Apirilaren 22an, langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu!

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Ikasle Abertzaleak 2021ko api. 20a, 16:00

Martxoaren 25eko ikasle mobilizazioa Gasteizen. / @Ikas_sarea

"Ostegun honetan, 11:00etan Gasteiz Campuseko Elurreta eraikinetik aterako den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diogu ikasleriari. Hezkuntza publikoaren egoera salatu eta doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den hezkuntza aldarrikatzeko".

Ikasleria osoaren hezkuntza prozesua determinatua dago bere egoera sozial eta ekonomikoarengatik, eta horrela izan da historia osoan zehar. Erdi Arotik, klase jabedunek unibertsitateetan ikasteko aukera izan dute. Proletariotzaren belaunaldi berriek, ordea, XX. mendetik aurrera bereganatu zuten hezkuntzarako sarbidea, borroka luzeen ostean. Hala ere, gaur egunera arte klase sozialak determinatzen jarraitzen du ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesuaren nolakotasuna, eta badirudi, gutxienez epe ertain batean, tendentziak jarraituko duela.

"Klase sozialak determinatzen jarraitzen du ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesuaren nolakotasuna"

2008an eztanda egin zuen krisiak, eta horrek ekarri zuen hamarkada luzez indartuz joan zen sektore publikoak bere mugak jotzea. Hurrengo urteetan, lehen murrizketa nabarmenak eman ziren estatuaren kontrolpean dauden instituzioei emandako diru partidetan, tartean hezkuntzakoan.

Diru laguntzen murrizketa eta existitzen ziren hainbat zerbitzuren desegitea, irakasle zein ikasleen lan eta ikas baldintzetan emandako okertze orokorrarekin batera, izan ziren hezkuntza publikoaren berregituraketa garaikidea markatzen hasteko lehen pausoetakoak.

Koronbirusaren agerpenak hamarkada luze bateko joera hori areagotu besterik ez du egin, urte bakar batean eman diren atzerapausoak nabarmenak izan direlarik hezkuntza komunitateko langileriarentzat. IKAS eta UIB eragileek egoera horrek sortutako kalitatearen beherakadaren berri eman digute ikasturtean zehar, haien lan politiko eta sindikalaren bitartez hamaika adibide salatu eta borrokatuz.

"Hezkuntzarako sarbidea trabaz betetzen doa, ikasle ugari hezkuntza prozesutik kanporatuz"

Adierazgarria da oso ikasleriaren sektore proletarizatuenaren baitan handitzen doan eskola uztearen tasa, kalitatearen beheradakaren eta ikasketen garestitzearen ondorioz. Langile antolakuntzaren indarrak egikaritu zuen hezkuntzarako sarbide erreala ongizate estatuaren paradigman, baina paradigma hori desegiten doan momentuan, sarbide hori trabaz betetzen doa, ikasle ugari hezkuntza prozesutik kanporatuz.

Hala ere, sarbide horren bermea borrokatzearekin batera, hezkuntza ereduaren izaera burgesa mahaigaineratzearen eginbeharra uztartu behar dugu. Indarrean dagoen hezkuntza kapitalistak betetzen dituen funtzio sozial eta ekonomikoak ezagutzen ditugu: txikitatik etorkizuneko lan merkaturako figurak sortu eta interbentzio ideologikoaren bitartez moral burgesa txertatu. Horren arautzea Europa mailako oligarkiak ardaztutako planen bitartez gauzatzen da, estatu mailako erreformak horren zehaztapena bihurtzen direlarik; esaterako, LOMLOE, duela hilabete gutxi Espainiako Kongresuan onartutako hezkuntza lege berria.

Azkenik, ostegun honetan, hilaren 22an, 11:00etan Gasteiz Campuseko Elurreta eraikinetik aterako den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diogu ikasleriari. Hezkuntza publikoaren egoera salatu eta doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den hezkuntza aldarrikatzeko.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago