Gure ama egoitza batean bizi den, edo hobe esanda, bizirauten ari den emakume bat da. Bere egoera fisikoa dela eta, ezin nuen behar bezala zaindu. Horregatik, egoitza bat bilatu nuen berarentzat, merezi duen arreta emango ziona. Egoitza pribatu bat aukeratu behar izan nuen, modurik azkarrena eta eraginkorrena delako. Ez nuen nahi gure ama instituzioek menpekotasunari ematen dizkioten laguntzen zain hiltzea, beste askori gertatzen zaien bezala.
Bat aukeratu nuen, bera jaio eta hazi zen inguruan, bertan baititu erroak eta familia. Egunero irteten ginen kalera, eta berak horren ondo ezagutzen inguruarekin gozatzen zuen, bertako paisaiaz eta jendeaz, oroitzapenak gogora ekarriz. Lehenaldian idazten ari naiz, duela asko ez digutelako egunero paseatzen uzten, astean hirutan baino ez digute uzten. Arrazoia, irizpidea? Ez dago erantzun logikorik.
"Egunero irteten ginen kalera, eta berak horren ondo ezagutzen inguruarekin gozatzen zuen"
Egoera hau eragin emozional ikaragarria izaten ari da berarengan. Ez du ulertzen, nik ulertzen ez dudan era berean, zergatik ukatzen zaion kalera egunero ateratzeko eskubidea; eskubidea delako. Kezkagarria izateraino dago triste. Ezintasunak eta ulertezintasunak bultzatuta, hainbat tokitan eskatu dut laguntza, eskatuz gure amaren eskubideak errespetatu daitezela: egunero paseatzea atera ahal izatea, esaterako. Asko eskatzea al da?
Egoitzako zuzendaritzak ez dauka egoera konpontzeko borondaterik. Larderiaz jokatzen dute, demanda bat jartzearekin mehatxu eginez, eta ama egoitzatik eramateko "gonbidapena" ere egin didate. Egunero kalera irteteko debekuarekiko desadostasuna agertzen hasi nintzenetik, nirekin harremana izateari utzi diote eta ez didate informazioa helarazten gainontzeko egoiliarren senideei bezala. Ez naiz kexatzen ari tabernan katilua zikin atera didatelako; salatzen ari naiz, etsipenez, ez diotela gure amari kalera irteten uzten.
"Zergatik gure amak ezin du? Egoitza pribatu batean dagoelako?"
Foru aginduak eta osasun sailaren dekretuak argiak dira egoitzetan Covid-19aren aurka hartu beharreko neurriei dagokionez:
- "Egoiliarrak egunero irten ahal izango dira kalera, nahi izanez gero..." (ALHAO 2021eko uztailaren 9a).
- "Senide edo gertukoekin harremana izatea eskubidea eta beharrizana da..." (Osasun Sailaren zentro soziosanitarioetan Covid-19tik babesteko protokoloa).
Zergatik gure amak ezin du? Egoitza pribatu batean dagoelako?
Gogorra da entzutea Euskadin gero eta murrizketa gutxiago daudela eta ikustea gure amari eguzkiaren argia eta semearekin egotea ukatzen diotela. Gogorra da niretzat, baita berarentzat ere, badakielako presondegi-erregimenean bizi dela deliturik egin ez duen arren. San Mamesera joan naiteke, milaka pertsonarekin, baina ezin dut egunero amarekin paseatu.
Seme batek amarekin egunero paseatu ahal izateko laguntza eske egiten duen kontakizuna da hau.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.