Bolivia: benetako erronkak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etaio eta Rene Behoteguy 2020ko aza. 8a, 10:00

Wiphala irudikatu dute Gasteizko Foru Plazan. / Askapena

"Argi geratu zen botere politikoa izatea eta estatua kontrolatzea kontu ezberdina dela"

Urriaren 18an Bolivian egindako hauteskundeetan sektore herrikoiek indar erakustaldi bat egin zuten. MASek irabazi zuen erabateko gehiengoarekin (%55a, MAS gobernura heldu zeneko 2005eko emaitzak berdinduz) baita diputatu zein senatu ganberetan gehiengoa lortu ere.

Garaipen irmo honek hainbat alderdi agerian utzi ditu:

Herriaren mobilizazioa gakoa izan da. Boterean hiru hilabete egon behar zuen gobernu kolpistak aitzakia topatu zuen pandemian hauteskundeak hiru aldiz atzeratzeko. Antolatutako herriak nahikoa zela esan arte. Izan ere, abuztuan herrialdeko komunikabideak moztu zituzten hauteskundeetarako datak legez ezarri arte. Ondoren, urte bat lehenago botere politikoa lapurtu zien jukutri makiavelikoa garaitu zuten hauteskundeetan. Honek irakaspena erakusten dio ezkerrari: hauteskunde-garaipenak posibleak dira aurretik indar erreakzionarioak kalean eta mobilizazioarekin garaituak badira.

MAS-IPSP-k bizirik jarraitzen du. MAS-IPSP-k erakutsi du herri boliviarraren gehiengoa ordezkatzen jarraitzen duen indarra dela, baita 2019ko hauteskundeen ustezko iruzurra muntaia izan zela ere. Hain argia izan da garaipena, muntaia horren babesleek, Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) presidente Luis Almagrok eta Boliviako eskuinaren liderrek, Arce eta Choquehuanca zoriontzea baino beste erremediorik ez dutela izan.

Garaipenak mugak zeharkatzen ditu. MASek gobernua berreskuratzea AEEk, Limako taldeak eta AEBetako Administrazioak bultzatutako estrategia inperial eta autoritariorako oztopo handi bilakatzen da. Abya Yala/Latinoamerika eta munduko gainontzeko herrientzat lorpen garrantzitsu bat ere bada.

Garaipenaren eduki dekoloniala. Duela urte bat, jatorrizko herrien kontrako indarkeria fisiko eta sinbolikoa Sacaba eta Senkata-ko sarraskietan, wiphala erretzean, "basatiak" izendatzean, Bibliaren inposizioan edota jatorrizko herrien kosmobisioa ukatzen duten mezuetan irudikatu zen. Orain, aymara, quechua eta beste sektore zabalek argi erakutsi dute ez daudela prest elite kolpisten Estatu kolonialera bueltatzeko.

"Hauteskunde garaipenak posible dira aurretik indar erreakzionarioak kalean garaituak badira"

Erreleboaren beharra. Evo eta Alvaro Garcia Lineraren zalantzarik gabeko lidergo-ezaugarriez harago, laugarren agintaldirako aurkeztea ez zen ziurrenez aukerarik onena. Hautagai berriek galdutako boto asko berreskuratu dituzte. Buruzagi berrien formazioa eta sustapena, bereziki buruzagitza kolektiboena non ezinbesteko liderrik ez dagoen, aldaketa-prozesuetarako bermea da. Herri boliviarrak erakutsi du ez duela sostengatzen pertsona bat, jatorrizko herri eta sektore herrikoien aldeko burujabetze-proiektu politiko bat baizik.

Era berean, agertoki berriak zalantza eta erronka batzuk planteatzen ditu, pandemiari eta ekonomia-krisiari nola aurre egitetik haratago doazenak.

Demokrazia ez da berreskuratu. Adierazpen hau maiz erabili bada ere, berreskuratu dena (oraindik karguan ezartze gauzatzeko…) botere politikoa izan da. Hau ez da, berez, demokraziaren sinonimoa. Botere ekonomikoa mantenduko da, neurri handi batean, oligarkia kolpistaren eskuetan eta, ekoizpen-baliabideen herri kontrolik ez badago, Estatua ahula da oso gertagarria den sabotaje ekonomikoaren aurrean. Hedabide nagusiek, kolpea gauzatzeko eta Añez-en gobernuari zilegitasuna emateko ezinbestekoak izan zirenek, esku pribatuetan diraute ere.

Armek ere gobernuaren kontra matxinatu ziren polizien eta Evo uko egitera "gonbidatu" zuten militarren eskuetan darraite. Duela urte bat argi geratu zen botere politikoa izatea eta Estatua kontrolatzea kontu ezberdinak direla. Zentzu horretan, herri-milizien sorrera nolabaiteko kontrapisua izan daiteke.

Justizia eta erreparazioa egongo da? Kolpearen erantzuleak prozesatuko dituzte? Eta behin-behineko gobernu bati ez dagozkion erabakiak hartu zituztenak (enpresen pribatizazioa, enbaxadoreak aldatzea…)? Eta Sacaba eta Senkata-ko sarraskien eta beste hilketa, kartzeleratze eta jazarpenen erantzuleak? Batasun eta errekontziliaziorako deiek ezin dute zigorgabetasuna ekarri. Bere herriaren aurrean gobernu berriak bete behar duen justizia, duintasun eta sinesgarritasun zeregin bat da.

Onartuko dute beren porrota? Hauteskundeetan jasotako kolpeak zurtuta eta ahulduta utzi baditu ere, Boliviako elite ekonomikoak eta AEBetako administrazioak ez dute onartuko herria bere etorkizunaren jabe izatea. Aldaketa prozesua geldiarazteko eta Bolivia kontrolpean hartzeko Estatu kolpe bat burutu bazuten, ezin dugu pentsatu hauteskundeen emaitza era demokratikoan onartuko dutenik.

Autokritika eta tentsioa ezinbestekoak. Itxarotea ezinbestekoa izango da gobernutik hartuko diren neurrien erradikaltasun maila ezagutzeko, baita ikusteko ea aldaketa prozesua bizkortzea bilatuko duten ala, aldiz, jatorriko herrien eta mugimendu sozialen eskubideak sustatzen dituen Estatu asistentzialista leheneratzetik ez den pasatuko, egitura-aldaketa nabarmenik egin gabe, burgesia eta berari lotutako botereekiko talka ekiditen saiatuz. Izan ere, indar armatuen eta poliziaren mehatxuak, elite ekonomikoen eta beren talka-talde paramilitarrekin batera, gobernu berriaren erabakiak baldintza ditzake. Zentzu horretan, ezinbestekoa da etengabeko autokritika-ariketa eta tentsioa mantentzea MASen oinarri eta egituretan, hasierako asmotik eta ordezkatzen dituen sektoreen beharretatik desbideraketarik ez egoteko.

Urtebete beranduago, zein da egoera? Leku berera bueltatzen ote gara?

Bai eta ez. Galdera hauei emango zaien erantzunak baldintzatuko du Boliviako herriak, baita Abya Yala eta munduko herriek behar duten aldaketaren sendotzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago