Aldaialde eskolako eraikin berriaren eraikuntza blokeatuta dago. Eusko Jaurlaritzak ez du aurrerapausorik ematen, ezta konponbiderik bilatzen ere, eraikin berria egiteko.
Aste honetan, «Aldaialdeko ikastetxea eraikitzeko egoera juridiko zailean daudela» esan zuen Hezkuntza sailburuak Radio Vitoria Irratian. Esan ziguten 2020. urtearen amaieran argitaratuko zela eraikin berria egiteko lizitazioa, eta ez dute bete, atzerapenak pilatzen jarraitzen dugu.
Astelehenean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea bilduko dira Madrilen. Iñigo Urkulluri eskutitza idatzi diogu, asteleheneko bileran gure seme-alaben eskola eraikitzeko konponbideak bila ditzaten.
Lehendakari jauna,
«Hezkuntza sailburuaren hitzen ondoren, gure etsipena, atsekabea, haserrea... oso handia izan da»
Pedro Sanchez presidente jaunarekin urtarrilaren 25ean, astelehenean, izango duzun bilera dela eta, zugana jo dugu.
Aldaialdeko familiek gure seme-alaben ikastetxearen eraikuntza berehala hastea behar dugu. Bosgarren ikasturtea da barrakoietan, bost urteko itxaronaldia eta amaierarik ez duten etsipen ugari, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez baitituzte betetzen hartutako epeak eta konpromisoak.
Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzak esan zigun dena prest zegoela legezko ezein gaik ikastetxea eraikitzea ez galarazteko. Eta Hezkuntza sailburuaren hitzen ondoren, gure etsipena, atsekabea, haserrea... oso handia izan da. Familiok lizitazioa noiz argitaratuko zain geunden, eta, bat-batean, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua agertu da komunikabideetan, prozesua egoera juridiko zailean dagoela esanez, eta Hezkuntza Sailak ez diola irtenbiderik ikusten epe laburrean ikastetxea eraikitzeari.
«Ahal duzuen guztia egin ezazue ADIFek hasierako proiektua bertan behera uzteko, lursaila askatzeko eta Aldaialde eskola bertan eraiki ahal izateko»
Egoera ikusita, Pedro Sanchez lehendakariarekin izango duzun bilera aprobetxa dezazun eskatzen dizugu, gaiari heltzeko eta Aldaialde HLHI eraiki behar den lursaila desblokeatzea ahalbidetuko duen irtenbide bat bilatzeko.
Gaur egungo arazoa ADIFek lursaila askatzen ez duelako da, nahiz eta espazio horretatik trenik ez pasatu. Arazoa zuen gobernuetako sailen artean konpondu behar denez, arren eskatzen dizugu topaketa balia dezazuela gaiari heltzeko eta obren hasiera desblokeatzeko, atzerapen gehiagorik gabe.
Gauza jakina da ADIFek, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, hasierako proiektua aldatu duela eta lursailari eragingo ez liokeen beste trazadura bat aurreikusten duela. Beraz, ahal duzuen guztia egin ezazue Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak aldaketa hori lehenbailehen berrets dezan, ADIFek hasierako proiektua bertan behera uzteko, lursaila askatzeko eta Aldaialde eskola bertan eraiki ahal izateko.
«Erakuts ezazue herriari laguntzeko eta herritarren bizitza errazteko zaudetela, eta ez alferreko trabak jartzeko»
Mesedez, tren bat inoiz igaroko ez den lursail bat askatzea eragozten duten tramite eta burokrazia amaigabeetan ez zaitezte galdu, eta Aldaialde HLHIko obrak beste atzerapenik eta eragozpenik gabe amaitu ahal izatea erraztu ezazue.
Erakuts ezazue herriari laguntzeko eta herritarren bizitza errazteko zaudetela, eta ez alferreko trabak jartzeko; Aldaialdeko haurren zein familien ondoeza beharrik gabe luzatzen ari baita.
Adeitasunez,
Aldaiaberri Guraso Elkartea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak ere. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.