Orain arte Olarizu etorbidean bizi diren 30 familiak horren adibide dira. Gasteizko Udalak behartu egiten ditu orain arte haien etxeak izan direnak borondatez uztera; legeak babestutako jakinarazpen baten bidez egin dute, gainera.
Kezkagarria da instituzioak gehien erabiltzen duen argudioetako bat Gizarte Politiketako Sailak aurkeztu zuen txosten bat izatea, Olarizuko bizilagunek alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituztela dioena. Jarrera honekin, ez dute betetzen Udalak berak bere garaian ezarritako neurria: etxebizitza alternatiba eskaintzea.
"Ez dute betetzen Udalak berak bere garaian ezarritako neurria: etxebizitza alternatiba eskaintzea"
Gogoratu beharra dago Jon Armentia Gizarte Politiketako zinegotziak batzordean aitortu zuela Olarizuko familia guztiei asiloa emateko adina baliabiderik ez zutela.
Beraz, Udalak eman dituen aukera bideragarri urriak eta husteko mehatxu etengabeak ikusita, familia batzuek beste etxebizitza bat okupatu behar izan dute; ez dute beste aukerarik izan, okupazioa edo kalea.
Udalari gogorarazi behar diogu familia horiek lau hilabete daramatzatela bizitoki-irtenbide baten zain. Erantzun ezak gaur egun bizi dugun egoera eragin du: lau pertsona udal aterpetxean, beste bi kale gorrian, 20 ebazpen judizial baten zain, eta hainbat familia beste etxebizitza batzuk okupatzen.
"Familia batzuek beste etxebizitza bat okupatu behar izan dute; ez dute beste aukerarik izan, okupazioa edo kalea"
Beste behin ere, giza eskubideen urraketa salatu nahi dugu.
Era berean, gogorarazi nahi dugu Olarizuko bizilagunak jazarri, zelatatu eta mehatxatu egin dituztela hilabete hauetan, eta ez dute kontuan hartu jazarpen horrek arriskuan jarri duela bizilagunen osasuna bera.
Hilabete hauetan, Olarizuko auzokideek laguntza eskatu diote Udalari. Batzordeetan, osoko bilkuretan, alkateari zuzenean bidalitako gutunetan eta Ararteko edo Sindikoa bezalako bitartekoetan. Tamalez, Olarizu auzoari dagozkion eskaera guztiak ukatu egin dira.
Udalak eskaintzen duen alternatiba eta aukera faltak eramaten gaitu pentsatzera duela urte batzuk Olarizuko bizilagunek bizi zuten egoera are zaurgarriagoa berriro bizitzera bultzatuko dituela; etxebizitza bat okupatzera bultzatu zituen egoerara, hain zuzen. Izan ere, lehen azaldu dugun bezala, badirudi erakundeak ematen duen aukera bakarra kalea dela.
"Herritarrok egoera ulertu behar dugu eta giza esubideak bermatu daitezen exijitu"
Horren aurrean, Olarizuko bizilagunek babesa eskatzen diote Gasteizko herriari. Herritarrok egoera ulertu behar dugu eta giza esubideak bermatu daitezen exijitu. Ez bakarrik Olarizu auzoan, Gasteiz osoan etxebizitza eskubidea bermatu behar da.
Beraz, ohar honen bidez, etxebizitza eta alokairu sozialaren arazoa konpontzen hasteko eskatzen diogu Gasteizko Udalari; etxebizitza eskubidea baita, ez negozioa.
Herritarrei elkartasuna eskatzen diegu.
Sinatzaileak: Okupatu Zure Bizitza elkartea eta Gasteizko Bazterkeria Sozialaren kontrako eta Etxebizitza Eskubidearen Aldeko ekimena.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.