Intsumiso koldarra

Erabiltzailearen aurpegia Luis Zulaika 2020ko urr. 2a, 08:30

Intsumisioaren aldeko protesta, Iruñeko kartzela zaharrean, 1995an. BERRIA

"Ni Armadak deitu ninduen, eta ez nintzen joan. Baina garbi gera dadila erabaki haren atzean ez zegoela ausardiarik, koldarkeria baizik"

Denbora aurrera etengabea… urteak igaro ahala, historia sortzen da. Errelato bat sortzen dugu. Badatoz urtemugak, omenaldiak, pelikulak, liburu, azterketa sakonak eta mamitsuak, kale eta plazen izenak, goraipamenak... eta batzuetan mi(s)tifikazioak.

Intsumisioari, dirudienez, orain dagokio bere istorioak plazaratzea: bere Historia, kolorez osaturiko koadroa, zintzilikatzea. Movida hartako nahigabeko tokiko protagonista izan nintzen neurrian, nire ekarpen xumea egin nahiko nuke, atzerako begirada horretan.

Nire ustez ekintza sozio-politiko-lirikotzat jo dezakegu desobedientzia ardatz zuen kanpaina hura, eta ez hainbeste epiko-heroiko.

"Zuek bai ausartak" , "horiek bai potroak zuenak"... dira, maitasunez, jasotako perla batzuk, kaleko dominak, Armadaren deialdiaren aurrean, soldaduskaren aurrean erakutsitako ezetzagatik. Heroi tragikoaren paradoxa. Bere publikoaren aurrean ez-ulertua. Ez dira falta izan ere, hurbildu direnen artean, esan dutenak.  Niretzako jasangaitza den paternalismo orojakilearen talaiatik, "…ikusi nahiko zintuzket gure garaietan, armak ez hartzeko marikonada horiekin". Eta nire baitan, Ruper Ordorikaren kanta bat: "Ez naiz heroi jaio, ez naiz biktima jaio...".

"Ni, ausardiaz betea... Kar, kar, kar. Urtebetetzeko protagonismoaren aurrean kokildu egiten zen ume hura"

Ni, ausardiaz betea... Kar, kar, kar. Urtebetetzeko protagonismoaren aurrean kokildu egiten zen ume hura. Ni, patologiaraino lotsatia izan zen mutiko hura: ni, sozialki autobazterketarako joera zuen nerabe hura. Futbolean arazoak zeuzkana sartutako golen ondorioz zorionak jasotzeko orduan, edo irabazitako judo borroken aurrean ia barkamena eskatzen zuena. Ni, gurasoen etxea babesleku anti-asertibo-hormonaltzat sentitzen zuena delako gaztaro zoriontsu-hipersexualaren bonbardaketaren aurrean. Nola bihurtu zen, halako mozolo bat, kaleko heroi ausart?

Agian ni ez naiz hainbeste aldatu eta, sakonean, hortxe jarraitzen du hiper-sentsibilitate enpatiko zalantzari hark. Batzuetan gure inguruan jazotzen diren gertaerek bandoetan kokatzen gaituzte, ia konturatu gabe, gure uniformearen kolorea aldatzeraino. Bizitzan indarkeria agertzen zaigu, eta gure soslaia landuz doa kolpez kolpe, harginak egiten duen lez.

Haurtzaroan, Gasteizko inguruan zegoen industria militar batetik ihes egindako bala hark ez zuen erail gurekin urtebetetzea ospatzen zegoen gelakide baten anaia hura. Baina, hil ez bazuen ere, zeharo baldintzatu zuen haren ondorengo bizitza. Niri pentsarazi zidan. Isiltasuna izan zen nagusi Gasteiz frankista hartan, delako istripu domestiko haren aurrean. Oso bestelakoa izan zen antolatutako manifestazio jendetsua, iluminatu batzuek gure eskolako atezainari garondoan bi tiro jo zizkiotenean. Isiltasun jasangaitza beste batzuengan sortu zen orduan. Eta istorioek aurrera darraite, nahiz eta abangoardia politiko-militar hark tiroak botatzeari utzi: badaude oraindik ere beste aldeetan, batzuk, adibidez, jarraitzen dutenak aurrera dispertsioari dagion krudelkeriarekin. Adibide gehiago behar izatekotan begiratu, kuriositatez, zein den polizien eta biztanleen ratioa gure Herrian. Okupazio militarraz galdetu Altsasu aldean bestela.

"Eskuzabaltasuna eta enpatia izan daitezela protagonista ekintza politikoan"

Nik jarraitu nuen nire ausardia existentzialarekin, mundu honetan kokatu nahian; non ausarki errazago egiten baitzaigu urrutiko errefuxiatuak artatzea, etxe ondoko familia ijito batzuen errealitate arazotsuari aurre egitea baino. Gerrateek nazka sortzen digute baina gure inguruko batzuen kontu korronteetan zer edo zer gehiago sortzen dute orobat; gerrak ez ditugu guk sortu... ezta? Ala bai: agian Real Sociedadeko presidenteak eman diezazkiguke argibide batzuk...

Ni Armadak deitu ninduen, eta ez nintzen joan. Baina garbi gera dadila erabaki haren atzean ez zegoela ausardiarik, koldarkeria baizik, koherentziaz desarmaturik nire kontzientziaren aurrean aurkezteko nire baitako koldarkeria, alegia. Soldaduskari ezetza ematea, hark irudikatzen zuen guztiari aurre egitea izan zen. Ez zen denbora falta izan. Nire kasuan delako Ordenari kritika mota bat izan nahi zuen; non Armada Estatuaren ezinbesteko oinarria baita, bestelako legegile, epaile, agintari eta enparau guztiekin batera. Dei antimilitarista zabaltzen saiatu nintzen ni.

Eta beste behin ere, nola ez, koldarkeria nagusi neure buruan, beldurra jaun eta jabe. Zeren eta, azken batean, nor ez zen ausartzen soldaduskaren kontra? Nor ez zegoen Golkoko gerraren kontra? Edo Balkanetakoaren kontra…? Baina non geratzen ziren eskolako atezainak garondoan jasotako tiroak, edo Martuteneko sukaldariak edo Yoyesek eta hainbat politikarik edo udaletako zinegotzik jasotakoak, aipaturiko militarismo salaketa horretan? Nik horri ere isiltasunarekin erantzun nion, ordea.

Aitzaki maitzaki aritzea besterik ez da esatea beldurra ematen zuela jendilaje baten ondoan, pankarta baten atzean, jarri beharra pentsatze hutsak; zeinek, ozenki eta arrazoi osoz, hurbileko indarkeria salatzen zuten bitartean, nabarmenki isiltzen baitziren urrutiko eta ez hain urrutiko sarraski legal batzuen aurrean. Baina ez, ez zen arrazoi nahikoa, nire balizko oihu antimilitarista isiltzeko, ez horixe. Indarkeria eta zilegitasuna, gai interesgarria benetan.

Indarkeria motak: beste gai bat sakontzeko, hausnartzeko… Baina ez diogu ezarriko, beti bezala, ardura hori Eskolari. Ekin diezaiogun lanari behingoz kaleetan. Kemenaz armaturik jorra ditzagun gai horiek beldurrik gabe. Politikan era profesionalean, soldata potolopean aritzen diren horiek aukera polita daukate orain dispertsioarekin amaitzeko, adibidez, zurikerietan eta bakegintza abstraktuekin ahoa bete ordez. Hemen ere Basta Ya. Zenbat pertsona hil behar dira beren txaboloetan edo errepideetan, irabazleen mendeku grina asetzeko?

Zarra futbolari mitikoaren gol garrantzitsuena inoiz sartu ez zuen bat izan omen zen; behintzat hala azaltzen digu Joseba Zulaikak ETAren hautsa bere liburuan. Zarra Handiak uko egin zion gola sartzeari atezain lesionatuaren aurrean. Eskuzabaltasuna eta enpatia izan daitezela protagonistak ekintza politikoan, eta ez hainbeste gorrotoak eta kalkulu elektoralak.

Bakarrik ausartenek egiten omen diote aurre beldurrari. Baina, ikusten duzuen moduan, intsumisioaren aldeko nire hautua, ekarri zizkidan ondorio guztiekin, ez zen kontraesanik gabeko ekintza bat izan. Ezta, are gutxiago, ausardia erakustaldi bat ere.

Ni, ausarta... Kar, kar, kar… Nahiko nuke ba…!

*Luis Zulaika. Araban epaitu eta kartzeleratutako lehen intsumisoa (1993-1994)

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago