Bi urte igaro dira Gasteizko udalbatzako osoko bilkurak aho batez onartu zuenetik Eusko Jaurlaritzari antzinako hospizioa lagatzea Alde Zaharreko osasun zentro berriaren lanak egiteko. Bi urte hauetan zehar, askotan esan digute, Udalarekin egindako bileretan —Auzoguneetan, alkatearekin Gasteiz Txiki elkartean bertan eta baita Udalaren egoitzan ere—, proiektua martxan zegoela, ez zegoela desadostasunik erakundeen artean eta obrak hastea denbora kontua zela.
EH Bildu taldeak Eusko Legebiltzarrean egindako interpelazio bati esker jakin dugu dena gezurra zela eta garai bateko babes-etxearen eraikina ez zaiola ezta Eusko Jaurlaritzari transferitu ere.
Gure haserrea eta etsipena erabatekoak dira, eta gure kezka ulergarria. Osasun zentro bati buruz ari gara, ez da trafiko edo garbiketa arazo bat, edo beste edozein motatakoa, ez: osasun arazo bat da. Iruzur horiekin auzoak ez du berreskuratuko erakundeekiko konfiantza; horrela Udalak ezin du gure sinesgarritasuna irabazi.
Hirigune historikoa berroneratzeko plan asko aurkeztu zaizkigun arren, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko eta auzoa osasun zentroa bezalako azpiegiturez hornitzeko konpromiso sendorik ez badago, ezin izango dugu inoiz Udalarekiko konfiantza nahikorik lortu; hortaz, ezinezkoa izango da gure babesa eta parte hartzea auzoa berroneratzeko prozesuari aurre egin ahal izateko.