Ikasturte berezi hau aurrera doa, eta Gasteizko Tokieder ikastolako ikasleek jantoki zerbitzua erabiltzeko arazo handiekin jarraitzen dute. Ikastolako 364 ikaslek behar dute jantokia, eta une honetan 202k bakarrik dute aukera hori; hau da, %55ek. Ikastolako jantokia txikiegia da 700 ikasle dituen ikastola batentzat, aurreko ikasturteetan Hezkuntza Sailari jakinarazi zaion bezala. Pandemia egoera honetan, ikasle eta langileen segurtasuna bermatzeko distantzia fisikoa gordetzea ezinbestekoa denean, guztiz ezinezkoa da espazio horretan jantokia behar duten ikasle guztiei zerbitzua ematea. Gainera, ikastolak oso espazio komun gutxi ditu, eta Hezkuntza Sailak esleitutako jantokiko begirale kopuruarekin, ezinezkoa da bertan jantoki zerbitzurik eskaintzea.
Bitartean, jantokirik gabe gelditu diren 164 ikasleen familiek egunero zailtasun handiekin egin behar diote aurre egoera honi, lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko ezintasunagatik. Batzuek lanean baimen bereziak, txanda aldaketak eta abar eskatu behar izan dituzte, horrek beren diru-sarreretan eta lana mantentzeko aukeretan duen eraginarekin; beste batzuek seme-alaben ardura aitona-amonei utzi behar izan diete, haien osasuna arriskuan jarriz; badira seme-alabek etxean bakarrik bazkaltzea beste irtenbiderik aurkitu ez dutenak ere. Egoera hau ezin da luzaro mantendu, nahikoa da!
Jantokirik gabe gelditu diren 164 ikasleen familiek egunero zailtasun handiekin egin behar diote aurre egoera honi, lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko ezintasunagatik.
Baina irtenbide posibleak badaude, eta ikastolako kontseiluak, zuzendaritzak eta jantokiko arduradunak behin eta berriz egin diote Hezkuntza Sailari eskaera: jantokia handitzeko lanak egin; jantoki bezala prestatutako karpa edo bestelako egituraren bat jarri jolastokian edo ikastola ondoan hutsik dagoen udalaren orubean; eta behin-behineko irtenbide bezala, ikasle batzuentzat Mendebaldea BHIko jantokia erabili. Ikasturteko hirugarren hilabetea aurrera doa, eta eskaera hauek ez dute Hezkuntza Sailaren erantzunik jaso.
Ikastolan ordutegi jarraia ezartzea ere lagungarria litzateke jantokiko arazoa arintzeko, baina Hezkuntza Sailak ezezko borobila eman dio aukera horri.
Gainera, ikasturte konplikatu honen erdian, ez dago Arabako Hezkuntza Delegaturik, Eusko Jaurlaritza berriak ez baitu oraindik izendatu. Delegatu horrek hartu beharreko hainbat erabaki, beraz, hartu gabe daude, bulegoren bateko mahai gainean.
Bildarratz jauna, zein da plana? Egoera honetan jarraitu behar dugu zientzialariek pandemiarentzat irtenbideren bat aurkitu arte? Noiz arte egon behar dugu zuk zuzentzen duzun sailaren erantzunaren zain? Jantoki zerbitzua behar-beharrezkoa duten familiek ezin dute gehiago itxaron, irtenbideak nahi ditugu!