Istorio biziak zukutzen

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Otamendi 2021ko api. 2a, 10:00

Arg: Literatur Txokoko kideak, Katixa Agirre idazlearekin.

Iturburu erakargarri suertatu zaigu literaturara hurbiltzea

Aguraingo Olbea euskara taldea sortzean lehenengo unetik zirudien ez zela talde estandarra izango, baizik irtengo zitzaizkion kimuak onartuko zituela. Isilean ernatze-zain balego bezala loretxo bat suspertu zen. Apaltasunez baina urtez urte iraunkor dirauen loretxo hori Literatur Txokoa taldea da. Kopuru txikiko talde neurria duela ez zaio bizitasunik falta.

Nahiz eta Olbearen hasierako talde eredu nagusia euskarari buruzko bilerak, ekinbideak eta helburuak lantzea izan, iturri aberasgarri batera joatea agendan sartzen hasi zen. Iturburu erakargarri suertatu zaio taldeari literatura barrutira hurbiltzea. Asko pentsatu gabe leiho horretatik begiratzeari ekin zitzaion. Eta ausardi inozentez lagunartean istorioak partekatzeak hizkuntza bera gozatzea zekarkigun. Ongi moldatzen baitzen taldekideek bere barnean daramaten helburu batekin: euskara bera Aguraingo euskaltzaleek partekatzean oinarrizko atsegin-bide suertatzea. Euskara bultzatzen den aldi berean hizkuntzaren lore-bilaketan jardutea.

Olbea berba bereziki aguraindarra da jatorrian zein egungo erabileran: S. Joan plaza inguratzen duten etxe-azpiko pasabideak antzina solas gune eta aterpe gisa erabiliak ziren. Oraindik ere gaineko sabaiak zurezko edo oholezko direlarik, behean berriketan eta tratuan zirenak ohol-behean sentitzen ziren.

Literatur Txokoan irakurtzeko aukeratzen diren fikzio liburuak egungo euskal idazleek azken bost-sei urtetan plazaratutakoak dira. Urtean zehar lau-bost liburu, idazle desberdinenak eta azken bost urtetan argitaratutakoak.

Nobelagintzaz esaten da bi nobela mota daudela: bizitza ahazten laguntzen digutenak eta bizitza hobeki ulertzeko suertatzen zaizkigunak. Bi ondorio horiek biltzen dira irakurle bakoitzari testuak utzi dizkion arrastoak taldean partekatzen direnean. Testu berak sentimendu desberdinak altxatu dituela eta, elkarrekin hizketatzean onargarri dakusagu bati ametsak koloreztatzen dizkion bitartean pasarte berberak besteari zer pentsa eman diola. Hortik tiraka, narrazio bakoitzari ematen zaizkion komentarioetatik nobelaren gaiak ateratzen dira. Fikziozko literaturan gehiago derizkiogu bizitzaren ahuleziak eta asmo lortu gabeak eskaintzen zaizkigula, bizitzaren zati sendo eta irmoak baino. Literaturaren eginkizuna zubiak eskaintzea ere badela… testua irakurri ostean ibili genezaken zein bide otu zaigun hausnartzen dugu. Liburuek lehendabizi sentitzera garamatzate, eta horren ondotik pentsatzera. Asko pentsatzeak zauriak ere sortzen dituenez, noizik eta behin berriro narrazio ederretara itzuli behar.

Patxi Otamendi. Irakurzalea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago