Bost urte eskola segregazioa salatzen

Erabiltzailearen aurpegia Maite Huarte eta Jose Manuel Martinez (Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforma) 2021ko mar. 22a, 10:23

Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformaren mobilizazio bat. / Argazkia: HALA BEDI

"Iritsi da unea euskal hezkuntza sistema birpentsatzeko eta ikasgeletan justizia soziala ahalbidetuko duen sistema bat aukeratzeko, haurren familien jatorria edo maila sozioekonomikoa edozein dela ere".

Bost urte bete dira Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformak bere lehen prentsaurrekoa eman zuenetik, gure hiriaren ikastetxe publiko askotan zegoen eskola segregazioaren egoera salatzeko eta horren berri emateko.

"Bost urte hauetan, hezkuntza sistemak duen arazorik handiena, eskola segregazioa, ikusgarri bihurtzea lortu dugu"

Uste dugu bost urte hauetan, hezkuntza sistemak duen arazo eta erronkarik handiena, eskola segregazioa alegia, ikusgarri bihurtzea lortu dugula. Bost urte daramatzagu ozen esaten, eta ez gara nekatuko; gure gizartearen oraina, etorkizuna eta ekitate maila daudelako jokoan.

Azken urteotan gero eta txosten gehiagok jarri dute gai hori mahai gainean. Zifrak tematiak dira, eta behin eta berriz azalarazten dute Eusko Jaurlaritza arazoaren sustraietara ez doazen eta, beraz, eraginkorrak ez diren tirita neurriekin estaltzen edo alfonbra azpian sartzen saiatzen den errealitatea.

Save the Children da, azken urteotan argitaratu dituen txosten guztietan, eskola segregazioaren arazoa nabarmendu duen erakundeetako bat. Horien arabera, EAE da Espainiako laugarren autonomia erkidegoa segregazioaren indizeari dagokionez. EAE eskola itunen indize altuena duen Espainiako autonomia erkidegoa ere bada: Euskadiko ikastetxe pribatuen %0,8 baino ez daude kontzertatu gabe, eta itunpeko ikastetxe horien %100ean kuotak kobratzen zaizkie familiei, nahiz eta, legez, derrigorrezko hezkuntzak doakoa izan beharko lukeen.

"EAE da Espainiako laugarren autonomia erkidegoa segregazioaren indizeari dagokionez"

Mekanismo horrek eta beste batzuek errealitate duala marraztu dute, abiadura bikoitzeko sistema publiko-pribatu/itundu bat, non ikasle ahulenak, gero eta nabarmenago, titulartasun publikoko ikastetxeetan biltzen diren. Sare publikoan bekadun diren ikasleen ehunekoa itunpeko sarekoa baino ia hiru aldiz handiagoa da.

Argi dago hezkuntza pribatu-itunduko patronal nagusiek ez dutela interes berezirik arazo horri buruz hitz egiteko. Bai, ordea, ikastetxea aukeratzeko familien eskubidea defendatzeko, eta ustezko eskubide hori beste eskubide kolektibo batzuen gainetik jartzen; hala nola, aukera berdintasunaren eta gizarte kohesioaren gainetik. Eskubide horren atzean, guztion diruarekin finantzatutako hezkuntza elitista dago; ez kasu guztietan, baina bai itunpeko ikastetxe gehienetan.

"Ikastetxea aukeratzeko eskubidearen atzean, guztion diruarekin finantzatutako hezkuntza elitista dago"

Espainiako estatuko beste lurralde batzuetan Katalunian, adibidez urteak daramatzate arazoari aurre egin nahian eta hainbat ekimen abian jartzen: eskola bereizketaren aurkako ituna, matrikula garaiko onarpen dekretuen aldaketak, hezkuntza plangintzako tokiko mahaiak...

Baina hemen, Eusko Jaurlaritzaren ekimen falta erabatekoa da oraindik ere. Ildo horretan, oso adierazgarriak izan ziren egungo Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Madrilen LOMLOE onartu berritan sortutako polemikaren ondorioz egindako adierazpenak, Euskadiko itunpeko irakaskuntza lasaituz eta adieraziz Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela gurasoen aukerak aurrera egin dezan.

Hori al da Eusko Jaurlaritzaren apustua? Batzuen interesak ikasle guztien eskubideen aurrean babestuko dituen sistema dual eta segregatzaile bat mantentzen jarraitzea? Egoera hori blindatu nahi al du onartu nahi den Hezkuntza Lege berriak? Aniztasuna ezkutatu eta bazterkeria bultzatu?

"Eusko Jaurlaritzaren apustua batzuen interesak ikasle guztien eskubideen aurrean babestuko dituen sistema dual eta segregatzaile bat mantentzen jarraitzea al da?"

Guk lanean jarraituko dugu hori ez gertatzeko, eta aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza euskalduna eta laikoa lortzeko; herri justuago baten oinarriak finkatzen lagunduko duena, eta bertan bizi diren pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituena.

Bide horretan gero eta gehiago gara, eta sareak sortu ditugu; izan ere, hasieratik esan dugun bezala, segregazioa ez da hiri bati edo lurraldearen zati bati bakarrik eragiten dion arazoa, euskal hezkuntza sistema osoari eragiten diona baizik.

Sare horiek Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen sorreran gauzatu dira. Hor egin dugu bat familien tokiko plataforma ezberdinak, hezkuntza arloko sindikatu gehienek, Euskal Herriko ikasle eta gazte erakunde ezberdinek eta euskal eskola publikoko guraso elkarteen konfederazioak. Hortik plazaratu dugu unea iritsi dela euskal hezkuntza sistema birpentsatzeko eta ikasgeletan justizia soziala ahalbidetuko duen sistema bat aukeratzeko, haurren familien jatorria edo maila sozioekonomikoa edozein dela ere.

Honen alde jarraituko dugu lanean, eta espero dugu bost urte barru esan ahal izatea aldaketak gertatzen hasi direla eskola segregazioarekin amaitzeko bide luzean.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago