Gasteizko Udalak uztaila eta iraila bitartean auzoetan plazaratuko den kultur programazioa aurkeztu du. Gure ustez proposamen bikaina da auzoetan kontzertuak edota antzerkiak ikusteko aukera eskaintzea eta, iaz ikusi ahal izan genuen bezala, auzoko bizilagunen begi eta belarrietara ekimen arrakastatsua.
Baina aurten Salburuan egingo diren ikuskizunei erreparatuta, begibistakoa da hizkuntzen artean ez dagoela inolako orekarik: uztailean bost ekitaldi egingo dira Gabriela Mistraleko kantxetan eta horietatik lau izango dira gaztelaniaz (tartean umeei zuzenduriko ikuskizun bat. Gainera, euskarazko ikuskizuna azken-azken momentuan iragarri da, hasierako programazioan ez baitzegoen horrelakorik). Abuztuan egoera pixka bat hobea da, euskara eta gaztelania erabiltzen dituen abeslari batekin. Irailean, ordea, berriz ere, gaztelaniazko kultur ekitaldia. Salburua bezalako Gasteizko auzo "gazte" batean, zazpi kultur ekitaldietatik bitan bakarrik entzun ahalko da euskara? Zergatik iragartzen dira hain berandu euskaraz programaturiko ekintzak?
Badakigu taldeak programatzeko orduan hainbat irizpide hartu behar direla kontuan: ikuskizunaren kalitatea eta aniztasuna, bertako artisten eta taldeen promozioa, ikusle potentzialen adina eta ezaugarriak, parekidetasuna, inklusioa… susmatzen dugu kultur eskaintzaren hizkuntza ere kontuan hartzen dela, baina oraingo honetan sekulako desoreka dagoela adierazi nahi dugu, tristuraz alde batetik, haserre puntuarekin bestetik.
Programazioaren arduradunek gure hausnarketa eta salaketa kontuan hartuko dituztelakoan, eta batez ere, aurrera begira arazoa errepikatuko ez delakoan, jaso ezazue agur bero bat.
*Sarburu kultur elkartea, Salburua-Burdinbide auzo elkartea eta Larkaiate auzo elkartearen izenean.