Kubaren kontrako manipulazioari buruz idaztea aspergarria egiten da, bai. Oso neketsuak dira. Kuban oso gaizki daude, ez daukate ezer, ez jatekorik ez medikamenturik, internet moztu dute, baita elektrizitatea ere, Kubako erregimena gora, Kubako diktadura behera… Zenbatetan entzun ditugu halako mezuak pozoitutako iritzi-zutabeetatik zein tertuliakide eta entzule batzuen iritzi sinplista eta apokaliptikoetatik?
Kuban egoera zail batean daude, bai. Haratago, Kuban egoera zail batean bizitzera ohituta daude, Kuban egoera zail batean bizitzera kondenatu dituztelako. Izan ere, Iraultza boterera heldu zenetik etengabekoa izan da inperialismo yankiaren erasoa. "Sozialismo erreala"ren eremuak blokeoaren eraginak neutralizatu zituen nabarmenki, "Garai Berezia"n murgildu arte, non egoera kritiko batera heldu zen. Kubako herriak, hala ere, eutsi zion subiranotasunari eta sozialismoaren defentsari. Chavezek gidatutako olatu bolivartarrak agertoki berri bat suposatu zuen zonaldean, baita aliatu berriak topatzea ere. Hala ere, Venezuelak azken urteetan pairatu duen itotze-egoerak eta munduan zabaldutako pandemiak erasan dute larriki Kubako ekonomia. Egiturazko arazo eta gabeziei turismoa erortzea gehitu behar zaie, ekonomiaren lerro nagusia. Elementu hauek ezin dira kokatu blokeo kriminalaren agertokitik kanpo, arlo guztietan eragina baitu. Dagoeneko sei hamarkadetan zehar, Trumpekin gogortua eta Biden administrazioarekin bere horretan mantendua, blokeoak egungo protesten euskarri materiala atondu du. Erreala da blokeoak berak nabarmen larriagotu duen egoera, eta herriaren egonezina eta kezka ulergarriak. Beste kontu bat da sare sozialetatik, kasu batzuetan kanpoko estrategia zehatz bati erantzunez, sektore batzuen atsekabea bideratzen saiatzea Iraultzaren aurka aritzeko.
Amorragarria da Euskal Herrian ere jasotzen dugun Kubako iraultzaren kontrako propaganda, blokeoa intentzio osoz saihesten duena edo bigarren toki batean uzten duena, Kubako iraultzaileek erabiltzen duten aitzakia bezala irudikatuta. Kubako populazioaz hain kezkatuta omen dauden hainbesteri galdetu beharko genieke non zeuden ekainaren 23an, euskal hiriburuetan internazionalistok blokeoaren aurka kontzentratu ginenean.
Covidak sortutako gaixoez eta hildakoez ari dira hedabide askotatik eta, egoera okertu bada ere, Kubako datuak inguruko herriekin zein Europakoekin alderatzea baino ez dago, hemen bertan izan duguna eta daukagunetik maila askoz txikiagoetan murgiltzen direla ikusteko. Aldiz, ez dute azpimarratzen Kuba izan dela bere txerto propioak garatu dituen Latinoamerikako herrialde bakarra (Abdala erabiltzen jada, Soberana 2 oniritziaren zain eta beste hiru txerto aurreko faseetan). Bai, baliabide natural gutxiko eta blokeatutako herri txiki bat erronka honi eusten ari da.
Errepresioaz hitz egiten digute ere, batzuetan Kubakoak ez diren irudiak zabalduz. Oso kezkatuta omen daude, baina, alderaketa ariketa sinple bezala, bortizkeria mailaren arabera estaldura proportzionalki ematea ez litzateke gaizki egongo. Zenbat minutu eta karaktere Kubako istiluen aurrean erabilitako indarkeria mugatuari; eta zenbat Txileko manifestazioetan galdutako 400 begiei edo Kolonbiako protestetan egondako dozenaka hildako eta ehunka desagertuei; edo 2018an "bakea" sinatu zenetik eraildako 1.206 lider sozialei eta 277 FARC-en gerrillari desmobilizatuei? Nekez ikusiko ditugu ere zalapartarien aurrean Iraultza defendatzera kalera atera diren kubatarrak.
Gaur "askatasuna" eskatzen ikusten ditugunak, zer proposatzen dute? Iraultza desegin eta kapitalismora bueltatzea?
Egun SOS Kuba leloa erabiltzea nahasmen-operazio horren parte izatea da, ezjakintasunetik edo jarrera politiko kontziente batetik eginda. Diseinatutako operazio bati erantzuten dio, bai, AEBetatik bultzatuta eta finantzatuta eta herrialde askotako kapitalaren tokiko morroiek oihartzuna emanda. San Isidroko "artista errebelde" horiekin egin zuten bezala. Patria y vida abestiaz egin duten ustiapena bezala. Eta, ez, hau ez da bestearen etiketatze hutsa norberaren posizioetatik ez mugitzeko. Kuban arazoak daude, agerikoak dira, eta iraultzaile kubatarrek (agintariek ere) ez dituzte ukatzen. Egoerak higadura eragiten du, materiala zein emozionala (hori da blokeoarekin bilatzen dena…); eta ez da erraza gabezien aurrean eta egin beharreko ilaretan naretasuna mantentzea eta egunerokoaren gauzarik sinpleenak testuinguru batean kokatzen jakitea. Are gehiago gazte askoren kasuan, erretorika ofizialetik urrun eta sare sozialen etengabeko kanpainarekin. Baina ez dezagun ahaztu zer dagoen mugimendu hauen atzean. Beste toki batzuetan garatutako "koloreetako iraultzen" kiratsa nabarmenegia dute. Jendartea oso egoera delikatu batera eraman, protestak elikatu eta kanpoko interbentzio bati atea ireki, giza eskubideen aldeko aitzakiapean edo laguntza humanitarioz mozorrotuta, Venezuelan ere saiatu duten bezala. Ziur Kuban gauza asko alda eta hobe daitezkeela, baina zer eta nola kubatarrek erabaki behar dute, munduko potentzia ekonomiko eta militar handienaren presio itogarririk gabe. Blokeoa "castristek" "erregimenean" aldaketak ez egiteko aitzakia bada, zergatik ez dituzte aspaldidanik desenkusa hori gabe agerian utzi? Ez dute hain argi izango…
Kubako Iraultzaren kontrako "askatasuna" oihuek Madrilen ultraeskuinak erabilitakoek baino askoz sinesgarritasun gehiago ez daukate. Ezarritako botereari egin beharreko ezinbesteko kritikaz gain (botere eraldatzaileari hobetzeko kritika, botere zapaltzaileari eraisteko salaketa), zer dago "askatasuna" oihukatzen dutenen atzean? Zer proposamen? Batistaren diktaduraren kontra 1953an Moncada eraso zuten iraultzaileek programa bat zuten, boterea hartuta indarrean jartzeko, epaiketan Fidelek La Historia me absolverá alegatuan deskribatu zuena. Gaur "askatasuna" eskatzen ikusten ditugunak, zer proposatzen dute? Iraultza desegin eta kapitalismora bueltatzea? John Quincy Adams-en "fruta garatuaren" teoriari jarraituz, AEBetako eskuetan geratzea, kolonizatzaile espainiarrak bota ostean Platt zuzenketarekin gertatu zen bezala?
Kubatar gehienen formazioak eta harrotasunak eta Iraultzaren sustrai sakonek bere lekuan utziko dituzte saiakera kontrairaultzaile hauek, beste batzuetan egin duten bezala. Kubatarrei dagokie bere herria eta bere prozesu iraultzailea garatzea eta perfekzionatzea, oztopoz oztopo, akatsez akats eta lorpenez lorpen. Guri euskal internazionalismoa lantzea dagokigu, Kubako iraultzaileei elkartasuna adieraziz, kontrairaultzaileak salatuz eta hemen zabaltzen diren gezurrei aurre eginez. Kubako kasuan, Mundu mailan baita Euskal Herrian ere, SOS deia behar duena egia baita