Iruña-Veleia auzian, gaur egun, lau gai daude nire ustean: ehunka ostraken egiaztapen zientifikoagoa, Eliseo Gil eta kideen epaiketa, Gabixolaren gose greba, eta Euskal Herriko hedabide eta jendearen jokabidea.
"Badirudi ostraka batzuk faltsuak direla. Baina denak al dira faltsuak?"
Ostrakak egiazkoak ala faltsuak diren asko eztabaidatu da 2008tik hona. Aditu akademiko ofizialistek euren ebaluaketak egin dituzte: estratigrafikoak, linguistikoak eta ikonografikoak batez ere. Badirudi ostraka batzuk faltsuak direla, eta epaiketan auzipetu batek ere aitortu zuen. Are gehiago, gure gaurko begi ez-adituekin begiratuz, horietako hainbatek nahiko modernoak direla dirudite.
Baina denak al dira faltsuak? Arabako Arkeologia Museoan kutxatan garbitu eta aztertu gabe gordetako asko ere faltsuak al dira? Akademiko ofizialistek egindako azterketak eta erabilitako teknikak gai al dira ostraken faltsutasuna zientifikoki frogatzeko? Badirudi ezetz, hainbat ikertzailek adierazi duten arabera.
Horregatik, Iruña-Veleia Argitu mugimenduko kideek eskatzen dute ostraka-lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea, berme zientifiko guztiekin; eta arkeologo entzutetsu eta independentek "indusketa kontrolatuak" egin ditzatela grafitoen tokian. Erakundeei egindako eskari hau sinatu dute jadanik 144 pertsona ezagunek eta 2.2015 herritarrek (ikus Iruña-Veleia Argitu webgunea). Baina ez erakundeek ez alderdi politikoek ez dute erantzunik eman.
"Gabixola, bere gose grebarekin, azterketa zientifiko determinanteak eta definitiboak egitea eskatzen ari da"
Eliseo Gil eta bere lankideen aurkako epaiketa-prozesua bere bidea egiten ari da, eta helegitearen fasea zabaldu da. 2020ko ekaineko sententziak erruduntzat jo zituen, iruzurra eta grafito batzuen faltsutzea egiteagatik. Baina Eliseo Gilen aurkako epaiketan bere eta bere taldearen jokabidea epaitu da, eta ez Iruña-Veleiako ostraken egiazkotasun eta balio historikoa, oraindik zientifikoki ez guztiz determinatua.
Hain zuzen ere, Joxemari Lejardi Gabixola, bere gose grebarekin, azterketa zientifiko determinanteak eta definitiboak egitea eskatzen ari da. 80 egun baino gehiago egun daramatza gose greban; pertsona batek, injustiziaren aurrean, eduki dezakeen borroka tresnarik etikoenetakoa erabiltzen, bakearen alorrean bortitzenetakoa.
Penagarria da konturatzea euskal hedabideek oso arreta txikia eman diotela gose greba honi. Euskarazko prentsan ere informazio gutxi, eta zerbait argitaratu dutenean, Gabixolaren lagunek eskatuta. Uste dut Euskal Herri abertzalean marjinatu egiten direla herri borroka txikiak, aparatu sindikal-politikoek ez onartuak. Berdin gertatu zen EHUko irakaslego propioaren aldeko borrokan.
Bi mila pertsonak baino gehiagok sinatu du Iruña-Veleia Argitu manifestua; horietako asko goi maila akademiko eta kulturalekoak. Baina, aldi berean, nabari da euskal/euskarazko intelligentsia kritikoak beste alde batera begiratzen duela, eta Gabixola pertsonaren gose greba bost axola zaiola; barre eta iseka egiteraino agian.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.