: kale egiten ari gara
Euskadiko Eskola Kontseiluak, hainbat GKEk, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak eta hezkuntzako adituek behin eta berriro berresten dute: EAEn dugun sistema publiko-pribatuak maila sozioekonomiko bajuko ikasleak segregatu egiten ditu, sare publikora baztertuz.
"Nola konbentzitu euskaraz egin dezaten sare integratzaile bat osatu gabe?"
Hau da Francisco Luna ISEI-IVEI ebaluaziorako institutuko zuzendari ohiaren diagnostikoa: "...euskal hezkuntza sistemak, 40 urteko eskumen osoekin... ekitate ezeko arazo larriak ditu, baita egoera larriak, ia eskandaluzkoak, segregazioari dagokionez. Ez dugu lortzen muturreko maila sozioekonomikoetako ikasleen arteko distantzia murriztea, hezkuntzan egiten dugun inbertsioa ez dirudi eraginkorra denik kanpoko ebaluazioetan emaitzak ikusiz gero, gure sistemak ikastetxeen ghettizazio errealitateak bizi baditu ditu...".
Zeintzuk dira segregazio nabarmen horren ondorioak? Bi abiadurako ikastetxeak, integrazio falta, marjinazio poltsak (Save the Childrenek ohartarazi du 18 urtetik beherakoen %25,3 – 41.515 haur eta nerabe – pobrezia larrian edo gizarte-bazterketa arriskuan daudela Euskadin, eta 26.543 gabezia handiekin bizi direla), arrakala soziala eta, ziur aski, delinkuentziaren gorakada. Ekuazioa erraza da: integrazioa ala marjinazioa.
Euskara: ez dira helburuak lortzen
"Indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa, hori da, oro har, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia"
Euskalduntze arloan, gauzak aurrera joan arren, Hezkuntza Sistemak helburuak ez dituela lortzen dio ISEI erakundeak egin duen azken Ebaluazio Diagnostikoak (2019). Horren arabera, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen %34,1ek ez du lortu erreferentziako euskara maila (B1), ezta DBHko 2. mailako ikasleen %53,3k berea ere (B2). Beherakada are eta nabarmenagoa da hezkuntza itundu-pribatuan. Indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa –ISEIk dio–, hori da, oro har, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia. Ezin da garbiago esan.
Erabilerari dagokionez, 15 eta 29 urte bitarteko gazte euskaldunen artean euskararen erabilerak behera egin duela erakusten du Gazteen Euskal Behatokiak martxoan argitaratu duen Euskadiko Gazteen Egoeraren diagnostikoak.
Segregazioa eta euskara
Ez da zaila irudikatzea eskola segregatu bateko ikasgela batean zein izan daitekeen inoiz "ama" edo "gero arte" hitzak entzun ez dituzten bertako umeen abiapuntua euskararen aurrean: ezjakintasuna, harridura, etxekoen aldetik motibazio eza. Nola murgildu euskal kulturan eta euskaraz, prekarietatean bizi eta etorkizun iluna duten ume horiek? Nola konbentzitu euskaraz egin dezaten sare sozial integratzaile bat osatu gabe? Nola sortu sare integratzaile hori bere eskolan denak haiek bezalakoak badira, ume segregatuak, alegia? Zer interes du euskarak inoiz bere ezagutza eskatuko ez dioten lanpostu batean egotera behartuta dagoenarentzat, inoiz administrazioan lekurik izango ez duenarentzat?
"Nola murgildu euskal kulturan eta euskaraz, prekarietatean bizi eta etorkizun iluna duten ume horiek?"
Zertarako ikasi euskara nire inguruan inork ez badu erabiltzen? Familia behartsuen indize handia duten eskoletako umeei kentzen diegu euskara normaltasunez ikusteko aukera, eta besteekiko elkarbizitzarako gaitasuna lantzekoa, pertsonalki eta sozialki aberastu ahal izateko. Euskara bihurtzen ari al gara klase ertainekoen hizkuntza? Ekuazioa erraza da: integrazioa euskararen munduan ala marjinazio erdalduna.
Segregazioarekin guztiok galtzen ari gara, eta etorkizuneko gizartearen elkarbizitza zein euskaraz egiteko eskubidea kolokan jartzen da. Segregazioa oztopo bat da, eta euskararen normalkuntzaren aurka jokatzen du.
Sinatzailea: Jose Manuel Martinez Fernandez, irakasle ohia
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.