Hezkuntza Saileko guraize kamustuak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Salegui 2021ko ira. 3a, 09:58

"Laster entzungo ditugu irakaslegoan errefortzuak egongo direla ozen esanez, hezkuntza dela gizartean gehien zaindu behar den alderdietako bat azpimarratuz… bla, bla, bla".

Atea jo eta erantzunik ez. Mahaian gurekin esertzeko gonbita egin eta erantzunik ez. Irakasleok ehunka email bidali ditugu Hezkuntza Sailera. Ez dute erantzun. Ez guri, ezta sindikatu ezberdinei ere. Honela jokatzen du Hezkuntza Sailak komeni zaionean. Bai, komeni zaionean diogu, ez baitute inolako arazorik eszedentzia edo suspentsioan gauden irakasleoi banan-banan deika jarduteko, baimen hauek orain ezin ditugula nahi ditugunean moztu esateko. Deia orain, irailera arte luzatu nahi zenuenean eszedentzia, seme-alaben egokitzapena egin ahal izateko. Deia orain, suspentsioan abendurarte egon eta oposaketen praktikaldian eskatzen diren gutxieneko sei hilabeteak egiteko urtarrilaren 1ean lanean hasi nahi zenuenean. Deia orain, dependentzia duen zure aitarekin egoteko zure anai-arrebekin eginda zenuen puzzlean iraila eta urriko arratsaldeak libratzeko jardunaldi murrizketa azarorarte hartu nahi zenuenean. 

Abuztuaren 20an deitu dizute gainera, azkar erantzun behar duzula esanez. "Noiz eten behar duzu baimena? Abuztuaren 31n ala urtarrilaren 31n? Abuztuan bada ez duzu denbora askorik, orain ez bada biharko jakin behar dugu". Ikasturte berrirako familia kontziliazioaren krokis konplikatuak forma hartua zuenean, planak hankaz gora jarri dizkizun deia. Zure bikotea irailaren 10ean lanik gabe geratu eta eszedentzia urtarrilaren 31ra arte mozteko aukera izango ez duzula esaten dizun deia. Behar ekonomiko bat urrian sortu eta aipatutako bi data zehatz horietararte jardunaldi murrizketa eteteko aukerarik ez duzula izango esaten dizun deia. Eszedentzian kobratzen ez dugula jakingo al dute hauek? Jardunaldiaren murrizketa baimenean ere murriztutako zatia kobratzen ez dugula jakingo ote dute? Galdera inozoak dirudite, baina honelako neurriak ezartzean, batzuetan zalantzan jartzen ditugu honelakoak, bestela ezin baita ondo ulertu.

Orain baimenak eteteko bi egun bakarrik aukeran, abuztuaren 31 eta urtarrilaren 31. Lehen 365 egun zenituenean aukeran, orain bi bakarrik, 363 aukera gutxiago. Eta zergatik bi egun zehatz horiek? Auskalo, guri ez galdetu zergatik, ez baitigute inolako azalpen argirik eman. Atea jo diegu azalpen eske, hitz egin dezagun, ez dute ireki, ez dute ireki nahi.

Eta honela entzungo ditugu laister gure hezkuntza sailburua eta gainerakoak, telebista zein egunkarietan, harro, aurtengo ikasturterako protokolo berria azalduz, ikasleen kalitatezko hezkuntza bermatuz, irakaslegoan errefortzuak egongo direla ozen esanez, hezkuntza dela gizartean gehien zaindu behar den alderdietako bat azpimarratuz… bla, bla, bla. Kareta polita jarrita baina atzetik, poliki-poliki, handik eta hemendik, murrizketa bat bestearen atzetik emanez. Guraizeak hartu eta nahi duten forma ematen ari dira, baina gu izkina gogorra gara, guraize arruntekin mozten ez den izkina horietako bat. Gainera artaziak kamusten hasiak zaizkie eta honekin aurrera jarraitzeko guraize handiagoak beharko dituzte eta agerian geratuko dira.

Ikasturtea hasi da irakasleontzat, laster dira gure ikasle maiteak gelatan, gure seme-alabak ere bai, eta atea jo eta esertzeko gonbitari erantzunik eman ez dioten arren, borrokan jarraituko dugu. Hezkuntzako ateaz gain beste batzuk ere jotzen hasiak gara dagoeneko, ez garelako isilduko, entzungo gaituztelako, gure familiako kontziliazioak merezi duelako, gure seme-alabek, gurasoek, dependentzia duten hurbileko pertsonek... behar dutelako, behar dugulako. 

Baimenen eskubideen aldeko irakasleak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago