Inoiz ez dugu hainbeste arrazoi izan matxinatu eta soilik euren kapital-metaketaren krisia gainditzea obsesio psikopatikoa dutenak geldiarazteko. Greba orokor mugagabea hasteko ordua da, lotsagarrikeria ekonomiko eta politikoaren aurka. Gero eta aberatsagoak diren aberatsen kopuruaren igoera beldurgarriari buruzko datuak aurkezten dizkigute, eta egungo "osasun-krisiaren " errua saguzar bati egozten diote, antza, duen botereagatik Batmanen lehengusua den saguzar bati. Aldi berean, geldiarazteko izuaren birusa txertatzen digute, lan-esklabu izaera onar dezagun, langabeziaren eta pobreziaren hazkunde esponentziala adierazten duten zifrak erakutsiz.
Sinetsarazten digute gaitzak gu arduratsu izateko ezintasunetik datozela, eta betiko oligarkien zerbitzura dauden alderdien erabakiei men egiten diegu, gu errudun bihurtuz eta zigortuz. Ez zaie interesatzen txertoen patenteak liberalizatzea, ezta zergak jartzea ere gure lana beren urre bihurtuz aberastu direnei. Gainera, gure gaitasunik eza kudeatzeko, birologoak, epidemiologoak, txertatzaileak, iritzi-emaileak baliatzen dituzte. Horiei galdetu beharko genieke, altruismo zientifikoz mozorrotutako lengoaiekin hitz egiten hasi aurretik: zer industria farmakologiko, publizitario, mediatiko, politiko edo estatalen zerbitzura zaude zu?
Gure miseria erremedio magikoekin merkantilizatzen dute: elikagai adulteratuak aurrezteko, gure nahasmen eta nekearen sintomak kronifikatzeko medikamentuak, komunikatuta gaudelako itxurak egiteko tresna teknologikoak. Poliziaren gastuak handitzeko beharra saltzen digute, euren neurri esperpentikoak betetzen ez ditugulako isuna jarri eta horrela, beren "enpresa bideragarriak" finantzatzeko diru gehiago biltzeko. Horregatik, indarkeria sistemikoaren aurkako borrokari ekiteko arrazoiak soberan daude.
Cesar Manzanosek gaztelaniaz idatzitako jatorrizko iritzi artikulua euskaratu dugu ALEAn.