Samuel Beckett irlandar antzerkilari ospetsuak dioenez, "berria beti dago gaizki ikusia eta gaizki esana". Hots, berria beti irudi berriekin adieraziko da, hitz berriekin. Einsteinek zioenez, aurkikuntza oro hizkera-modu berrian metaforikoki adierazten da, era poetikoan.
Barne-lotura estuan, gaizki ikusia imaginarioaren (irudiaren) erregistroari dagokio eta gaizki esana sinbolikoaren (hitzaren) erregistroari.
"Gaizki ikusia-gaizki esana" esapideak bi esangura dauzka. Kontzeptuala eta morala. Aurkikuntza oro, jakintzaren edozein alorretan, berria da, berritzailea; sortzailea. Horregatik, lehen une batean, beti izan ohi da gaizki ikusia: berria aditzera ematen duten irudiek gure imaginarioa osatzen duten errepresentazio-multzoa desegiten dute. Eta horrek dakar berriaren alde jartzea ere gaizki ikusia izatea; hor sortzen da hasierako errefusa.
Era berean, aurkikuntza oro gaizki esana egon ohi da, berria azaltzen duten kontzeptuek hitz arruntekin, ohiko terminoekin hausten baitute; jakintza entziklopedikoko terminoekin.
Horregatik, gaizki esanak ere konnotazio moral negatiboa dauka; gaizki esana madarikatua izango da beti.
Berria ulertzeak jauzi kualitatiboa eskatzen digu, erabaki bat, zaharra baztertzea, beti mingarria dena
Eta hori beti izango da horrela, hasiera batean berria beti zaharretik interpretatzen saiatzen garelako; ohartu gabe berria ulertzeak ahalegina eskatzen digula. Hots, berria ulertzeak jauzi kualitatiboa eskatzen digu, erabaki bat, zaharra baztertzea, beti mingarria dena.
Beste era batera esanda, berriak beti hausten du ezarritako kontsentsua; hots, disentsoa sartzen du iritzi eta jakintza ezagunetan. Hori bai, gizateriaren une batean disentsorik handiena sortzen duenak kontsentsurik handiena bilduko du aurrerago.
Ikus ditzagun adibide batzuk: XVII. mendean Galileok heliozentrismoa aurkitu zuen (lurra eguzkiaren inguruan dabil biraka: gaizki esana, gaizki ikusia), geozenetrismoaren aldekoek, eliza katolikoa buru, egoskor kontra egin ziotelarik (eguzkia dabil biraka lurraren inguruan: ongi ikusia, ongi esana). Inkisizioak garbitzeko zorian egon zen Galileo.
Darwinek, XIX. mendean, eboluzionismoa formulatu zuen (gaizki esana, gaizki ikusia), eta basatiki kontra izan zituen Biblian, Hasieraren Liburuan, kontatutako kreazionismoaren aldekoek (ongi ikusia, ongi esana).
Grezia klasikotik XIX. mendera arte, infinitua-Jainkoa pentsaezina zen (ongi ikusia, ongi esana); Cantorrek zenbaki transfinitoen teoria postulatu zuen arte (gaizki ikusia, gaizki esana). Haren ekarpenak erabateko errefusa izan zuen. Kronecker bere maisuak ere "gazteriaren galtzailetzat" hartu zuen. Gaur egun, multzoen teoria munduko hezkuntza-zentro guztietan irakasten da, Lehen Hezkuntzatik hasita.
XIX. mendean Marcelino Sanz de Sautuolak Altamirako labar-margoak aurkitu zituen (gaizki ikusia, gaizki esana). Hogeita hamalau urtetan jardun zuten esaten margo faltsutuak izan zirela. Eliza Katolikoak uste zuen gizaki prehistorikoak ez zeukala gaitasun artistikorik. 1985az geroztik, Unescoren Mundu Ondasuna da aurkikuntza.
XX. mendean Kandinskyk arte abstraktuaren printzipioak formulatu eta gauzatu zituen (gaizki esana, gaizki ikusia), eta pintura figuratiboaren aldekoen erabateko errefusa jaso zuen (ongi esana, ongi ikusia). Haren koadroak hautsi eta bertan tu egitera iritsi ziren aurkariak.
XX. mendean Schöenbergek musika atonala (gaizki ikusia, gaizki esana) sortu zuen eta musika tonalaren (ongi ikusia, ongi esana) aldekoek gehien gorrotatutako musikaria izan zen.
Gaur egungo aurrerakuntza teknologiko gehienek Einsteinen teorian daukate jatorria
Albert Einstein, XX. mendeko zientzialari garrantzitsuena, erlatibitatearen teoriaren aita da (gaizki ikusia, gaizki esana). Komunitate zientifikoak, fisika klasikoan oinarriturik, (ongi ikusia, ongi esana) haren teoriak zalantzan jartzen dituenean, honela erantzun zuen Einsteinek: "Oker banago, nahikoa zen bakar batek demostratzea". Gaur egun esan dezakegu egungo aurrerakuntza teknologiko gehienek Einsteinen teorian daukatela jatorria. Haren aurkikuntzen hedadura hainbesterainokoa da ezen haren printzipioetako batzuk oraindik demostratu gabe jarraitzen duten. Haren teoriak "ongi ikusiak eta ongi esanak" izatera iritsi zirenean, Chaplinek esan zuen: "Txalo egiten didate niri mundu guztiak ulertzen nauelako, baina harena askoz errespetagarriagoa da; mundu guztiak miresten du eta ia inork ez du ulertzen…".
XX. mendearen bukaera aldera, Marshall mediku australiarrak ultzera gastriko gehienen jatorria aurkitu zuen, helikobakter pilori delakoa (gaizki ikusia, gaizki esana). Hainbesterakoa izan zen komunitate medikuak erakutsi zion errefusa (uste baitzuen ultzera gastrikoa azidotasun gastrikoaren ondorioa zela: ongi esana, ongi ikusia), berak inokulatu behar izan zuen helikobaktera, ultzera eragin eta antibiotikoekin sendatu. 2005ean Nobel Saria eman zioten Medikuntzan eta Fisiologian.
Gizateriak era horretara hartuko baitu beti berritasun oro.
Hori dela-eta, konbentzituta gaude laster egia sortuko dela Iruña-Veleiako grafitoen faltsutasuna defendatzen dutenen aurrean, nazioarteko adituen batzorde baten esku jarri ondoren. Soilik horrela izango dira "ongi ikusiak eta ongi esanak" hiri erromatar horretan, harribitxi arkeologiko horretan, egindako, eta egingo diren, aurkikuntzak. Beren bizia arrisku larrian ipiniz borrokan ari diren pertsonei esker, batik bat.