FELGTB (Lesbiana, Gay, Trans eta Bisexualen Estatuko Federazioa) erakundeak kanpaina bat abiatu du trans bandera estatuko hainbat erakundetara eramateko; Eusko Legebiltzarrean ekainaren 1ean izan da.
Duela aste batzuk, PSOEk eta eskuin-muturrak Trans Legea geldiarazi zuten diputatuen kongresuan. Hilabete luzez transfobia areagotu besterik egin ez duten gorroto mezuak zabaldu ostean, gure bizitzak errazagoak egingo zituen legearen kontra bozkatzean gauzatu zuten gorroto hori guztia.
"Ekimena PSOEri aurpegia garbitzeko baliatuko da, abstentzioarekin transexualitatearen despatologizazioa eta genero autodeterminazio eskubidea eragozten duten bitartean"
Testuinguru horretan, gure ustez, transfobia zuritu beharrean, hatzamarrarekin seinalatu behar dugu, eta zuritzen duten ekintzak eragotzi. Ekimen hori PSOEri argazki ziztrin bat ateratzeko baliatuko da, euren aurpegia garbitzeko, bere abstentzioarekin transexualitatearen despatologizazioa eta genero autodeterminazio eskubidea eragozten duten bitartean. Bertako erakunde akolitek antolatutako ekitaldia da hau, eta askotarikoa den mugimendu baten ahots baimendu bakarra izan nahi du.
Elkarte horiek gure borroken merkantilizazioaren erantzuleak dira, trans pertsonak ikusezin bihurtu gaituzte, bollerak, zoroak eta prekarioak bezala; gay, zuri, kapazitista, gorputz desiragarri eta kapitalista ez den edozein disidentzia sexo-generiko baztertzen dute.
Trans pertsonak erabili dituzte euren ustezko aniztasuna saltzeko. Erakunde horiek gure bozeramaile izango balira bezala jokatzen dute. Baina ez, LGTB mugimendua ez da kolore bakarrekoa, eta mugimendu hori osatzen dugun kolektibook ez dugu behar inork gu ordezkatzea.
"Elkarte horiek gure borroken merkantilizazioaren erantzuleak dira, trans pertsonak ikusezin bihurtu gaituzte"
Gurutzetako ospitaleko genero-unitatea patologizatzailea da. Aipatutako ekimena sustatzen duten tokiko elkarteak muzin gertazen dira Gurutzetan pairatu behar ditugun egoera iraingarrien aurrean, baina prest agertzen dira lotsa instituzionala irudikatuko duen argazkia antolatzeko.
Transfobia instituzionalak PSOE eta EAJren zigilua darama, eta FELGTB horren beharrezko kolaboratzailea da Errespetuz, Gehitu eta Ortzadar elkarteen bidez.
Atera zuen eskuak trans kolektiboetatik, ez erabili gure gorputzak zuen politika kriminalak garbitzeko. PSOE transfobia da.
Hemen dago trans amorrua!
Euskal Herriko trans mugimenduko hainbat eragilek sinatutako gutuna: Siendo tú, Loratuz lotu, Igaro trans* elkartea, Anitza Gazte Elkartea, Otsemeak, Lumagorri, B.A.L.A, Aiaraldeko mugimendu feminista, Laudioko mugimendu feminista, Gasteizko E28 Koordinadora eta Euskal Herriko Bilgune Feminista. Atxikimenduak jasotzen ari dira lotura honetan.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.