Etorkizuna kantari

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Perea 2021ko api. 3a, 10:00

'Lautadako ahuntzak' bertsolari taldea, Kuadrilla arteko txapelketan. / ABE

Guztien pizgarri, zailtasunen gainetik ate joka ditugu udaberriko hitzordu guztiak

Aspaldi hasi zen bertso mugimendua Agurainen. 1997 urtea izango zen guztia abiatu zen garaia. Hasierako pausu horiek Aguraingo euskaltzaleen ekimenez eman ziren eta bertso eskola horietako kideek zeresana eman zuten. Maiteder Sasieta aguraindarrak bigarren saria lortu zuen 2000 urtean 14 urtetik 18ra bitarteko sailean eta Manex Agirre aramaioarrarekin batera Arabako ordezkari izan zen EHko eskolartekoan.

Bertsolaritza Gasteiztik herrialde osora zabaltzen hasi zen garaitik dago Lautada bertso mapan, bere erritmora baino aurrera beti. Eta Arabako helduen txapelketako lau txapel eta taldekako bat lautadan geratu dira.

Bertsolaritza eskolan lantzeko lehen urratsak ere aspaldi hasi ziren. Lope de Larrea ikastolan lehendabizi eta inguruko ikastetxeetan berehala. Geroztik eskualdeko guztietan lantzen da, tokiko erakunde eta ikastetxeen ahaleginari esker. Balorazio bikaina egiten dute parte-hartzaile eta familiek, eta euskararentzat eta euskal kulturarentzat hauspo garrantzitsua izan da beti.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailatan urritik maiatzera hamabostean behin ematen da, eta Bigarren Hezkuntzan tailer labur eran udaberrian. Bertsozale Elkartea berrikuntza pedagogikoan murgilduta dago, bat-batekotasuna eta gozamena erdigunean.

Eskolako urratsetan sakontzeko, eskualdeko bertso eskoletan ematen dute izena. Familia bertsozaleen toki kuttuna izan da bertso eskola, eta une honetan euskaltegiko beheko solairuan du egoitza.

2010ean urrezko aroa ezagutu zuen 4BE bertso eskolak, herri mailan oso aktiboa zen gazte talde sendoa eta Jotafa# txarangaren indarrari esker. Guraso eta seme-alabekin sortutako famili bertso eskola eta gazte txoro haiek Kuadrillartekoan parte hartu eta txapela etxera ekarri zutenean lehertu zen.

Une honetan urak bareago badaude ere, putzuak geratu dira nonahi. Urtero bi talde izaten dira Kuadrillartekoan Agurain eta Zalduondo ordezkatuz, eta banakakoan ere bost bertsolarik parte hartu izan dugu bi urtez behin.

Hiru bertso gune daude eskualdean: Araia, Agurain eta Zalduondon. 25 bat ikasle ibiltzen dira astero bost taldetan. Markel Yoller, Oier Arbina eta ni neu gabiltza irakasle lanetan eta ateak zabalik daude interesa duen ororentzat.

Guztien pizgarri, zailtasunen gainetik ate joka ditugu udaberriko hitzordu nagusiak, apirilean Binakako Bertsolari Txapelketa izango da, eta maiatzean haurren Eskolarteko Bertso Txapelketa eta Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa. 

Hitzordu garrantzitsuak ditugu agendan gorriz borobiltzeko: maiatzaren 15ean BBG lehiaketako gazteen finala Agurainen, eta maiatzaren 28an Araian  Eskolarteko 14 urtetik beherako eskualdeko topaketa. Lautadako etorkizuna kantari entzuteko aukera izango dugu. Gozatu.

Oihane Perea, bertsolaria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago