Zorionak guztioi, eta kaleetan egongo gara

Erabiltzailearen aurpegia Berriztu 2021ko api. 12a, 10:00

"Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, benetan beste energia eredu baten alde badago, Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) sozietate publikoa desegiteko. Eredu jasangarri baterantz benetako trantsizioa hasteko garaia da".

Betidanik salatu izan ditugu EAJren eta Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) sozietate publikoaren asmoak Armentia-2 putzuaren atzean. Amesgaizto baten hasiera besterik ez zen, ondoren euskal lurraldean ehunka putzu egin ahal izateko.

"Aspalditik, Arabako jendartearen gehiengoaren iritziaren kontra ibili dira EAJ eta gobernu bazkide PSE"

Aspalditik ere, Arabako jendartearen gehiengoaren iritziaren kontra ibili dira EAJ eta gobernu bazkide PSE. Urte luzez herritarren ezezkoa izan du proiektu horrek.

2014an, gas-proiektuaren aurka eta frackingaren aurka ekimen legegilea bultzatzeko 103.589 sinadura jaso ziren; 2018an, alkateak berak, talde sozialistarekin batera, proiektu horri buruzko herri galdeketa bat ukatu zigun; 2018ko uztailean, 2.000 alegazio herrikoi aurkeztu ziren, eta bat ere ez zen onartu.

Berriztu mugimenduak hainbat mobilizaziotan erakutsi du Gasteizko jendartearen oposizioa horrelako proiektuei.

Green Capital, larrialdi klimatikoa eta herritarren parte hartzea bezalako ideiak saltzen dizkigute, baina herritarrek errefusatutako erregai fosilen alde egin dute azken unera arte, energia berriztagarrietan oinarritutako trantsizioan inbertitu beharrean. Horregatik, EAJren eta PSEren jarrera antidemokratikoa salatu izan dugu, eta salatzen jarraitu nahi dugu.

"Klima larrialdiak eta Espainiako Klima Aldaketaren Legeak behartuta, ustiaketa egiteari uko egin diote behingoz"

Orain, klima larrialdiak eta Espainiako Klima Aldaketaren Legeak behartuta, ustiaketa egiteari uko egin diote behingoz. Baina beraien proiektu suntsitzaileekin jarraitzeko asmoa erakusten jarraitzen dute: eolikoen proiektu basatia, Abiadura Handiko Trena, erraustegia, "Hidrogenoaren Euskal Korridorea" eta abar.

Azken hamar urteetan, Eusko Jaurlaritzaren SHESA sozietateak diru publikotik 80 milioi euro baino gehiago galdu ditu. Ez da onargarria klima larrialdi egoera honetan Eusko Jaurlaritzak diru publikoa xahutzen jarraitzea horrelako ekimenekin. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, benetan beste energia eredu baten alde badago, Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) sozietate publikoa desegiteko.

Eredu jasangarri baterantz benetako trantsizioa hasteko garaia da. Beste energia eredu bat posible da.

"Azken hamar urteetan, SHESAk diru publikotik 80 milioi euro baino gehiago galdu ditu"

Arabako jendartea eta erregai fosilen aurka mobilizatu izan diren kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, proiektu hauen kontra erakutsi duten konpromisoagatik; bereziki, Fracking Ez Arabak egindako lana. Baita alde politikotik benetako trantsizio baten alde egin dutenei jarrera eskertu ere.

Amaitzeko, gai hauek kezkatzen dituen pertsona guztiak gonbidatzen ditugu horren alde mobilizatzen jarraitzera.

Zorionak guztioi eta kaleetan egongo gara.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago