Jasanezina da. Hitz borobilak erabiltzen ditugu egoera salatzeko, oso larria baita Gasteizko Arantzabela ikastolako umeek zein langileek astelehenero jasan behar dutena. Azken egunetan egin izan dugun bezala, ikastolako patioan astebururo gertatzen diren gizabidearen kontrako jokabide eta txikizioak plazara ekarri nahi ditugu, gure haserrea, nekea eta laguntza eskaera azaltzeko.
"Oso larria da umeek zein langileek astelehenero jasan behar dutena"
Astero argazki berdina gertatzen da: hesia gainditu eta ikastolako patioaren edozein bazterrean hondamendia eragin. Bazter askotan botilioi eta suteen arrastoak, kondoiak, kristalak, kakak...
Gutxi balitz, umeen jolastokia den horretan, hormak zein pertsianak behin eta berriz grafitiekin apainduta daude; ezer berririk margotzen bada, gainetik estaltzen baitute.
Bertako umeen gurasoon eta auzokideon artean kezka oso handia da, bandalismoa eta bortxakeria sustatu besterik ez baitute egiten horrelako argazkiek.
"Bazter askotan botilioi eta suteen arrastoak, kondoiak, kristalak, kakak..."
Salburua auzoan kokatuta dagoen ikastetxe honetan, leihotik begira eta inguruan dauden berdeguneak ikusi beharrean, horrelako zikinkeriak eta sakailaketak ikusi behar al dituzte? Horrela hezi behar al da etorkizuna? Ikasgelan balore batzuk eta kanpora begira kontrako irudia ikusita, zer nolako etorkizuneko eragileak nahi ditugu izan?
Urteetan, maiz deitu izan zaio Udaltzaingoari egoeraren berri emateko, eta tarteka kontrola areagotu badute ere, berriro guardia jaisterakoan, errepikatzen da.
Azken asteotan, burrunba handia sortu da sare sozialetan, eta patioko irudiak zabaldu dira, azken hilabeteetan sortutako kalteen berri emateko.
Orduan jaso da Udalaren arreta berezia. Bere ustezko konpromisoa, aldiz, pertsianak eta hormak margotzera eta argiztapena hobetzera mugatuko da. Baita aspaldi eskatutako sarrera egokitua lortzeko arrapala bat jartzera ere.
"Egoera oso larria da eta konponbide egonkor bat eskatzen dugu instituzioen aldetik"
Eskertzen da, jakina, hobera egiten lagundu dezakeen ezer; baina kasu honetan agerikoa da ez dela nahikoa, eta erroan dagoen arazoa horrek ez duela konponduko.
Egoera oso larria da eta konponbide egonkor bat eskatzen dugu instituzioen aldetik. Inplikazioa, zaintza eta erantzukizun handiagoa, alegia.
Arantzabelako haurren gurasoak