Jokin Bildarratz Jauna, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua,
Aldaialdeko familiek gure seme-alaben ikastetxearen eraikuntza lanak luzaro gabe hastea behar dugu. Bosgarren ikasturtea da barrakoietan, bost urte itxaroten, amaigabeak egiten ari zaizkigunak; parte-hartzea duten erakundeek, Eusko Jaurlaritza kasu honetan, ez dituztelako epeak eta hartutako konpromisoak betetzen.
"Gure seme-alaben ikastetxearen eraikuntza lanak luzaro gabe hastea behar dugu"
Orain dela urtebete, Eusko Jaurlaritzak dena prest zuen inongo arazo legalik eskolaren eraikitzea galarazi ez zezan. Familiok lizitazio deialdia aurki argitaratzea espero genuen. Gure sorpresa eta etsipena sekulakoa izan zen, urtarrilean prozesua egoera juridiko korapilatsu batean zegoela ezagutu genuenean, eta Hezkuntza Sailak epe laburrean irtenbiderik ez zuela ikusten iragarri zuenean.
Ez zaigu bidezkoa iruditzen, ezta duina edo ulergarria, adierazpen horien ostean Aldaialde ikastetxearen eraikuntza lanen inguruko isiltasuna. Deklarazio horiek gure itxaropenak suntsitu dituzte; ez bakarrik mezuaren zamagatik, baizik eta garai erabakigarri batean egin zirelako, matrikula garaian hain zuzen ere. Hitz horiek, eta gerora jaso dugun isiltasunak, ziurgabetasun eta konfiantza falta sortu dute Aldaialdeko familiengan.
"Ez zaigu bidezkoa iruditzen Aldaialde ikastetxearen eraikuntza lanen inguruko isiltasuna"
Nola nahi duzue sinestea zuen aldetik konpromisoa dagoela, Eusko Jaurlaritzak aurrerapausorik eman ez duenean?
Nola nahi duzue sinestea zuen aldetik konpromisoa dagoela, ez diguzuenean informazioa ematen edo ez dituzuenean epeak finkatzen?
Zer konpromiso mota da erantzunak dituzuenean gurekin harremanetan jarriko zaretela esatea?
Aste hauetan zehar informazio ezberdina heldu zaigu, Hezkuntza Sailak gure umeen eskola eraiki nahi ez duela pentsarazten diguna. Zure alderdiko pertsona batzuen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egingo du eskola berriak ez eraikitzeko. Beste pertsona batzuek komentatu digutenez, Udalak eman duen hirugarren lizentziak baimenduko luke lizitazioa eraikuntza lanak hasteko, igorpen datatik aste gutxira.
"Zure alderdiko pertsona batzuen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egingo du eskola berriak ez eraikitzeko"
Bitartean, zuk eta zure sailak jarrera itxia eta isila mantentzen duzue, informazio irekia eskaini beharrean. Ez diguzue argitzen Udalak igorritako hirugarren lizentzia horrekin arazo juridikoak ebazten ote diren, eta horrekin lizitazioak aurrera egingo ote duen. Ez diguzue esaten eraikuntza lanen esleitzea eta gauzatzea baimenduko dituen lizitazioaren argitalpenaren epe proposamenak zeintzuk diren. Ez diguzue azaltzen zertan ari zareten lanean, zein norabidean edo zeintzuk diren helburuak.
Zer gardentasun instituzional mota da hau? Jarrera hau ezkutaketa eta ekidite saiakera bati gehiago hurbiltzen da, egunero medioetan saltzen den gardentasunari baino.
Oso larria ikusten dugu behin-behineko eraikuntzan bost urte eman eta gero, ebakuazio-planik ez egotea. Egungo partzelak ez dauka jarduera-lizentziarik. 2015etik aurrera burutu diren lanek —hala nola, lurraren zimendatzea barrakoiak kokatzeko, edo atzeko partearen prestatzea ebakuazio-gune bezala erabiltzeko— ez dute obra-lizentziarik. Lizentzia hori gabe ezinezkoa da jarduera-lizentzia bat lortzea, horrek behartuko bailuke ebakuazio- plana egotera.
"Egoera ezin da gehiago luzatu; umeek barrakoietan jarraituko duten denboran zehar, behin-behineko egitura hobetu behar da"
Gainera, gehitutako azkenengo barrakoiak hondatuta daude eta isolamendu termikoa ez da aurrekoetan bezain eraginkorra. Ikasturteek aurrera egin ahala, gero eta ume gehiago daude eskolan matrikulatuta, eta jolastokiko lekua txikia geratzen doa. Guzti hori gutxi balitz, garraio pribatua erabili behar dugu egunero gure seme-alabak eraman eta ekartzeko; eta ikasturte honetan, bi urteko ikasleak jantoki zerbitzurik gabe geratu dira.
Egoera hau ezin da gehiago luzatu. Irtenbideak eta aurrera pausoak behar ditugu eskola berriaren eraikuntzan. Eta gure umeek barrakoietan jarraituko duten denboran zehar, behin-behineko egitura hobetu behar da.
Mesedez eskatzen dugu: egizue gure azalean jartzeko ariketa, eta pentsatu gurea bezalako egoera batean itxaropenari eta konfiantzari eusteko gai izango zinateketen. Utziozue esateari proiektu honek zenbat sufriarazi dizuen. Utziozue biktimak bezala jokatzeari eta jar zaitezte Aldaialden matrikulatuta dauden 359 ume eta familien lekuan, eta pentsatu eskola berria eraikiko ote den ez jakiteak dakarren sufrimenduan.
"Utziozue biktimak bezala jokatzeari eta jar zaitezte Aldaialden matrikulatuta dauden 359 ume eta familien lekuan"
Mahai gainean jarri zeintzuk diren zuen benetako asmoak, familiak jakin dezagun zeri eutsi, eta horrela ere zuen isiltasunarekin espekulatzeari utziko diogu. Jarrera itxi horrek ere, ziurgabetasuna areagotu ez ezik, zuenganako konfiantza falta handiagotzen du, konpromiso eza agerian utziz.
Utzi lehentasuna eta konpromiso hitzak debalde erabiltzeari, ez dira inoiz gauzatzen eta. Ezinezkoa zaigu zuen hitzemana hartzea ez baduzue benetako konpromisorik hartzen.
Aldaialde eskola egitasmo bikaina da, ikastetxea proiektu pedagogiko berritzaile eta konstruktibo baten barruan garatzen ari da; umea eta bere garapen prozesua erdian jartzen dituena. Inklusioak eta aniztasunak markatzen dute norabidea.
"Proiektua ezohikoa da euskal eskola publikoan, eta Hezkuntza Sailak bere gain hartu beharko luke"
Horrelako ezaugarriak biltzen dituen proiektua ezohikoa da euskal eskola publikoan, eta Hezkuntza Sailak bere gain hartu beharko luke, baloratu eta babestu. Gurea bezalako egitasmo bat erreferente izan dadin etorkizuneko euskal eskola publikoan; orain arte abian dagoen eredu tradizionala eraberritzeko asmoarekin, umeak eta beraien beharrak erdian jarriz.
Ahalik eta lasterren gurekin harremanetan jartzea espero dugu.
Adeitasunez,
Aldaiaberri Guraso Elkartea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.