Koronabirusa

Agonia larriagotu egin da Arabako egoitzetan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako egoiliarren senideak 2021ko api. 7a, 11:56

Arabako egoitzetako bizi baldintza duinen aldeko mobilizazioa, martxoan. / ALEA

"Espetxeetan graduak daude, bisitak eta irteerak; Gasteizen ikusten ari garen bezala, egoitzetan ez. Egoitzak isolamendu kartzela bihurtu dira. Adineko guztiak txertatuta daude, baina isolatzen dituzte".

Denok dakigu jasaten ari garen pandemia bereziki bortitza izaten ari dela gure adinekoekin, eta are bortitzagoa izaten ari dela egoitzetan bizi direnen artean. Covid-19aren gogortasunak ondorioak areagotu ditu, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren ondorioz.

Pertsona asko hil dira egoitzetan. Pandemiak agerian utzi ditu beren kudeaketa ezin hobea dela esaten dutenak. Mendekotasuna duten pertsonen zaintzak agerian geratu dira. Egoitzetan hildako eta kutsatutako pertsona kopurua hori frogatzen duen datu objektiboa dira. Hala ere, egiten dituzten ikuskapenetan ez dituzte ez erabiltzaileak ez senitartekoak kontuan hartzen, eta inoiz ez ditugu emaitzak jasotzen, prentsan argitaratu ezean.

"Zaintza ereduak ez duela balio eman dute jakitera hainbat erakunde ospetsuk eta zaintza lanetan adituek"

Gaur egungo zaintza ereduak ez duela balio eman dute jakitera hainbat erakunde ospetsuk eta zaintza lanetan adituek. Haiek entzun beharrean, Arabako Aldundiak gure adinekoei tratu txarrak ematen jarraitzen du. Egoitzetako erabiltzaileak tratu txarrak jasotzen ari dira.

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Emilio Sola jaunak esan zuenean "nahiago ditut triste hilda baino", ez zen kasualitate hutsa izan. Egoitzetarako estrategiaren definizioa izan zen. Penaz hiltzear daude, sedaziorik gabeko agonia gogor eta luzean.

Egoitzen txertaketa erabili zuten haien burua zuritzeko. Ondo egindako lanaren adibide bezala saldu zuten txertaketaren kudeaketa. Beste behin, gezurra esan zuten. Helburua hildakorik ez egotea zen, haien irudian izan duen eragina izugarria izan delako. Ahoa betetzen zaie esanez "Covid zero" egongo dela egoitzetan. Baina ez dute esan zer gertatzen ari den txertoaren ondoren.

"Egoitzetarako estrategiaren definizioa izan zen. Penaz hiltzear daude, sedaziorik gabeko agonia gogor eta luzean"

Senideok egoitzetan sartu ezinik jarraitzen dugu, zer jarduera eta zaintza jasotzen dituzten jakin ezinik, eta gure adinekoen eskubideak urratzen dituzten bisitekin eta irteerekin. Espetxeetan graduak daude, bisitak eta irteerak; Gasteizen ikusten ari garen bezala, egoitzetan ez.

Egoitzak isolamendu kartzela bihurtu dira. Adineko guztiak txertatuta daude, baina isolatzen dituzte, nahiz eta PCR negatiboak izan, langile positiboekin harremana izateagatik. Berriro ere konfinatuak. Zein baldintzatan? Aldundiak berak aitortu bezala erabateko garrantzia duten bisita eta irteerak kendu zaizkie.

Gure senideen egoera fisiko eta kognitiboak okerrera egin du, eta ez da bakarrik adinagatik edota patologiengatik, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa negargarri eta ankerragatik baizik. Sola jaunak nahiago zuen tristura ari da gure adinekoak hiltzen.

"Egoitzek lehentasuna izateari utzi diote, ez baitago Covid-19aren ondorioz hildakorik"

Mediatikoki, egoitzek informazio lehentasuna izateari utzi diote, ez baitago Covid-19aren ondorioz hildakorik. Baina pertsona askok, senide eta erabiltzaile askok, agonia bizi dute, eguneroko gorabeherekin; eta fisikoki zein psikologikoki kalte handia pairatzen ari dira.

Gasteiz eta Araba eremu gorrian sartu dira. Murrizketa berriak ostalaritzan, mugikortasunean... Zergatik ez dira letra larriz argitaratzen adinekoei ezartzen zaizkien murrizketak? Egoitzetako irteerak eten egin dira. Urkullu eta Gonzalez jaunek terapeutikoak deitu zituzten irteera horiek ez dira existitzen.

Gure senideei bisitak izateko eta egunero paseatzeko eskubidea ukatzen zaie. Etxeratze-agindua 23 ordukoa da haientzat, kasurik onenean. Askori senideekin egotea eta paseatzea ukatzen zaie egunero.

"Zergatik ez dira letra larriz argitaratzen adinekoei ezartzen zaizkien murrizketak? Egoitzetako irteerak eten egin dira"

Inork ez dezala bere burua engainatu. Ez dira inor babesten ari, eskubide guztiak urratzen ari zaizkie. Gure adinekoek konfinatuta jarraitzen dute: batzuk beren geletan, beste batzuk irteera eta bisita kronometratuekin, eta asko, gaurtik aurrera, irteerarik gabe, diputatu jaunak hala erabaki duelako.

Egoitzetako itxiera perimetralean debekatuta dago gertukoekin paseatzea. Herritar gehienei inposatzera ausartzen ez diren neurriak adinekoei inposatzen dizkiete.

Eguberria "salbatu" dute, Aste Santua "salbatu" dute, zergatik ez dituzte adinekoak salbatzen? Senide garen aldetik, nekatuta gaude, baina horrek ez du esan nahi gure nagusientzako duintasuna eskatzeari utziko diogunik.

Sinatzaileak: Txaro Marquinez Idiaquez, Txurruka Garate anai-arrebak, Ana B. Mayorga Velasco, Maria Luisa Sanchez Perez, Maria Angeles Bueno Chandro, Emilia Lopez Holgado, Encarnacion Aguinaga Rodriguez, Consuelo Salvidea Martinez de Murguia, Isabel Sanchez Martin, Anunciacion Aldama Villanueva, Cristina Verdugo Sandoval, Maita Ramos Sierra, Maria Solis Saez, Gotzone Redondo Garcia, Maite Egia Iturralde, Valentina Sanchez Perez eta Amaya Gallego Sanchez.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago