Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak!

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Rekalde, Gilen Mejuto eta Mitxel Elortza 2021ko uzt. 23a, 10:55

"Aniztasuna eta inklusibitatea nahi ditugu geuk ere, baina gure herrian, geure hizkuntzatik, euskaratik, hain zuzen"

Hau sinatzen dugunok euskaraz bizitzeko hautua egin dugun hainbat guraso gara. Dozenaka kilometrok banatzen gaituzten arren, gauza batek batzen gaitu: geure seme-alabek ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu.

Tamalez, helburu hori lortzeko zailtasun asko aurkitzen ditugu gure herrietan. Izan ere, eremu erdaldunduetan bizi diren 2 eta 14 urte bitarteko haur euskalhiztunek ez dute erraz izaten euskaraz egitea parkean, kalean edota eskolan. Eskolan, hain justu, lehentasunezkoa izan beharko litzateke arnasguneak sortzea eremu erdaldunetako haurrentzat. Horren ordez, baina, ikastetxeetan haur euskalhiztunak sakabanatu eta, ondorioz, erdaldundu egiten dituzte sarritan, dela estrategia okerrari jarraitzen zaiolako edo, makurrago dena, estrategiarik ez dagoelako. Nola liteke euskara indartzeko arnasgunea izan beharko litzatekeen lekua erdalduntze gune bilakatzea?

Gure seme-alabak euskaraz eroso bizitzea xede, beraz, Eskola Publikoko eskoletan eta Ikastolen Elkarteko ikastoletan matrikulatu genituen, zentro horiek euskara sustatzea misiotzat daukaten neurrian gure helburua bermatuta egongo zelako ustean. Baina ikastetxeotan aurkitu dugun egoerak helburu hori betetzen lagundu barik urrundu egiten du. Izan ere, gure seme-alaben jolastordu giroan, eta hein handi baten gela barruan ere, ikaskideek elkarrekin darabilten hizkuntza gaztelera da.

Horren ondorioz, gure seme-alabek euskararen erabilerarekiko uste etsigarriak garatu dituzte, gaztelera ez erabiltzeak ekar diezazkiekeen integrazio arazoen beldurrarekin lotutakoak. Eurok adieraziak dira: "Ni euskaraz nabilen bakarra naizenez, ezberdina ez izatearren, batzuetan erdaraz egin behar dut" edo "Ama, lagunek esan didate ea zergatik ez dudan espainolez hitz egiten? Utziko didazu?". Hala, gazteleraz hitz egitera edo gazteleraz dabiltzanekin interakziorik ez (edo gutxi) izatera jo dute. Estres linguistikoa pairatzen dute, eta horrek euskararen erabileran ere eragiten die, txarrerako.

"Gure seme-alabek euskararen erabilerarekiko uste etsigarriak garatu dituzte, gaztelera ez erabiltzeak ekar diezazkiekeen integrazio arazoen beldurrarekin lotutakoak"

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) hurrengo hau proposatzen du ikasgela guneei dagokienez: "Ikasgelak: horrelako guneetan, haur eta gazte euskaldunak gela eta gune zehatzetan elkartzea da bidea, zalantzarik gabe, arnasgune txiki horiek sortuta soilik sortu daitekeelako antena eta motore efektua. Horrelako guneetan, (…) kontrakoa gertatzen baita hizkuntza gutxituko hiztunak hizkuntza eta kultura hegemonikoaren baitan nahasiz gero: beti, salbuespenik gabe, hizkuntza gutxitua desagertzen da". Gune erdaldunetan ezinbestekoa da, beraz, eskolan, ikasgelan, haur euskalhiztunak ez bereiztea. Inongo biziberritze prozesutan ez baita hizkuntza bat zabaltzen dauden hiztun apurrak hizkuntza hegemonikoaren erabiltzaileen artean nahasita. Hori eginez gero, kontrakoa gertatzen da: hizkuntza gutxiagotua ahuldu egiten da. Beraz, arnasgune funtzionalak sortzea da bidea, gure haurrak euskaraz biziko badira normaltasunez, larritasunik gabe. Arnasgune bilakatuko diren ikasgeletan haurrak elkartuta soilik sortuko baita motore eta antena efektua.

Alabaina, gure haurrak beste haur euskalhiztunekin elkar ditzatela eskatu dugunean ukatu egin digute aukera, "irizpide pedagogikoen, aniztasunaren eta inklusibitatearen izenean". Ez gatoz inondik ere bat. Aniztasuna eta inklusibitatea gazteleraz baino ezin dira bermatu, ala? Aniztasuna eta inklusibitatea nahi ditugu geuk ere, baina gure herrian, geure hizkuntzatik, euskaratik, hain zuzen. Edozein herri normaletan gertatzen den bezala. Hizkuntza arloan nor ateratzen da irabazten gaur egungo taldekatze irizpideekin? Euskal hiztuna den umeak gaztelerara jotzen baldin badu, nork egingo du euskaraz? Orain, denak ateratzen dira galtzaile. Badakigu Euskal Herri osoan asko zaretela gure egoera berbera bizi duzuen gurasoak. Dei egiten dizuegu gurekin bat egitera. Zabal dezagun elkarrekin eztabaida hau, mugiaraz ditzagun egoera aldatzeko eskumena dutenak. Seguru gaude denon artean lortuko dugula gure seme-alaben euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea. 

*"Arnas dezagun" guraso euskaldunak. Izaskun Rekalde, Gilen Mejuto eta Mitxel Elortza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide