Gazteak ginen 70eko hamarkada hartan, frankismo garaian, eta euskal dantzak bildu gintuen. Euskaltzaletasunak eta ezkutuko abertzaletasunak zituen bilgune toleratu bakarrenetakoak dantza taldeak eta abesbatzak ziren. Aukera horri heldu genion, eta Txirinbil taldean hasi ginen dantza saiotan. Politikak lerroartean irakurtzen jakitea eskatzen zuen.
"Gaztetan bezala hor ibili da Xabier: kantuan,txantxetan, solasaldi politikoetan..."
Giro hartan eta Francoren ministro bati aurreskua dantzatzeari uko egitearen ondorioz, Txirinbil dantza taldetik ihes egin eta gure talde propioa sortu genuen: Lantzale. Oraindik gazteegiak ginen elkarte berria erregistratzeko eta adinez nagusi ziren ezagun batzuen laguntza bilatu behar izan genuen. Pauso hura eskola ezin hobea izan zitzaigun ardurak eta erantzukizunak gure gain hartzen ikasteko. Baita ederki gozatzeko ere. Hura bai kuadrilla jatorra, hura, neskek eta mutilek osatutakoa; alegia, garai hartako gazte askoren inbidia.
Hala ere, harremana ez zen dantzara mugatzen; ezta politikaz ezkutuan hitz egitera ere. Larunbatetan ere elkartzen ginen arratsalde pasa gozatzeko; beno, arratsaldea soilik ez… Igandeetan, mendi buelta kuadrillan egitea izaten zen beste hautu paregabea. Eta Xabier beti tartean.
Trantsizio politikoak lagun kuadrilla asko zatitu zituen; baita familia kide ugariren arteko harremanak eten ere. Kuadrilla hartan, ordea, nork bere bide propioa familiakoa, politikoa zein profesionala egin arren, multzo baten arteko loturak sendo iraun zuen. Ohikoak ziren,urtero-urtero, bazkari edota afari batzuk egitea, solasaldiak, kantuak eta txantxak, jaki eta edariak ugariak nahastuz.
Urteekin, gaztetan ehundutako elkarrenganako konfiantza ez zen lurrundu. Hartara, txoko gastronomiko bat sortzen saiatu ginen eta, lehenbizikoan kale, baina bigarrenean, bai, lortu genuen, ahalegin horretara lagun berri batzuk ere bilduz. Egungo Lantzalek sendu du aspaldiko adiskidetasuna. Gaztetan bezala, hor ibili da Xabier: kantuan, txantxetan, solasaldi politikoetan… Iritziak iritzi, lagun giro sanoan.
Izan ere, horrelakoa zen Xabier: irekia, baina iritzi sendokoa; alaia eta, aldi berean, sakona; konfiantza eskainiz eta errespetuz jarduten zuena; zintzoa, etikoa, abertzalea eta jatorra. Xabier laguna, beti gogoan!