Iritzia

Euneiz unibertsitate elitista gelditu

Erabiltzailearen aurpegia LAB, STEILAS, CCOO, ELA, CGT, ESK, EHUko Ikasleen Kontseilua eta Ernai 2021ko ira. 14a, 10:30

"Euskal jendartearen eskaerak ez du justifikatzen ikasketa berri hauen eskaintza eta, are gehiago, titulazioen harmonizazio beharra urratuko luke ere. Euneiz unibertsitate publikoarekin lehiatzera etorri da".

Oihartzun mediatiko handirik izan ez badu ere, aurrera jarraitzen du Euneiz (European University of Gasteiz) sortzea ahalbidetuko duen legearen bideratzeak. Euneiz egitasmoa Eusteiz 2018 S.A. entitate pribatuak bultzatzen du, ENTI eta EUSES hezkuntza zentro atxiki kataluniarrek eta Baskonia eta Deportivo Alaves kirol sozietate anonimoek sustatuta.

"Eusko Jaurlaritzak proiektu hau Next Generation EU funtsetarako aurkeztu du 64 milioi euro eskatuz"

Egitasmo hau proiektu zabalago batean kokatzen da, Innovaraba izen hotsandikoarekin uztailean aurkeztu zena. Eusko Jaurlaritzak, Araba Sport Capital izenburuaz, proiektu hau Next Generation EU funtsetarako aurkeztu du 64 milioi euro eskatuz; horietako 12,5 Euneizerako. Gasteizko Udalak zein Arabako Foru Aldundiak ere Euneiz finantzatzeko 480.000 euro bana jarriko dutela iragarri zuten.

Diru publikoaren desbideratze honen propagandaren ikur nagusiak, nola ez, honako hauek lirateke: lanpostuen sorrera (433 lanpostu, nola eta non sortuko diren zehaztu gabe) eta urtean 12 milioi euro gehituko dizkiola EAEko BPGari. Esatera ausartu bai, baina zertan oinarritzen den ezagutarazi gabe.

Euneizek bost gradu, gradu bikoitz bat eta bi master eskainiko lituzke, kirol eta osasun zientzien zein teknologia berrien arloetan (eduki digital interaktiboak, bideo-jokoak...). Horietako bi gradu EHUn eskaintzen dira jada (horietako bat Deustuko Unibertsitate pribatuan ere), eta beste hiruren antzeko ikasketak unibertsitarioak ez diren hezkuntza zentro batzuetan badaude ere. Era berean, Euneizek eskainiko lituzkeen bi masterren edukiak jasotzen dituen bi master eskaintzen ditu EHUk. Euskal jendartearen eskaerak ez du beraz justifikatzen ikasketa berri hauen eskaintza eta, are gehiago, 274/2017 Dekretuak jasotzen duen titulazioen harmonizazio beharra urratuko luke ere.

"Graduetako bi EHUn eskaintzen dira jada, eta beste hiruren antzeko ikasketak unibertsitarioak ez diren hezkuntza zentro batzuetan badaude ere"

Euneiz unibertsitate publikoarekin lehiatzera etorri da. Batetik, ikasleak lortzeko, balizko ikasleak EHUri kenduz. Bestetik, diru publikoa lortzeko. EHUk EAEko aurrekontuetatik urtero jasotzen duen finantzazioa kalitatezko hezkuntza unibertsitarioa eta langile guztien lan baldintza duinak bermatzeko nahikoa ez den bitartean, Euneiz egitasmoa diru publikoen banaketan sartuta dago jada eta are gehiago sartuko da etorkizunean. Beste eragile pribatu bat guztion dirua bereganatzen. Gaitz erdi Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean Euneizen presidenteak literalki esan zuela ez dutela eskatuko diru laguntza publikorik proiektua garatzeko... Zertarako eskatu Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek bermatuko badizkiote funts publikoak?

Ikasleak eta dirua aipatuta, ezin utzi salatu gabe proiektu honen izaera elitista. Hain zuzen, agerraldi berean onartu zen graduen batez besteko matrikula ikasturteko 8.000 euro izango direla. Itxura gordetzeko asmoz beka politika bat aurrerago zehaztuko dutela iragarri bazuten ere, argi dago unibertsitate honen hartzaileak baliabide ekonomiko handiko familiak izango direla, neurri handi batean begirada atzerrian jarrita. Hemen egon eta diru publikoa jaso arren, hemengo gazte gehienek ez dute izango Euneizen ikasteko aukerarik.

"Hemen egon eta diru publikoa jaso arren, hemengo gazte gehienek ez dute izango Euneizen ikasteko aukerarik"

Beste alderdi batzuek ere eramaten gaituzte proiektu honen aurka kokatzera. Alde batetik, Euneiz sortzeko lege proiektuak ez du zehazten euskarari emango zaion tratamendua, ezta zein presentzia izango duen ikasketetan.

Bestetik, ez dago zehaztuta zein izango diren langileen lan baldintzak, arduraldi erregimena, aukeraketa prozedurak... Unibertsitate pribatuetan ohikoa den moduan, lanaldi partziala eta behin-behinekotasuna oso altuak izango direla aurreikus daiteke. Erakusgarria da ere irakasle eta ikertzaileen zerrenda oraindik osatua ez izatea.

Proiektuaren inguruko beste hutsune batzuen artean ikerketa ildoen zehaztapena, kalitate-adierazleen bermea, gobernu eta ordezkaritza organoen zehaztasuna edota instalazio aproposen ziurtatzea daude ere. Honengatik guztiagatik, eta EHUko gobernu taldeak Euneizen aurrean izan duen jarrera epela ikusita, artikulu hau sinatzen dugun sindikatuok zein gazte eta ikasleen erakundeok Euneiz egitasmoaren aurkako jarrera berresten dugu.

"Euneiz sortzeko lege proiektuak ez du zehazten euskarari emango zaion tratamendua"

Euskal jendarteak kalitateko unibertsitate publiko bat behar du, etengabe garatu eta behar berrietara egokitzeko gai dena, gure lege esparru propiotik arautu eta bideratu behar dena, hezkuntzaren merkantilizaziotik at. Euskal Unibertsitate publiko bat, non lan baldintza duinak izango diren eta herritarrei maila altuko jakintza eta ezagutza emango zaien, haien jatorri eta maila sozial eta ekonomikoa edozein delarik.

Hala ere, unibertsitate publikoa indartu ordez, beste behin ere ikusten dugu nola negozioa egiteko asmo elitista batek erakunde publikoen eta alderdi politiko batzuen babesa jasotzen duen. EAJren eta PPren sostengu argia eta PSEren EAJrekiko lerrokatzea ikusita, Legebiltzarrean bete beharreko azken tramiteak errazak izango zirelakoan geunden.

Aitzitik, abuztuaren 18an indarrean sartu zen unibertsitateak sortzeko Errege Dekretuak hankaz gora jar dezake Euneizen egitasmoa. Ezen argi baitago Euneizek ez dituela betetzen dekretu berriaren baldintzak unibertsitate bezala onartua izateko.

"Unibertsitateak sortzeko Errege Dekretuak hankaz gora jar dezake Euneizen egitasmoa, argi baitago ez dituela baldintzak betetzen unibertsitate bezala onartua izateko"

Hala ere, Legebiltzarrera begiratzeaz gain, momentua da gai honen inguruan zer esaterik duen eragile soziopolitiko bakoitzaren iritzia argitzeko eta publikoki adierazteko, jendarte bezala guztioi eragiten baitigu.

Idatzi honen sinatzaileok horretan jardungo dugu datozen hilabeteetan. Euneiz proiektua gelditzeko eskaeraren alde indarrak biltzeko momentua da.

Sinatzaileak: Iñaki Etaio (LAB), Begoña Urbieta (STEILAS), Jorge Revuelta (CCOO), Rafael Sagastume (ELA), Jon Gonzalez (CGT/LKN), Jabier Saenz (ESK), Asier Nuñez (EHUko Ikasleen Kontseilua) eta Xabi Urtasun (Ernai).

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago