Iritzia

Biktimei omenaldia?

Erabiltzailearen aurpegia Babestu 2021ko api. 27a, 08:30

Iñigo Urkullu Salburuko Atarian, Covid-19aren biktimei egindako omenaldian. / IREKIA

"Larunbatekoa bezalako eszenaratzeek esanahia izango lukete Lehendakari jaunak aipatu zituen "akatsen" konponbideekin batera emango balira, baina ez ditu aipatzen. Gehiegi direlako?"

Hilaren 25ean, komunikabideen bidez izan genuen Covid-19aren biktima batzuei egindako "omenaldi" baten berri. Lehendakariaren, Arabako Gizarte Politikako diputatuaren eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzak urrun egon ziren biktima horien senide eta gertuko askok entzun nahiko genukeenetik.

Asko gara, biktimak ere bai, ez gintuztenak gonbidatu ekitaldi horretara. Erakundeek ere ez digute ahotsik eman, baina horrek ez digu eragotzi bizi izan ditugun eta bizi ditugun ankerkerien berri ematea.

"Adinekoek biktima izaten jarraitzen dute; ez Covid-19aren biktima, baizik eta asistentziaren eta erakundeen kudeaketa txarraren biktima"

Propaganda agendaren eta erakundeen "lan onaren" kanpainaren baitako ekitaldia izan zen. Zauriaren gainean piko egin dute. Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen titularra gure egiten dugu: "Gutxi, berandu eta gaizki".

Egoitzetan mila pertsona baino gehiago hil dira Covid-19arekin gaixotu ondoren. Askok ez zuten behar bezalako arretarik jaso, eta imajinatu ezinezko bakardadean hil ziren. Zer esanik ez gure adinekoek beren etxeetan eta eguneko zentroetan bizi izan dituzten egoerei buruz.

Egoitzetako txertaketak heriotza kopuru kezkagarria eten zuen, baina ez egoiliarrak bizitzen ari diren egoera kezkagarria.

Ez dugu onartuko hezegunean loreak jartzeko ekintza hunkigarria bizitako egoera basatiaren bukaera izan dadin. Adinekoek biktima izaten jarraitzen dute; ez Covid-19aren biktima, baizik eta asistentziaren eta erakundeen kudeaketa txarraren biktima.

"Txertaketak heriotza kopuru kezkagarria eten zuen, baina ez egoiliarrak bizitzen ari diren egoera kezkagarria"

Lehendakariak esan zuen "inork ez zuela argibide libururik". Argibide liburuak objektuei, altzariei, etxetresna elektrikoei... buruzkoak dira, inoiz ez pertsonei buruzkoak; eta horregatik ez ditu Lehendakari batek erabili behar, edo hori uste genuen behintzat.

"Akatsak" egin izana ere "onartu" zuen, baina ez zuen esan zein akats. Ehun bat erabiltzaileri maskarak kobratu zizkien Donostiako egoitzak ere esan zuen "akats bat" izan zela [Diario Vasco, 21/4/23].

Txertaketaren ondoren, egoitza pribatu, publiko eta itunduetako egoera konpondutzat eman dute. Guk, ordea, ez. Horregatik, pandemiaren aurretik ematen ziren eta oraindik ere ematen diren akatsak azpimarratu nahi ditugu. Egoitzetako plantillak ez dira nahikoak, haien lan baldintzak eskasak dira, eta horrek kalitatezko arreta ematea eragozten die. Ratioak, erabiltzaileak artatzeko zenbat langile behar diren dioten zenbaki horiek, faltsututa daude, eta ez dituzte kategorien arabera kalkulatzen, kontratatutako langile guztien arabera baizik.

Etengabeko prestakuntzarik ez dago. Ikuskaritzek ez dute inoiz "irregulartasunik" aurkitzen. Horietako gehienetan, lehen mailako arretako zentroek ez dute haien osasunaren jarraipenik egiten. Haien narriadura fisikoa eta kognitiboa hobetzeko jarduerak, askotan, ez dira existitzen, ezta enuntziatuta ere.

"Egoitzetako plantillak ez dira nahikoak, haien lan baldintzak eskasak dira, eta horrek kalitatezko arreta ematea eragozten die"

Gaur egun ere biktimak daude. Irteerak eteten zaizkie, bisitak mugatzen zaizkie, harremanak izateko hurbileko pertsonen kopurua mugatzen zaie, haien gertukoek non bizi diren jakitea eragozten zaie, karpa batean bisitak egitera behartzen dituzte, baldintza guztiak betetzen ez dituzten espazioetan. Pertsona gisa dituzten eskubideak urratzen ari zaizkie.

Horregatik guztiagatik, eta askoz gehiagorengatik, biktimak daude oraindik; eta asko dira, Lehendakari jauna. Eta zer esanik ez beste biktima horietaz. Beti bezala lehendakariak ikusezintasunera eta ahanzturara kondenatzen dituenak: milaka emakume etorkin, oinarrizko eskubiderik gabe lanean.

Larunbatekoa bezalako eszenaratzeek esanahia izango lukete Lehendakari jaunak aipatu zituen "akatsen" konponbideekin batera emango balira, baina ez ditu aipatzen. Gehiegi direlako?

Sinatzaileak: Txaro Marquinez Idiaquez, Iraide Urriz Goikoetxea, Marixa Diaz de Arkaia Landa, Xanti Ugarte Solaberrieta, Guillermo Perea Lopez de Letona, Xabier Pierrugues Barberan, Xabier Monreal Pinillos; Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako senideak eta Irauli zaintzako partaideak.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago