Eskola publikoa herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatzeko ezinbesteko tresna da. Jendarte kohesionatuago bat eta herritarren arteko aukera berdintasuna bultzatzeko denon artean eta denontzat eraikiz joan den egitura da. Arrazoi ideologiko edo sozioekonomikoengatik bereizi nahi zutenen eskola eredu baztertzailea gainditzeko etorri zen eskola publikoa. Horregatik da hezkuntza pribatua anakronikoa, zaharkitua eta eraiki nahi dugun gizarte justu eta anitz baterako oztopo nagusia.
Zentzu horretan, egonezina sortzen digu STEILASen esparru guztietatik garatu den dialektikak, tamalez ezkerreko sektore batzuetan ere indarberritu denak. Eskola publikoa beste sare bat bailitzan aritzen gara sarritan, jabego pribatuko sareen pare ipintzen dugu. Baina gure hezkuntza sistema ez dute sare ezberdinek osatzen. Eskola publikoarentzat arrotza den sinbiosi batetan bizi dira ikastetxe pribatuak: bakoitzak berea defendatuz guztion ongizatearen gainetik, aniztasuna sustatu beharrean homogeneotasuna bilatuz, bezeroak erakartzeko lehian eta, marketin-politikak oinarri, norgehiagokan. Errotik baztertzaileak, beraz. Horiek guztiak, diru publikoz hornitzen dira gainera, eskola publikoak jasotzen duen finantziazioaren pare.
Gogoeta honetatik abiatu nahi izan dugu, iruditzen zaigulako gure herrian oso barneratuta dugun dialektika horrek eraman duela eskola publikoa dagoen egoera honetara. Adibidez, Covid19-ak sortutako anabasak agerian utzi ditu, berriro ere, Hezkuntza Sailaren jokabidea eta lehentasunak zeintzuk diren. Ikastetxeen autonomia izan da EAJk baliatu duen “tresna” Hezkuntza Sailari dagozkion ardurak bere gainetik kendu eta eskoletako langileen gain uzteko. Beharrizan eta helburu desberdinak dituzten ikastetxe guztientzat, publiko zein pribatu, errezeta berbera erabili du, eskola publikoa, beste behin, umezurtz utziz. Ardura gainetik kentzea eta hezkuntza sistema desarautzea helburu duen autonomia da hori, segregazioa handitu eta sistema pribatizatzea helburu duena. Horra hor EAJren eta PSEren lehentasunak.
Eta testuinguru horretan, langileek erantzun eredugarria eman dute, berriro ere. Gaitasuna, gogoa eta konpromisoa erakutsi dute haur eta gazteen hezkuntza eskubidea eta osasunaren alde lan egiten. Langileek soilik dakite zein den urteroko lan zama, garai hauetan bereziki. Haiek bakarrik dakite EAJren jarrera arduragabe eta tamalgarriaren ondorioz zer ari diren jasaten eta zer ari den gertatzen eskola bakoitzean egunez egun. Horregatik egin zuten greba. Irakasleek, Haurreskoletako hezitzaileek, Hezkuntza Laguntzako Espezialistek eta fisioterapeutek, sukalde eta garbiketako langileek...beren lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea dute. Lan eskerga eta zaila dauka Bildarratz sailburuak. Cristina Uriartek utzitako herentzia ez da batere xamurra.
"Ikastetxeen autonomia izan da EAJk baliatu duen 'tresna' Hezkuntza Sailari dagozkion ardurak bere gainetik kendu eta eskoletako langileen gain uzteko"
Osatu berri den EAJren eta PSEren gobernuaren lehentasuna hezkuntza lege berri bat onartzea da, hezkuntza publikoa aurrez aipatutako dialektika neoliberal horretan nahastuko duena, beste sare bat bailitzan. Denok omen gara zerbitzu publiko, eta Administrazioak hezkuntza eskubidea ikastetxe publiko zein itunduen bidez bermatuko omen du. Abiapuntu hori eskola publikoaren eraisketa da, egin daitekeen murrizketarik bortitzena, hezkuntza pribatizatzea alegia. Hala ere, aurreikusten dugu ohiko murrizketak ere ezarri nahiko dituela Urkulluren gobernuak. Beste hezkuntza eredu batetan sinisten dugunon elkarlanari esker, LOMCEri, Hezkuntza Legearen abiapuntua den Heziberriri eta murrizketei aurre egin genien. Negoziazioa, elkarrizketa eta adostasunak bilatzeko saiakeran jarraituko dugu, temati, esparru ezberdinetan. Horregatik, Ortuzarrentzat anti-todo garenok, gure anti-dotoa erabiliko dugu hezkuntza, osasungintza eta zaintza publikoen alde, gizarte justuago baten eta lan baldintza duinen alde: eragileen arteko elkarlana eta mobilizazioa. Horra hor anti-todoen anti-dotoa.
Amaitzeko, Jokin Bildarratzi akordiorako eta adostasunerako eskua luzatu nahi diogu. Abiapuntu bat, bakarra, nahiko genuke: eskola publikoa "beste bat" ez izatea, modu berezian ikastetxe publikoak zaintzea, baita bertako familia zein langileak ere. Eskola publikoa kudeatzeaz gain, zaintzea ere baitagokiolako Hezkuntza Sailburuari. Ekin diezaiogun.